FLL Euskadi-MONDRAGONek jauzi kualitatiboa emango du 2026an, Arrasaten eta Bilbon ospatuta

Hazkunde honek erronka berri bat dakar: boluntario sarea handitzea. Urtero, 300 ikasle eta 100 boluntario baino gehiagok hartzen dute parte ekitaldian.
2025/10/14

Datorren otsailaren 28an izango da First LEGO League Euskadi-MONDRAGON torneoaren finala, eta berritasun gisa, bi egoitzatan ospatuko da lehenengoz, Arrasaten eta Bilbon. Hala, etorkizuneko talentuaren garapenarekiko konpromisoa indartuko du MONDRAGONek, hazkunde honek gazte gehiagorengana iristeko eta proiektua Euskal Herri mailan sendotzeko aukera emango du.

FIRST LEGO League (FLL) Euskadi-MONDRAGON gazteei zuzendutako nazioarteko hezkuntza-programa bat da, haien artean STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) bokazioak pizteko helburua duena. Bertan, dozenaka taldek LEGO piezekin robot bat diseinatu, eraiki eta programatzen dute, erronka ezberdinak gainditzeko. Gainera, mundu errealeko arazo bati irtenbidea ematen dion berrikuntza-proiektu bat garatzen dute, sormena eta talde lana oinarri hartuta

Boluntarioak behar dira

Hazkunde honek erronka berri bat dakar: boluntario sarea handitzea. Izan ere, urtero, 300 ikasle eta 100 boluntario baino gehiagok hartzen dute parte ekitaldian, eta, berritasun honek ikasle gehiago erakarriko dituela aurreikusten denez, ezinbestekoa izango da 100 boluntarioren langa aise gainditzea. 

Beraz, etorkizuneko talentua bultzatuko duen jaialdi hau posible egiteko, profesional eta pertsona konprometituak behar ditu FLL Euskadi-MONDRAGONek bi egoitzetan. Datozen asteetan iragarriko du boluntario moduan izena emateko bidea.

MONDRAGONen Konpromisoa

Ekimen hau MONDRAGONen balio kooperatiboekin erabat lerrokatuta dago: talde lana, berrikuntza eta komunitatearen garapenarekiko konpromisoa. Horren adierazle da proiektuak Mondragon Unibertsitatearen, Korporazioaren eta hainbat kooperatiben (Ausolan, Danobatgroup, Fagor, Ikerlan, Laboral Kutxa, LKS Next…) babes zabala duela, baita Arrasateko Udalarena ere.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa