Irakurriena
- 1. Lasterketa Solidarioaren X. edizioak inoizko parte-hartzerik handiena izan zuen
- 2. Dikar-ek Ternua erosi du, kooperatibaren hazkundea bultzatzeko eta marka Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko
- 3. Kidek 50. urteurrena ospatu du
- 4. Kooperatibak eta ekonomia soziala: gertutik eraldatzen
- 5. Eusko Jaurlaritzak eta Konfekoopek euskal industria-kooperatibismoarekin kontrastatu dute Euskadi 2030 Industria Plana
- 6. Arizmendi Ikastola, Mondragon Mexiko Unibertsitatean
Mondragon Unibertsitatea, prestakuntza dualean lider Europan
Mondragon Unibertsitatea Espainiako eta Europako prestakuntza dualaren buruan dago, 1966az geroztik eskaintzen duen prestakuntza-eredu horretan inoizko ikasle-kopururik handiena izanik. Bestalde, unibertsitatea liderra da enpresa batean esperientziaren bat bizitzen duen ikasle-kopuruari dagokionez, bere graduko ikasleen erdiak izaten baitu, urtero, halako esperientziaren bat.
Iaz bakarrik, guztira Mondragon Unibertsitateko 3.712 ikaslek izan zuten esperientziaren bat enpresa batean; alegia, ikasturte horretako graduko ikasleen erdiak baino gehiagok.
Mondragon Unibertsitateak are gehiago bultzatuko du eredu duala datozen 5 urteetan, eta 2028rako ikasleen erdia ibilbide horretan aritzea aurreikusten du
Gaur egun, unibertsitateko graduko ikasleen % 25ek egiten du ibilbide dualen bat. Hau da, graduko ikasketak egiten dituzten 7.400 ikasleetatik, guztira 1.825ek aukeratu dute, aurten, modalitate duala. Kopuru horiei esker, Mondragon Unibertsitatea buruan kokatu da prestakuntza dualean lider diren Europako unibertsitateen artean. Horri esker, unibertsitateak Europako Unibertsitate Duala zuzentzen du.
Mondragon Unibertsitateak are gehiago bultzatuko du eredu duala datozen 5 urteetan, eta 2028rako ikasleen erdia ibilbide horretan aritzea aurreikusten du. Gainera, Mondragon Unibertsitatearen ereduak, unibertsitatea eta enpresa uztartuz gauzatzen denak, bermatzen du ikasleen ehuneko ehunak, graduko prestakuntza amaitu aurretik, lan-esperientzia bat izatea enpresa edo erakunde batean.
Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko titulazioen % 60 —unibertsitateko 11 gradu eta 14 master— modalitate dualean egin daitezke. Azpimarratu behar da Mondragon Unibertsitatea dela Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza Gradua % 100 modalitate dualean —alegia, unibertsitateko eta enpresako esperientziak uztartuz— egiteko aukera eskaintzen duen Estatuko unibertsitate bakarra.

Horri guztiorri esker, Europan prestakuntza dualean erreferente diren 9 unibertsitatek osatzen duten EU4DUAL Europako Unibertsitate Aliantzaren buruan kokatu da Mondragon Unibertsitatea
Esperientzia enpresan
Joan den ikasturtean, Mondragon Unibertsitateko 3.712 ikaslek izan dute enpresan benetako esperientziaren bat bizitzeko aukera. Unibertsitate-prestakuntza esperientzia profesionalen batekin uztartuz egin dute: praktiken bidez —ikasgelan ikasitakoa aplikatzeko xedez enpresetan egonaldiak eginez—, modalitate dualaren bidez —ikasketak eta enpresako lana bateratuz— edo ikas-ekinezko modalitatearen bidez —unibertsitateko prestakuntza-aldiak eta enpresako lan-aldiak txandakatuz eta, horrela, ikaskuntza akademikoa lan-errealitatera hurbilduz—.
Horri guztiorri esker, Europan prestakuntza dualean erreferente diren 9 unibertsitatek osatzen duten EU4DUAL Europako Unibertsitate Aliantzaren buruan kokatu da Mondragon Unibertsitatea. Prestakuntza-eredu horren bidez kontinentean goi-mailako irakaskuntzaren kalitatea areagotzea da aliantza horren helburua.
Enpresa laguntzaileak
Ikasleei kalitatezko prestakuntza dual zabala bermatzeko, 900 enpresa eta erakunde laguntzailek baino gehiagok osatutako sarea du Mondragon Unibertsitateak. Lantaldeetara talentu gazte eta kualifikatua gehitzearren prestakuntza dualaren alde egiten duten enpresak dira.
Ikerfelek egindako azken ikerketaren arabera, lan-esperientzia hori bizitzen duten ikasleen % 27 egondako enpresan bertan geratzen da lanean. Mondragon Unibertsitateak ingeniaritzako 1.300 ikasle inguru gehitzen ditu, urtero, Euskadiko Industria Sarera. Datu esanguratsua da; izan ere, talentu tekniko kualifikatua erakartzea da Euskadiko industriaren erronketako bat.
Mondragon Unibertsitateak prestakuntza horretan duen lidergoak 1966an du jatorria, ikasketak-lana alternantzia izenpean. Orduz geroztik, erakunde, instituzio eta enpresekiko lankidetza-hitzarmen eta -sareak landu eta handitu ditu, ibilbide hori hedatu eta bertako ikasleei unibertsitatean prestatu ahala lan egiteko aukera emateko. Horrela, ikasketak amaitu orduko, enpresa edo erakunde batean lan-esperientzia bat izango dute, gutxienez, unibertsitateko ikasle guztiek.
1966an abiatu zen eredua
Mondragon Unibertsitateak hastapenetatik eman die ikasleei enpresa batean aritzeko esperientzia. 1943an Lanbide Eskola sortu zenetik, erakundeak lan-ingurunearekin lotutako hezkuntza sustatu du. Bestalde, Alecop ikasleen kooperatibarekin unibertsitatea-enpresa alternantzia-eredua abiatuz, urte hauetan aukera eman die ikasleei, prestakuntza jaso ahala, enpresa batean benetako esperientzia bat izateko.
Urteen poderioz, Mondragon Unibertsitateak hobetu egin du bere prestakuntza-eskaintza, hainbat modalitate gehituz: prestakuntza duala, ikas-ekinezko modalitatea eta enpresetako praktikak. Horrela, lan-merkatuko premietara egokitu da, eta enpresa-munduarekiko lotura indartu du.