Irakurriena
- 1. Arizmendiarrieta Gunea zabalik da Otaloran
- 2. Eroski Taldeak 17,8 milioi euroko emaitza positiboa izan du 2026ko lehen hiruhilekoan
- 3. LKS Next-ek 85 milioi euroko langa gainditu du 2025ean eta % 19ko bilakaera izan du 2026ko hasieran
- 4. "Kooperatibismoari kontakizuna falta zaio. Ez istorio faltagatik, baizik eta kodeak ez direlako gaur egungoekin bat etortzen"
- 5. Batzek 69 milioi euroko finantzaketa sindikatua itxi du 2032ra arteko hazkundea sustatzeko
- 6. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
Bizitza osoko ikaskuntza sustatzeko batzordea martxan Mondragon Unibertsitatean
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak LifeLong Learning batzordea aurkeztu du. Bizitza osoko ikaskuntzaren garrantzia ulertzen duten eta Fakultatearen estrategiari ekarpenak egin diezaioketen pertsonek eta erakundeek osatzen dute aholku-batzorde edo -talde hori. Era berean, bizitza osoko ikaskuntza sustatzea ere bilatzen dute, bai eta gizarteak arlo horretan dituen beharrak identifikatzea eta lankidetza-sareen sorrera bultzatzea ere. 2025-2026 ikasturtean, bi bilera egingo dira, programak ebaluatu eta ekarpenak jasotzeko.
Batzordeko partaideen artean, LABORAL Kutxako, Adinberriko, Athloneko, Ikastolen Elkarteko, Eusko Jaurlaritzako, MONDRAGON korporazioko eta Eskoriatzako eta Aretxabaletako Udaletako ordezkariak daude, bai eta aditu independenteak, hala nola Arantxa González de Heredia eta Iñaki Biain, eta Goienagusi elkartea ere.
2025-2026 ikasturtean, bi bilera egingo dira, programak ebaluatu eta ekarpenak jasotzeko
Batzordea Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen 50. urteurrena dela eta aurkeztu da. Uztailera arte, fakultatearen xedeari lotutako gai bat landuko da hilero, eta jarduera akademiko, kultural eta sozialak gauzatuko dira hiru campusetan (Eskoriatzakoan, Aretxabaletakoan eta Bilbokoan), guztiak ere publikoari irekiak.
Jatorria eta bilakaera
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZIk) 1976an du jatorria, Eskoriatzako Irakasle Eskola zena sortu zenean —gerora, egungo fakultatea eratu zen hartatik—. Eskola hori hasiera-hasieratik nabarmendu zen, Euskadiko aitzindarietako bat izan zelako euskarazko irakasleen prestakuntzan.
Bost hamarkada hauetan, 10.000 ikasle baino gehiago igaro dira haren ikasgeletatik; horien artean, gaur egun Euskal Herri osoko ikastetxeetan milaka haurren prestakuntzaren ardura duten irakasle euskaldunak, eta humanitateetako eta komunikazioaren munduko profesionalak.
2025-2026 ikasturtean, fakultateak graduko 1.482 ikasle izan ditu guztira, hainbat modalitatetan —aurrez aurrekoan, erdi-presentzialean eta onlinekoan—, eta unibertsitate-masterretako 242 ikasle.