Kidek 50. urteurrena ospatu du

Imanol Pradales lehendakariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera, Kideren ekoizpen planta bisitatu du 50. urteurreneko ekitaldi nagusian. MONDRAGONen integratutako industria kooperatibak 190 langile ditu, guztiak Berriatuan (Bizkaia).
Card image cap
2025/10/03

1975eko urtarrilaren 9an hasi zen Kide, Berriatuan (Bizkaia), Euskadiko Kutxaren bultzadaz. Sortzaileak Arrasateko Goi Eskola Politeknikotik eta Markinako Ofizialen Eskolatik zetozen gazteak ziren, eta gaur 50 urte bete dituen historia abiatu zuten.

Une gorenez eta kritikoagoez betetako istorioa. Joan-etorriak, merkatua irekitzeko saiakerak Indian eta egonaldi luzea Txinan. Mende erdi bat pertsona arrunten istorioz, pasadizoz, agurrez eta pozez beteta.

Gaur egun, Kide industria kooperatiba handia da, eta hozkailu integralak diseinatu eta egiten ditu. MONDRAGON Korporazioko kooperatiba bat da, proiektu sozio-ekonomiko sendo, berritzaile eta globala.

Berriatuko 8.000 m²-ko ekoizpen-instalazioetatik mundu osoko bezeroei ematen die zerbitzua, esportazio izaera nabarmenarekin, %50etik gora. Urtean 330.000 m² panel, 9.000 ate pertsonalizatu eta 2.800 hotz-ekipo fabrikatzen dira Kiden. Panel eta ate fabrikak eskariaren arabera egiten du lan %100ean, eta urtean 5.000 eskaera baino gehiago prozesatzen ditu.

Iragana, oraina eta etorkizuna

Kidek urte osoan zehar ospatu du 50. urteurrena, hainbat kirol ekitalditan parte hartuz eta Ondarroan eta Berriatuan ekitaldiak babestuz. Horrela, gaurkoa eta urriaren 4ko Familien Eguna izango dira oroitzapenezko ekitaldiei amaiera emango dietenak.

Gaur egin den ekitaldi instituzionalean Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da. Ekoizpen plantaren bisita gidatuarekin hasi da hitzordua.

Bisitaren ostean, erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza: Imanol Pradales, lehendakaria; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia; Ainara Basurko, Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatua; Pello Rodríguez, MONDRAGON Korporazioko presidentea; Urtza Alkorta, Ondarroako alkatea; eta Joseba Goienola, Berriatuko alkatea.

Erakundeetako ordezkariekin batera, Agustin Bengoetxea Kideko lehendakaria, Mario Lopez enpresako zuzendari nagusia, eta Leire Mugerza MONDRAGONeko Kongresuko presidentea izan dira.

Agustin Bengoetxea: "Krisiak aurrera egiten zuenean eta hemen etorkizunik ez zegoenean, kooperatiba industrialak funtsezkoak izan ziren eskualdeko herriek aukera bat izan zezaten"

Kide 50-7216.png

Pertsonak erdigunean

Agustin Bengoetxea kooperatibaren Kontseilu Errektoreko presidenteak eskerrak eman dizkie erakundeetako ordezkari guztiei 50. urteurreneko ekitaldian parte hartzeagatik, eta "kooperatibaren bereizgarri nagusia" nabarmendu du: "Gure pertsonak". Hala, eredu kooperatiboa giltzarri izan da Bengoetxearentzat Lea Artibai eskualdearen garapen ekonomikoan: "Krisiak aurrera egiten zuenean eta hemen etorkizunik ez zegoenean, kooperatiba industrialak funtsezkoak izan ziren Ondarroak, Berriatuak eta eskualdeko gainerako herriek aukera bat izan zezaten".

MONDRAGONeko presidenteak Kide zoriondu du urteurrenagatik: "Oso proiektu interesgarria duzue eta modu ikusgarrian egin duzue aurrera. Jarraitu lanean eta beti izango gaituzue alboan".

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak ziurtatu du Kide "denok bilatzen dugunaren" adibide argia dela: "Bizkaiko eskualde guztietan enplegua eta aberastasun soziala sortzen duen jarduera ekonomikoa sortzea. Bizkaiko Foru Aldundiak enpresen ondoan egon behar duela esaten dudanean, honetaz ari naiz: beren ingurunean enplegua eta aberastasun soziala sortzen duten proiektuen garapena babesteaz. Berriatuan, Lea-Artibain". Etxanobek gaineratu du ordezkatzen duen erakundearentzat "pozgarria izan dela Kideri bere eraldaketa- eta hazkunde-prozesuan laguntzea, Ekonomia Sustatzeko Saileko hainbat laguntza-programaren bidez, lau lehentasun estrategikotan oinarrituta: talentua, digitalizazioa, jasangarritasuna eta berrikuntza". Azkenik, Kidek ingurune sozialarekin duen konpromisoa eta, "modu oso berezian", euskararekin duzuen inplikazioa azpimarratu nahi izan ditu.

Imanol Pradales: "Hau da Euskadin praktikatzen dugun lehiakortasun eta ongizate eredua: enplegua eta aberastasuna sortzea pertsonaren eta komunitatearen hazkundearen zerbitzura"

Imanol Pradales lehendakariak Kide zoriondu du 50 urteko ibilbideagatik, eta kooperatibismoaren balioak azpimarratu ditu arrakastaren oinarri gisa: "Hau da Euskadin praktikatzen dugun lehiakortasun eta ongizate eredua: enplegua eta aberastasuna sortzea pertsonaren –ez norbanakoaren- eta komunitatearen hazkundearen zerbitzura". Era berean, Pradalesek nabarmendu du erakunde publikoek, enpresek bezala, "arriskatu" egin behar dutela: "Horregatik aurkeztu dugu Euskadi Eraldatzen 2030 ekimena, gure herriaren hazkundean funtsezkoa izango delakoan. Gainera, ikerketa eta garapenerako Hazitek laguntzak indartu ditugu. Eta duela hilabete batzuk industria kooperatibak bultzatzeko funts berri bat jarri genuen martxan". Eta adierazi du: "Duela 50 urte bezala, ziurgabetasun garaian, indartuta aterako gara".

Kide 50-6484.png

Ekitaldi hunkigarria eta dinamikoa

EITBko Nerea Reparaz kazetariak aurkeztutako ekitaldian, Fanny Desk duetoaren musika emanaldia izan da. Gainera, 50. urteurrenaren oroimenezko bideoez eta bideo korporatiboez gozatzeko balio izan du ekitaldiak.

Hotz ganberak