Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
Mondragon Unibertsitateko ikasleak 'World Star Student Awards' sarietan
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Industri Diseinuko Ingeniaritza Graduko ikasle-talde batek Liderpack 2023 saria irabazi du, Gazte Diseinuaren kategorian. Ondorioz, ikasle horiek Estatuko ordezkariak izango dira World Star Student Awards lehiaketan. Ward Packaging Organization erakunde ospetsua da nazioarteko lehiaketa horren antolatzailea.
Proiektu saridunak «Magma» du izena, eta egileak Natale Armendariz Beguiristain (Ordizia), Maider Armentia Viteri (Getxo), Oier Bengoetxea Galdona (Gamiz-Fika) eta Itziar Sanchez Ocen (Getxo) dira. Proteina-pote bat da, diseinu erakargarri, ergonomiko eta metagarria duena. Ezaugarri horiek bermatu egiten dute haren jasangarritasuna eta banatzeko erosotasuna. Izan ere, berriz betetzeko ontzi zeharrargi eta monomateriala da, % 100 plastiko birziklatuz eta birziklagarriz egina, estetikaren aldetik minimalista eta erraz metatzeko aukera ematen duena. Ahokadura bidez ixten da, koilaratxoa estalkian integratua du eta forma ergonomikoa du.
Proiektu saridunak «Magma» du izena, eta egileak Natale Armendariz Beguiristain (Ordizia), Maider Armentia Viteri (Getxo), Oier Bengoetxea Galdona (Gamiz-Fika) eta Itziar Sanchez Ocen (Getxo) dira
«Ilusio handia egin digu sariak, eta poz-pozik gaude taldekide guztiok; izan ere, oso jende gutxik lortzen du horrelako zerbait, eta litekeena da lorpen hori gure curriculumean lagungarri izatea lana bilatzeko orduan», adierazi du Oier Bengoetxea talde irabazleko kideak —laugarren mailan dago—. «Oso giro atsegina izan dugu taldekideok diseinu-prozesu osoan zehar; beraz, erraza izan da lan egitea. Nahiz eta hasieran asko kostatu zitzaigun produktuari itxura ematea, entregatutakoan pozik gelditu ginen emaitzarekin», erantsi du, eta ikasgelan nota ona lortzea espero zutela aitortu badu ere, «ez genuen uste maila horretako lehiaketetan halako harrera izango zuenik», onartu du.
Esan beharra dago, orain lortu duten aitortza ez dela lehena. Joan den ekainean accesit bat lortu zuten «Magma» proiektuarekin, Bilgarri eta Enbalajearen Berrikuntza Klusterrak Valentzian antolatutako Bilgarri eta Enbalajearen Sari Nazionalen XIV. edizioan. Horrez gain, publikoaren sari berezia ere lortu zuten lehiaketa horretan.
Ospea eta aintzatespena
Mondragon Unibertsitateak 25 urteko ibilbide sendoa du Industria Diseinuko ingeniariak prestatzen. Horren erakusgarri dira unibertsitateko ikasleek nazioko eta nazioarteko azken lehiaketetan lortutako ospea eta aintzatespena. Unibertsitate-ereduak merkatuaren joeretan erabat eguneratuta dagoen irakasle-taldea du oinarri. Irakasleok lehen mailako ezagutza eskaintzen diete ikasleei, lan-munduan izango dituzten beharretara bideratua.
Enpresetan gero eta gehiago eskatzen da industria-diseinuan edo diseinu estrategikoan trebatutako gazteen profila. Halaber, gero eta beharrezkoagoak dira ezagutza hauek enpresetako lantaldeetan: erabiltzailearen esperientzia, zerbitzu berritzaileen diseinua, pertsonengan ardaztutako diseinua, diseinu inklusiboa, ekodiseinua eta partaidetzako diseinua. Bada, Mondragon Unibertsitateak aitortua du bere ikasleek arlo horietan lortzen duten prestakuntzaren kalitatea.
Gradua ez ezik, Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Masterra ere eskaintzen du Mondragon Unibertsitateak 2010. urteaz geroztik, diseinu estrategikoan aitzindaria dena eta arlo horren inguruko prestakuntza integrala ematen duena. Horrela, hainbat helburutarako trebatzen ditu ikasleak: modu estrategiko eta berritzailean pentsatzeko; diziplinak aplikatzeko, hala nola zerbitzuen diseinua, partaidetzako diseinua eta erabiltzaile-esperientzia, eta erakundeetan diseinuaren integrazioa kudeatzeko. Masterrak % 0ko langabezia-tasa du, eta ikasle ohien % 100 ari da ikasketarekin zerikusia duen lanpostu batean (% 100eko lotutako enplegua).