Irakurriena
- 1. Berrikuntza eta Teknologiako Bilkura egin du aurten ere MONDRAGONek
- 2. MONDRAGON Hospitality Summit: sektore soziosanitarioa hizpide
- 3. Nerea Aranguren: “Konfidantza sortu, nor garen egiaz kontatu eta gazteei egitasmo humanistak eskaini behar dizkiegu”
- 4. Aliantza estrategikoa egin du Fagor Ederlan Groupek Duoli Automotive Technology txinatarrarekin
- 5. AMETS Power Electronics sortu dute MONDRAGONek eta Artechek potentzia-elektronika sustatzeko
- 6. Coprecik bere identitate korporatiboa berritu du
Recordamur vos!
MONDRAGONek iaz sustatutako Humanity At Music-Sinfonia kooperatiboa egitasmoan parte hartu zuten aipatu hiru abesbatzak berriro elkartu dira elkartasun proiektu honetan. Helburu argiarekin gainera: COVID-19aren biktima guztiak omentzea. Abestia requiem bat da, koronabirusaren eraginez hildako guztiei eskainitako omenaldi bero bat, bereziki hil diren adineko pertsonak gogoratzeko sortutakoa. Alegia, alarma egoeraren ondorioz, heriotzari bakarrik aurre egin behar izan dioten pertsona horientzako eta haien familientzako elkartasun abestia. Agur kanta bat da, hildako guztiei agur esateko era hunkigarria eta familia guztiei babesa eskaintzeko modu bat.
Abestiaren grabazioan Aretxabaleta Abesbatzako, Goikobaluko eta Iubilo Bilbao Abesbatzako abeslariek esku hartu dute, guztira 100 pertsona inguruk, eta guztiek euren etxebizitzetan egin dute bakoitzak bere grabazioa. Ondoren, abesbatzetako kideek grabatutako piezak batu, musika zein irudiak editatu eta requiem kantuaren ikus-entzunezkoa sortu da.
Proiektuak euskal kulturako zenbait kolaboratzaile ere izan ditu: besteak beste, Jon Maya dantzaria (Kukai Dantza Taldea), Maite Olmos piano-jolea, Ernesto Maestro musika ingeniaria eta Arteman Komunikazioa. Era berean, eskertzekoa da proiektuan inplikatu diren hiru abesbatzetako koordinatzaileek eginiko lana: Mariatxen Urkia, Iñaki Maidagan eta Igone Arteagabeitia. Abestiaren hitzak Jon Sarasuak idatzi ditu eta obra zuzendaria Fernando Velazquez konpositore getxoztarra izan da.
Finean, hainbat kultura eragileren, artista ugariren eta bestelako agenteen arteko interkooperazio proiektua izan da, oroitzeko eta omentzeko, elkartasunetik eta gertutasunetik, pandemian hil diren guztiak.