“Erabaki dugu gizarteari begira eredu eta eragile izan nahi dugula, baita euskararen arloan ere”

Euskara Kudeatzeko politika orokorra onartu du Ulma Taldeak. Horren inguruan, sakon eta zabal aritu gara Raul Garciarekin, Ulma Taldeko lehendakariarekin.
Card image cap
2018/06/20

Euskararen erabilera sustatzeko planek eta euskararen kudeaketak soka luzea daukate ULMA Taldean. 14 urte dira euskara planak abian jarri zirenetik; harrotasunez, arduraz, gorabeherekin, une gazi-gozoekin... baina beti ere aurrera eginez. Orain, hamalau urteren ondoren, eta ia urtebeteko prozesuari amaiera emanez, Euskara kudeatzeko politika orokorra onartu du ULMA Taldeak. Politika orokorrak norabide bat finkatu du, marko orokor bat helburu nagusi batekin: ULMAn lan hizkuntza euskara izatea. 

"Helburua besteko garrantzitsua izan da, ordea, prozesua bera"

Helburua besteko garrantzitsua izan da, ordea, prozesua bera. Planteamendu irekia izan du, parte-hartzailea, Taldea osatzen duten kooperatiba guztien ekarpenekin eta alderdi exekutiboaren babes zuzenarekin. Izan ere, bai Taldeko lehendakari Raul Garciak eta baita zuzendari nagusi Iñaki Gabilondok zuzen-zuzenean esku-hartu dute prozesu eraikitzailean. “Emaitzarekin pozik bagaude ere, prozesuak berak eskaini dizkigu orain arteko berrikuntzarik handienak”.

Onartu duzue Euskara Kudeatzeko politika orokorra. Urte askotako emaitza da?

Hamalau urteko ibilbidearen ondoren, politika orokorreko irizpideak idazteko garaia iritsi dela erabaki dugu. ULMAren hizkuntza politika orokorra idaztea izan da helburua eta prozesu parte-hartzailean (100 lagun inguruk parte hartu dute) egin dugu. Hausnarketa ULMA Taldeko Euskara Batzordean aktibatu da, eta handik ULMAko kooperatibetako Euskara Batzordeetara egin dugu jauzia. Ondoren, Taldera bideratu dugu berriro hausnarketa prozesua, ULMAko kooperatiba guztietako lehendakariek ere parte hartuz. Horretaz gain, ULMA Taldeko Motibazio taldeak eta ULMA Taldeko Euskarazko IKTeroen taldeak ere parte hartu dute.

"Azpimarratzekoa da zuzendari nagusiak ere parte-hartze aktiboa izan duela prozesuan eta alderdi exekutiboa inplikatuta ikustea oso garrantzitsua izan da"

Politika Orokorra galdera mamitsuei erantzuten saiatzen da, ezta?

Zein izan behar da euskararen misioa ULMAn? Zein hizkuntza politika jarraitu behar dugu? Eredu izan behar dugu? Eraikitzaile izan behar dugu? Galdera askori erantzuten saiatu gara prozesuak iraun duen bitartean. Orain, ni neu lehendakari moduan eta Iñaki Gabilondo, zuzendari nagusi lez, ULMAko Batzar Nagusi guztietan aurkezten ari gara.

Zeintzuk dira politika orokorra definitu dituzuenean ateratako konklusio nagusiak?

Gure araudian, Talde moduan, POGU izeneko txostena daukagu (ULMA Taldearen Antolakuntza Proiektua) eta bertan dago jasota gure ardura dela euskararen erabilera sustatzea eta bultzatzea. Hala, EMUNek animatuta egin dugu prozesua eta sortu dugu dokumentua. Marko orokorrak balioko du ULMAko kooperatibok euskararen arloko erabakiak hartzerakoan irizpide berberak edukitzea. Zoru komuna da. Guztion onurarako eta hizkuntzaren erabileraren onurarako sortu da eta hori da konklusio nagusia.

Hitz egin dezagun prozesuaz. Nolakoa izan da?

Ulertzen genuen prozesuaren emaitza oso garrantzitsua izango zela, baina baita prozesua bera ere. Besteak beste, alderdi exekutiboak hasieratik prozesuarekin bat egiteak sekulako bultzada eman dio. Lehenengo mailako arlo moduan tratatu dugu, Taldeko presidenteak eta zuzendari nagusiak parte hartu dugu, era aktiboan gainera, eta zuzendariak eman digun babesa oso inportantea izan da ULMAko aktore guztien inplikaziorako. Guztira 100 bat lagun aritu gara, IKT taldekoak, Motibazio taldekoak, Euskara Batzordeetakoak, lehendakari eta zuzendari nagusia, eta horrek ere babes izugarria eskaintzen dio. haritza (1)

Irudi edo marka bat ere sortu duzue, etorkizunean hedapenean laguntzeko.

Halaxe da, bai. Haritz koloretsua da irudi printzipala eta esaldi borobila sortu dugu. ‘Haritza, ULMAn har ezazu hitza’. Haritza ondo errotuta dagoen arbola da eta gure hizkuntza ere ondo sustraituta dago ULMAn. Beraz, sinbolo ezin-hobea da erakusteko gure hizkuntza euskara dela. Ukitu modernoak ere baditu; komikietan erabiltzen diren bokadilo koloretsuek –haritzaren hostoek- kooperatibak ordezkatzen dituzte, alegia, negozio bakoitza ordezkatzen dute. Parte hartzera gonbidapena da, har ezazu hitza, har ezazu parte...

Aitzindari izaera baduzue ULMAn, eta orain eredu ere bilakatu zarete.

Talde handia gara, zortzi kooperatiba eta bederatzigarrena bidean. Talde-kultura, kohesioa, arlo sozialean aktibo... eraldaketa sozialaren parte da euskara eta halaxe izan da betidanik. Aspaldi ekin genion eta gaur egun eredu bilakatu nahi dugu gure esperientzia. Ez bakarrik beste kooperatiba batzuen aurrean, erabaki dugu gizarteari begira ere eredu izan nahi dugula, eredu eta eragile. Ez dugu geratu nahi gure eraikin dotoreen barruan, kanpora begira ere lan egin nahi dugu. Oñatiko Udalarekin, Debagoieneko beste eragile batzuekin... Eragile bat gehiago izan nahi dugu, eta euskara lehen mailara ekarri. Azken finean, euskararen marko orokorra eredu da, eta beste arlo sozial guztietan antzeko marko orokorrak ezarri beharko genituzke.

Aspaldi ekin genion eta gaur egun eredu bilakatu nahi dugu gure esperientzia.

Arlo pertsonalean ere zuretzat inportantea da, ezta? Zure lanaren aitortza dela esango zenuke?

ULMA Eraikuntzan hasi nintzen euskararen sustapenarekin eta sekulako bultzada eman genion. Urteekin, Eraikuntzako eredua taldera ekarri dugu eta EMUNek marko orokorraren aldeko apustua egin zuenean, argi ikusi nuen. Ez dugu soilik erabilera sustatu behar, erabilera egokia baizik. Eta horretan ari gara. Niretzat, ikuspegi pertsonaletik, presidente izateari utziko diot laster eta etapa baten amaierarako proiektu borobila da. Pozgarria.

Eta aurrera begira, zer?

Inplementatu behar dugu ULMA Taldean, organo eta batzordeetan. Taldean landu dugu eta berme guztia dugu kooperatibetan ezartzeko. Datozenei eman behar diegu lekukoa. Lehendakari berri asko dago eta berri horien olatuari hondarrera iristen lagundu behar diogu.