“Erronka nagusiena da LagunArok kooperatibentzat, mutualistentzat eta pentsiodunentzat zentzua izaten jarraitzea”

Luis Mari Ugartek (Bergara, 1963) merezitako txalo zaparrada jaso zuen martxoaren 28an egindako erakundearen azken batzar nagusian. Datorren hilean, uztailean, emango dio amaiera bere ibilbide profesionalari LagunAroko buru 13 urtetan izan ostean.
Card image cap
2023/06/19

Estilo propioarekin, sinpletasunean, zintzotasunean, apaltasunean eta hurbiltasunean oinarrituta, lanerako gaitasun erraldoiarekin, eta LagunAroren inguruko kontuak erraz eta ulertzeko moduan azaltzeko berezko trebetasunarekin Luis Marik erakundea garai berrietara egokitzen jakin du. Gainera, Ugarteri egokitu zaio azken urteotako egitura erreforma garrantzitsuenak kudeatzea: hala nola, 2010eko pentsioen sistemaren berrikuspena; prestakuntzen egokitzapena -alarguntasuna, ezintasun iraunkorra edo genero indarkeria-; Fagor Etxetresnen krisiaren ondoriozko birkokapenen kudeaketa; eta erakundearen inbertsioei eragiten dizkieten finantza merkatuen gorabehera etengabeak. Eta hori guztia gutxi balitz, orain aldarrikatzen dabil gobernuak autonomoen kotizazioan egin berri duen erreforman LagunArok ere lekua izatea. Lekukoa Carlos Mazari utziko dio, eta honek gidari lanak egingo ditu irailaren 1etik aurrera.

Has gaitezen gaurkotasunetik. Nola doaz gure ereduak gobernuaren erreforman - autonomoen kotizazioena- lekua izateko negoziazioak? LagunAro proiektua arriskuan dago?

Egia esan, urrats garrantzitsuak eman dira. Gobernuaren (Gizarte Segurantza) hasierako erabakia zen une honetan ez zegoela urratsik eman beharrik honakoa arrazoituta: erreforma denboran pixkanaka aplikatzen denez eta guk gutxieneko oinarrien arabera kotizatzen ez dugunez, 2023-2025 epealdian, orain arte zehaztutakoan, bere eragina txikia izango zela. Hortaz, LagunAroren ereduaren egokitzapena epealdi hori ixtean aztertu beharko litzateke, 2026tik aurrera emango diren pausoak zehazten direnean.

Gure planteamendua hasieratik izan da gure pentsio ereduak duen berezitasuna hasiera-hasieratik aitortzea, nahiz eta intzidentzia berehalakoa ez izan; beste esparru batzuetan aldi baterako ezintasuna eta enplegurako laguntza kasu aitortuak diren moduan. Kudeaketa ugariren ostean, Gobernua mugitzen hasi da eta ekonomia soziala sustatzeko lege proiektuan kokatu nahi du, zeinek Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean aldaketa ezarri eta LagunArok duen estaldura eredu mistoari aitortza egin eta babestuko duen ezarriko diren mugen barruan; horretarako, zenbait azterketa egingo ditu 2024ko abenduaren 31 aurretik. 

Elkarrizketa asko izan ondoren, Gobernuak pauso bat eman eta Gizarte Ekonomia Osotasunean Bultzatzeko Legearen aurreproiektuan Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren aldaketa bat egin zuen. Aldaketa horren bidez, LagunAroren estaldura mistoaren eredua onartu eta babesten zen, beti ere 2024ko abenduaren 31 baino lehen egin beharreko inpaktu azterketen arabera ezartzen diren mugen barruan.

Zoritxarrez, udal hauteskundeen ondoren, Gobernuko presidenteak iragarri du hauteskunde orokorrak deituko direla eta gorteak desegingo direla. Hori dela-eta, legealdi honetan lege bilakatzea espero zen lege proiektu hau geldirik geratuko da, gainerako ekimen guztiak bezala.

Hori dela eta, legebiltzar eta gobernu berria osatu ondoren. elkarrizketak berrartu beharko ditugu.

“Hauteskunde orokorretarako deialdi berriaren ondorioz, parlamentu eta gobernu berria osatu ondoren elkarrizketak berrartu beharko ditugu”.

Nola baloratzen dituzu 13 urte hauek erakundearen zuzendaritzan? Hitz egiguzu une kritikoez –izan baduzu– eta poztasun pertsonaletaz.

Mundua asko aldatu da 13 urte hauetan, eta zer esanik ez testuinguru ekonomikoan eta finantza merkatuetan. 2008ko finantza krisi handitik abiatuta, euroaren krisia, pandemia eta Ukrainako gerra ere bizitzea egokitu zaizkigu, merkatuei eta inflazioari gogor eragin dietenak.

Baina une bereziki gogor bat nabarmendu behar badut, 2013ko Fagor Etxetresnen hondoratzea izan zen eta horrek ekarri zuen guztia. Egun batetik bestera lan gabe gelditu ziren bazkide guzti horiei irtenbidea eman beharra.

Oso une zailak izan ziren, tentsio handikoak eta lan handikoak. Horrek ekarri zuen arauak egokitu eta haien interpretazioa malgutu behar izatea, ordura arte bizi izan ez genuen testuinguru berri bati erantzun egokia emateko.

Baina, aldi berean, aitortu behar dut izugarri poztu ninduela urte horretako abenduan LagunAroren ezohiko Batzar Nagusian aurkeztutako neurriei kooperatiba guztiek emandako babesak, zein kaltetutako bazkideek eta birkokapenak egin zituzten kooperatibek izandako erantzunek.

Ugarte02.jpg

LagunAro eta bere prestazioak


Mutualistei eta onuradunei buruz duzuen informazioagatik, zer baloratzen da gehien LagunArok ematen dituen zerbitzuez?

Hori pertsona bakoitzaren bizi etaparen eta bizitzea egokitu zaion egoeraren araberakoa da.

Oro har, asko baloratzen dugu osasun laguntzaren prestazioa, zerbitzu bereizia, arina eta kalitatezkoa delako, eta une kritikoetan sartzeko malgutasuna eta erantzuteko azkartasuna ematen digulako.

Baina, egiturazko itxiera edo doikuntza prozesuetatik igaro behar izan duten kooperatibetako pertsonei galdetzen badiegu, zalantzarik gabe erantzungo digute gehien baloratzen dutena enplegurako laguntza prestazioa eta birkokapen zerbitzua direla. Uste dut prestazio berezia dela, beste edozein estaldura sistema publiko edo pribaturen aldean balio bereizgarria gehitzen duena, eta, gainera, espiritu kooperatiboaren berezko printzipio eta balioen isla onena dena, hala nola konpromisoarena eta elkartasunarena.

Eta, logikoa denez, erretirora hurbiltzen garen heinean, prestazio horri balioa ematen hasiko gara. Izan ere, horrek bermatuko ditu gure diru sarrerak gure lan etapa amaitu ondoren. Zalantzarik gabe, finantzaketarako baliabide gehien behar dituen prestazioa da. Eta kudeatzen zailena, bere denbora epe zabalagatik eta horretan eragina duten aldagai ugariengatik: bizi-itxaropena, inflazioa, interes-tasak, merkatuak…

Zerk kendu dizu loa gehiago 13 urte hauetan: langabeziak, absentismoak edo pentsioek?

Enplegurako Laguntza eta pentsioak ziurgabetasun handiko prestazioak dira, eta, beraz, gehien kezkatu nautenak. Bi kasuetan, gure gain hartutako arriskuak mugatzen saiatu gara, eta prebentzio-mekanismoak ezartzen, zailtasun-testuinguruei berme handiagoekin aurre egin ahal izateko (Enplegurako Laguntza Funtsa lehenengo kasuan, eta Kaudimen-marjina bigarrenean).

Bestalde, krisi-testuinguruen kudeaketari dagokionez, enpleguaren kasuan, ezin dut ahaztu Fagor Etxetresnen beherakadak ekarri zuen shocka. Oso une gogorrak izan ziren. Baina, gogogabetasunean erori beharrean, kooperatiben laguntzarekin, eskura genituen mekanismo guztiak aktibatu, baita testuinguruari aurre egiteko beharrezkoak ziren finantza-baliabideak ere, eta horri esker, krisiari aurre egin ahal izan genion, aurre-erretiroen eta birkokapenen bidez.

Pentsioei dagokienez, finantza-merkatuen eta inflazioaren bilakaeraren aldakortasunak etengabeko presioa eta tentsioa sortzen du, eta, logikoa denez, areagotu egiten da krisi-testuinguruetan, hala nola 2008an, 2020an edo, hurbilago, 2022an (horrek behartu gintuen lehen aldiz gure araudian aurreikusitako doikuntza-mekanismoak aktibatzera, epe ertain-luzerako ereduaren bideragarritasuna defendatze aldera).

Esan dezagun LagunAro gaur egun erakunde “hibridoa” dela, eta bertan MONDRAGONeko kooperatibak ez diren beste batzuekin bizi direla. Nola kudeatzen da egoera hori?

Naturaltasun osoz. LagunAro eta MONDRAGON erakundeek beren eskumen-eremuak dituzte, eta LagunArori eragiten dioten erabakiak modu demokratikoan hartzen dira LagunAroko organoetan, kooperatiba edo kooperatiba-komunitate bakoitzari dagokion ordezkaritzaren arabera. Y debo decir que, además, que en el Consejo Rector de LagunAro, normalmente, las decisiones se adoptan con un alto grado de consenso.

Zeintzuk dira erakundearen etorkizuneko erronkak?

Erronka nagusia da LagunArok zentzua izaten jarraitzea kooperatibentzat, mutualistentzat eta pentsiodunentzat. Horrek eskatzen du hurbileko erakunde gisa hartzen jarraitzea, beren beharrei erantzuten diena eta balio bereizgarria ematen diena. Erraz esaten den zerbait, baina hain erraz betetzen ez dena.

Lehenik eta behin, erakunde publikoek eta indarrean dauden arauek gizarte aurreikuspen mutualista bakar honen berezitasuna aitortzea eskatzen du. Uste dut azken urteotan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla arlo horretan, baina etorkizunean ere ahalegin handiak egin beharko dira, munduak, eta batez ere gizarte segurantzak, gero eta joera handiagoa baitu homogeneizatzeko.

Bigarrenik, erakunde arina, hurbila eta gardena izaten jarraitu behar dugu, gure mutualistek eta pentsiodunek hala sentitzen jarraitu dezatela.

Azkenik, beste edozein erakundetan bezala, esleitu zaizkigun eremuak ondo kudeatu behar ditugu, eta hartutako konpromisoei erantzun behar diegu. Gure kasuan, elementu bereizgarria da pentsioei dagokionean batez ere epe luzerako konpromisoak direla, eta horrek kudeaketan ‘presio’ handiagoa eragiten du; izan ere, nahiz eta denok dakigun bizitzea egokitu zaigun mundua gero eta ziurgabetasun maila handiagoaren mende dagoela, beste alde batetik, eta agian horregatik, segurtasuna eskatzen dugu.

Erronka horiei aurre egiteko, lanean jarraitu beharko dugu proiektuarekiko konpromisoa eta kooperatiba balioak dagozkien kudeaketa eta zerbitzu eremuetan profesionaltasunarekin eta bikaintasunarekin uztartzen dituzten pertsonak txertatzen eta garatzen. 

Ugarte03.jpg 

Motzean

“Jaso dudan guztiaren zati bat eman izana espero dut”

Gauzak oso ondo azaltzen dituzunez, nola azalduko zenieke LagunAro zer den afrikar tribu bati edo estralurtar koadrila bati?

Kooperatibetan elkartutako pertsonen arteko akordio handi baten emaitza dela esango nieke. Akordio horren bidez, pertsona guztiek dituzten beharrak eta arriskuak, oraingoak eta etorkizunekoak, kudeatu nahi dira. Eta pertsona eta erakunde kooperatibo horiek erabakitzen dutela, modu demokratikoan, bete beharreko beharrak, estaldura maila eta behar horiek finantzatzeko modua.

“LagunArok modu esanguratsuan laguntzen du gure kooperatiben eta bazkideen kohesio sozialean”

Eta zerk bereizten gaitu beste BGAE batzuetatik?

Alde batetik, kooperatibek eta kooperatibistek osatzen dutela beren kolektiboa, eta horrek ikuspegi partekatua errazten duela; eta, bestetik, pentsioen eremua ez ezik, gizarte prestazioen estaldura osoa ere jorratzen dugula (osasun laguntza, enplegurako laguntza, aldi baterako ezintasuna). Horregatik, erakunde berezia da, gainerako BGAEetatik oso desberdina, ez bakarrik bere jarduera eremu zabalagoagatik, baizik eta gure kooperatiben eta bazkideen kohesio sozialean modu esanguratsuan laguntzen duelako.

Absentismo-tasak (%7,0) badu konponbiderik?

Izan behar du, baina ez da batere erraza izango, testuinguru orokorrak (gizartearen kultura eta balioak, osasun-sistema publikoen egoera, osasun-profesionalak kontratatzeko zailtasunak…) ez baitu laguntzen. Aurten tasa hori %6ra jaisteko helburua jarri dugu. Horretarako, LagunArok eta kooperatibek modu koordinatuan lan egin behar dugu, prozesuak fase goiztiar batetik kudeatuz eta prozesuak behar baino gehiago ez luzatzeko aukera emango duten laguntza-bitartekoetarako sarbidea erraztuz eta arinduz.

Zer ekarpen egiten dio MONDRAGONek LagunArori? Lagun batek esan dit MONDRAGON txikiagoa bada, zalantzazkoagoa dela LagunAroren etorkizuna. Arrazoia dauka?
Uste dut, beste kontu batzuez gain, MONDRAGONek kooperatiba markaren irudia ematen digula, eta horrek ate asko irekitzen dizkigula, batez ere kudeaketa politiko eta instituzionalaren esparruan. Alderdi hori oso garrantzitsua da LagunArorentzat, duela gutxi egiaztatu den bezala. Ez bakarrik esperientzia kooperatibo honen parte gisa aurkezteak dakarrenagatik, baizik eta Korporazioko pertsonek kudeaketa horietan ematen diguten laguntzagatik.

MONDRAGONek kooperatiba markaren irudia ematen digula, eta horrek ate asko irekitzen dizkigula, batez ere kudeaketa politiko eta instituzionalaren esparruan.

Erakunde modernoa al da LagunAro?

Agian ez naiz galdera horii erantzuteko pertsonarik objektiboena. Pentsatu nahi dut baietz, ahalegin handia egin dugula eta egiten jarraitzen dugula behar berrietara egokitzeko, bai zentzu erreaktiboan (lege-aldaketetara egokituz), bai proaktiboan (hautemandako behar berrietara egokituz).

Era berean, gardentasuna hobetzen saiatu gara, kooperatiba, mutualista eta pentsiodun guztiengana iristen saiatuz, teknologia berriek ahalbidetzen dizkiguten aukeren bitartez, eta hain teknikoa ez den eta errazagoa den mezu batekin. Hori bai, jakitun izanik kolektiboen ezagutza oso desberdina izan daitekeela eta ez dela erraza berez konplexuak diren errealitateak modu erraz eta hurbilean azaltzea.

Gardentasuna hobetzen saiatu gara, kooperatiba, mutualista eta pentsiodun guztiengana iristen saiatuz, teknologia berriek ahalbidetzen dizkiguten aukeren bitartez, eta hain teknikoa ez den eta errazagoa den mezu batekin.

Pertsonalki, zer eman dizu LagunArok?

LagunArok eta, oro har, esperientzia kooperatiboak pertsona apartak ezagutzeko eta pertsona eta profesional gisa garatzeko aukera eman didate. Uste dut, zentzu horretan, zorionekoa izan naizela, esperientzia batean lan egiteko zortea izan dudalako, eta esperientzia horren printzipioekin eta balioekin erabat identifikatzen naizelako. Eta, gainera, LagunAron, printzipio eta balio horiek ondoen islatzen diren kooperatiben arteko erakundean. Era berean, aukera eman dit analisi ekonomikoa eta soziala, epe luzerako ikuspegia eta makroekonomiaren eta finantza merkatuen ezagutza uztartzen dituen eremu batean garatzeko, hasieratik erakargarriak zitzaizkidalako eta nire profilarekin bat datozela uste dudalako.

Uste dut, zorionekoa izan naizela, esperientzia batean lan egiteko zortea izan dudalako, eta esperientzia horren printzipioekin eta balioekin erabat identifikatzen naizelako.

Gako pertsonalean

“Ez dut etorkizun hurbilerako plan zehatzik”

Zergatik erretiratzen zara hain gazte (60)? Planifikatuta zenuen?

Aspalditik nuen pentsatua eta adostua nire emaztearekin; beraz, uste dut ezagutzen nauen inor ez dela harritu. LagunAroko Kontseilu Errektoreak ere bazekien, nire agintaldiaren azken berrikuntzari buruz hitz egin zen.

Zertan arituko zara hemendik aurrera?

Ez pentsa oso argi daukadanik zer egingo dudan; izan ere, lan-esparruan oso planifikatzailea naizela uste badut ere, horretarako ez daukat plan zehatzik, nire burua oraindik ez baitago fase horretan. Topikoekin erantzungo dut, hau da, behar adina denbora eman ezin izan ditudan gauzak egin ahal izango ditut: bidaiatzea (ez da beharrezkoa oso urrutira joatea), inguru hurbila hobeto ezagutzea, irakurtzea, zinemara, antzerkira, kontzertuetara joatea, eta oraindik erabakita ez ditudan jarduera sozial batzuetan parte hartzea.

Bide batez, paseoaren zale amorratua zara, aholkurik? Bereziki gomendagarria den ibilbiderik?

Asko gustatzen zait mendi berdea eta itsasoaren konbinazioa (paseoak kostaldean). Eta aukera asko daude, horietako batzuk oso hurbil, hala nola Getxo-Sopela-Barrika-Plentzia pasealekua, Deba-Sakoneta-Zumaia flytch-aren ibilbidea, Jaizkibelgo kostaldea, bereziki Labetxu ingurua (koloreen harana), edo Hendaia eta Donibane Lohizune arteko kostaldeko pasealekua. Eta barrualdeko paseoak nahi baditugu, Arabak eta Nafarroak hamaika aukera dituzte.

Badakigu maisu handiak izan dituzula zure ibilbide profesionalean. Nabarmenduko zenuke bereziki markatu zaituen pertsonaren bat?

Asko eta onak izan dira, eta, beraz, ez da erraza pertsona batzuk izendatzea eta beste batzuk ez aipatzea. Nire lehen lan-etapari erreparatzen badiot, horrexek uzten baitu ziurrenik aztarna gehien, José Mª Ormaechea (energia, ikuspena, konpromisoa), José Ignacio Gárate (zentzutasuna, neurritasuna, oreka) eta Jesús Goienetxe (positibismoa, konfiantza) nabarmenduko nituzke.

Irakasle bezala ikusten zaitut unibertsitatean. Ba al duzu etete-klausularik?

Ez dut neure burua jarduera egonkor edo estrukturaltzat ikusten, baina ez dut baztertzen alor horretan noizbehinkako jardueraren bat egitea, norbaitek balioa eman dezakedala uste badu eta materiak erakartzen banau.

Nola baloratzen duzu Esperientzia Kooperatiboan eman duzun denbora?

Lehen esan dudan bezala, oso harro nago esperientzia horretan parte hartu izanaz, zoragarria iruditzen baitzait. Baina kontua ez da soilik jasotzea, baizik eta gure esku dagoena egitea ekarpenak egiteko, esperientzia hori garatzen jarraitu ahal izateko, belaunaldi berriei eta gizarteari guk kooperatibisten lehen belaunaldietatik jasotzen duguna baino ondare hobea utziz.

LagunAro: etorkizuneko erronkak

Ugarteren iritziz, LagunAroren erronka nagusia proiektuak kooperatibentzat, mutualistentzat eta pentsiodunentzat zentzua izaten jarraitzea da. Horrek hurbiltasuna, erantzun eraginkorrak eta balio diferentziala eskatzen ditu.

Era berean, erakunde publikoek eta indarrean dauden arauek gizarte-aurreikuspen mutualista esperientziaren honen berezitasuna aitortzea eskatzen du.

Gainera, entitate arina, hurbila eta gardena izaten jarraitu behar du, mutualistek eta pentsiodunek horrela konsideratzen jarrai dezaten. Eta arrakastaz kudeatu bere arloak eta hartutako konpromisoak.

Autonomoen kotizazio-erreformari dagokionez, Ugartek adierazi du “gobernuak dagoeneko mugitu duela fitxa LagunAroren estaldura mistoaren eredua aitortzeko eta zaintzeko”. “Gaia ez dago oraindik itxita, baina aurrerapauso garrantzitsuak eman dira” gaineratu du.

Kooperatibisten babes soziala