Irakurriena
- 1. TFG-TFM MONDRAGON Sariek talentua saritu dute inoizko parte-hartzerik handienarekin
- 2. MONDRAGONek eta Fagor Electronicak Semi Zabalan inbertitu dute
- 3. Eroskik finantza egitura berrantolatu du, zorra merkeago birfinantzatuz
- 4. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioak 400 lagun baino gehiago elkartu ditu Bilbon
- 5. Guido Agostinelli dibulgatzaile argentinarrak MONDRAGON bisitatu eta sareetan arrakasta lortu du milioitik gora ikustaldi lortuta
- 6. Azaroak Arizmendiarrieta ekarriko du gogora
Mondragon Unibertsitateko langile batek aitortza jaso du 2025eko Talgo Sarietan
Talgo tren-konpainiak 2025eko Talgo sarien irabazleen berri eman zuen atzo —urriak 15, asteazkena—, CSIC – Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren egoitzan, Madrilen. Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikaslea eta Mondragon Unibertsitatean laborategiko teknikaria den Erika Domínguez Romerori eman dio tren-konpainiak Emakumeak Lanbide Heziketan duen garrantzia goresten duen Talgo saria.
Talgo sariek abangoardiakoak eta disruptiboak diren proiektu eta ideiak bultzatzen dituzte berrikuntza teknologikoaren eremuan
Sari-banaketan izan ziren, besteak beste, CSIC – Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko lehendakari Eloísa del Pino Matute; Renfeko lehendakari Álvaro Fernández Heredia; Berrikuntzako idazkari nagusi Teresa Riesgo; Lanbide Heziketako idazkari nagusi Esther Monterrubio, eta Talgoko lehendakari Carlos Palacio Oriol. «Parte-hartzaile guztien, finalisten eta irabazleen ibilbidea, inplikazioa eta berritzeko gogoa» nabarmendu zuten.
Talgo sariek abangoardiakoak eta disruptiboak diren proiektu eta ideiak bultzatzen dituzte berrikuntza teknologikoaren eremuan, bereziki mugikortasunaren eta tren-teknologiaren sektorean, eta erreferente soziala dira ildo horretan. Era berean, industria-sektorean gizonen eta emakumeen arteko oztopoak eraisten laguntzen dute, emakumeak industrian eta lanbide-heziketan duen zeregin nabarmena goraipatzen baitute.
Konpainiak lau sari banatu zituen guztira: Berrikuntza Teknologikoaren XXII. Talgo saria —tren-teknologiako eta mugikortasuneko kategorietan—, Ingeniaritzan Emakumearen Bikaintasuna saritzen duen VI. Talgo saria eta Emakumeak Lanbide Heziketan duen garrantzia goresten duen III. Talgo saria.
Lanbide Heziketan Emakumeak duen Garrantziaren Talgo saria
Berdintasunarekin duen konpromiso sendoaren ildotik eta lanbide teknikoetan dagoen gizonen eta emakumeen arteko genero-arrakalari aurre egiteko asmoz antolatu du Talgok Lanbide Heziketan Emakumeak duen Garrantziaren Talgo sariaren III. edizioa. 36 hautagairen artean, Erika Domínguez Romero izan da edizio honetako irabazlea.
Saridunak bestelako arlo batean ekin zion lanbide-ibilbideari; baina, lanerako aukera-falta ikusita, prestakuntza teknikoaren alde egin zuen apustu, lanbidean egonkortasuna eta gogobetetasuna lortze aldera. Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko Goi Mailako Heziketa Zikloa ikasi zuen Mondragon Goi Eskola Politeknikoan, eta, berriki, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Goi Mailako Heziketa Zikloa ere bukatu du bertan, industriaren arloko bere profil teknikoa sendotuz.
Mondragon Unibertsitateko materialen laborategian teknikari-lanetan dihardu gaur egun, eta teknika aurreratuen bidezko materialen karakterizazio mekaniko, termiko eta mikroegiturazkoan dago espezializatuta
Mondragon Unibertsitateko materialen laborategian teknikari-lanetan dihardu gaur egun, eta teknika aurreratuen bidezko materialen karakterizazio mekaniko, termiko eta mikroegiturazkoan dago espezializatuta. Haren lanak lotura estua du inguruneko industria-ehunarekin; izan ere, zerbitzu espezializatuak eskaintzen dizkio bertako industria-sareari, sektorearen benetako premietara egokitutakoak.
Saria 25.000 €-koa da, eta aukera-berdintasunarekin eta emakumeen talentu teknikoa sustatzearekin Talgok duen konpromisoa indartzen du.
Sari horretarako gainerako lau finalistak honako hauek izan ziren: Rocío García, industria-proiektugilea eta ekoizpen-burua Caltasa enpresan; Lara Leal, Base Building Senior Plannerra Amazonen; Naïs Moya, I+G arduraduna Vectem laborategietan, eta Zara Rodriguez, galdaragile eta soldatzailea Gusa Maquinaria enpresan.