Irakurriena
- 1. Berrikuntza eta Teknologiako Bilkura egin du aurten ere MONDRAGONek
- 2. MONDRAGON Hospitality Summit: sektore soziosanitarioa hizpide
- 3. Nerea Aranguren: “Konfidantza sortu, nor garen egiaz kontatu eta gazteei egitasmo humanistak eskaini behar dizkiegu”
- 4. Aliantza estrategikoa egin du Fagor Ederlan Groupek Duoli Automotive Technology txinatarrarekin
- 5. AMETS Power Electronics sortu dute MONDRAGONek eta Artechek potentzia-elektronika sustatzeko
- 6. Coprecik bere identitate korporatiboa berritu du
Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Taldeak Komunikazio Campusaren bigarren edizioa antolatu dute

Komunikazio Campusa antolatu dute, bigarren aldiz, Goiena Komunikazio Taldeak eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio graduak. Astebete iraungo du eta goizez egingo da, Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan duen Komunikazio Campusean. Udalekuak daude zuzenduta DBH-4ko eta batxilergoko lehen mailako gazteentzat. Bi txanda egingo dira, astelehenetik ostiralera: lehena, uztailaren 4etik 8ra; eta bigarrena, 11tik 15era. Biak ala biak, 09:00etatik 13:30era.
Udalekuen helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura.
Zuzeneko podcast saioa telebista platotik
Udalekuen helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Horretarako, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: kamera aurrean nola jarri, fotokazetaritza, podcastak nola egin, sare sozialen kudeaketa… Aurten, gainera, arreta berezia jarriko da telebistako platotik egindako zuzeneko podcast saioetan. Ariketak egiteko, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Campuseko baliabideak erabiliko dira: telebista-platoa, ordenagailuak eta beharrezko izango duten bestelako materiala. Horretaz gain, Goienaren Arrasateko egoitza –erredakzioa, telebistako platoa eta irratia– bisitatuko dute egun batean.
Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Goienako profesionalek hartuko dute parte Komunikazio Campusean. Era berean, landuko diren gaietan ezagunak direnek eta eskarmentua dutenek emango dituzte master-eskolak: Ainhoa Vitoriak, komunikatzaile eta Gazteako irrati esatariak, Alex Padillak, sare sozialetan aditu eta Tabakalera eta Gazteako komunikazio teknikariak; eta Goiena Komunikazio Taldeko Xabier Urzelaik, mojo edo eskuko telefono adimendunekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan adituak.
Izen-ematea
Izena emateko epea zabalik dago ekainaren 18ra arte, eta prezioa 125 euro da. Plaza mugatuak izango dira; txanda bakoitzean, gehienez ere, 15 lagun elkartuko dira. Izena emateko: www.labur.eus/komunikaziocampusa