Irakurriena
- 1. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 2. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 3. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 4. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 5. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 6. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 7. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 8. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
- 9. Gerodanek MONDRAGONen egoitza nagusiko ekipamendu proiektu berria garatu du
- 10. "Jaguar Land Roverrek funtsezko laguntzaile teknologikotzat hartzen gaitu"
"Batasunak ematen digu indarra"
Urtarrilean hartu zuen Batzorde Iraunkorraren eta Kongresuaren presidentetza eta bere lehen kongresua zuzendu zuen pasa den azaroaren 15ean. Orain Orona eta Ulmaren proposamenaren inguruan galdetu diogu.
Zehazki, nondik datorren desadostasun hau? Ulma Taldeak eta Oronak zer proposatu zuten eta noiz?
Ekainaren 3an Ulmak eta Oronak proposamen bat bidali zuten bai, MONDRAGONeko organoek 2022ko Kongresua deitu baino astebete eskas lehenago. “Itunpeko kooperatibaren” figura berri bat eratzea proposatzen zuten. Kooperatiba horiek MONDRAGONeko Kongresuko kide izateari utziko liokete, ez litzaieke Kongresuko Arauak aplikatuko, ez lukete parte hartuko elkartasun eta interkooperazio fondo eta mekanismoetan eta hitzarmen bidez urtero adostuko lukete zeintzuk diren euren lankidetzako esparruak.
Zergatik ez zen onartu Ulma Taldearen eta Oronaren proposamen hori azaroaren 15eko Kongresura eroatea?
MONDRAGONeko Kongresuan ponentziak aurkezteko bi aukera daude: bat, kooperatibek eurek zuzenean aurkeztea ponentzia, horretarako kongresisten %15ren babesa behar du Ponentziak, eta Oronak eta Ulmak badute ordezkaritza hori. Alabaina, aukera hori izanda, ez zuten baliatu eta ez zuten ponentzia Kongresuan aurkeztu. Bigarren aukera da Kontseilu Orokorrak edo/eta Batzorde Iraunkorrak onartzea Ponentzia eta Kongresura eramatea. Eta hau izan zen Ulma eta Oronaren eskakizuna, hau da, MONDRAGONeko organoek bere egitea euren proposamena eta Kongresura eramatea onartzeko.
Eta azkenean ez zen kongresura eraman.
Kontseilu Orokorrean eta Batzorde Iraunkorrean MONDRAGONeko kooperatiba guztien hogeita hamar bat ordezkari gaude. Gure ekaineko bileretan aztertu genuen Ulmak eta Oronak bidali zuten proposamena, eta aho batez erabaki genuen ezin genuela gure egin eta 2022ko Kongresura eraman.
Arrazoi bideak
Eta zeintzuk ziren arrazoiak?
Kooperatibekin partekatu ditugunak. Batetik, Orona eta Ulmaren proposamenak MONDRAGONekin harremana izateko modu guztiz desberdina planteatzen duela, baina ez du identifikatzen proposamen hori egiteko arrazoi zehatzak zeintzuk diren. Bestetik, gure sistema kooperatiboan, gure egiteko moduetan, proposamen denek aldez aurretik behar dute eztabaida eta parte hartze prozesu inportante bat, eta kasu honetan Kongresua deitu bezperetan bidali zuten proposamena. Eta azkenik, beharrezkoa da proposamena egiten duten kooperatiben ordezkariek bileretan parte hartzea, eta Ulmako ordezkariek proposamena aztertu behar zen bileretan ez zuten parte hartu.
Baina eskaeraren edukiari erreparatuz gero, zein da Korporazioaren iritzia proposamen horri buruz?
MONDRAGONeko organoek ez dugu posizioa hartu proposamenaren mamiaren inguruan. Esan bezala, Ulma eta Oronak ez dute azaldu proposamen hau egiteko arrazoi konkretuak eta behar zehatzak zeintzuk diren, ez da zabaldu ere debatea, ezta egon deliberamendurik proposatzen den “itunpeko kooperatibaren” figuraren inguruan.
MONDRAGONeko organoen posizionamendua izan da, hau horrela ezin dela egin, edozein kooperatibatik datorren edozein proposamen aztertuko dela, nola ez, baina horretarako hausnarketa prozesu ordenatu baterako denborak eta prozedurak errespetatu behar direla, eztabaida sano eta demokratiko batekin.
Azken finean, lehen, gaur eta etorkizunean, MONDRAGON bere kooperatiba kideek erabakitzen dutena izango da.
"MONDRAGONen baja adostea planteatzen da eta era berean MONDRAGONekin lankidetza esparruak bultzatzea. Ez zaigu zentzuzkoa iruditzen, ez euren bazkideei begira ezta MONDRAGONeko gainontzeko kooperatibei begira ere".
Itunpe edo hitzarmen bidezko kooperatiba izango balira, MONDRAGON Taldetik kanpo leudeke Ulma Taldea eta Orona?
Aurkeztu zuten proposamenaren arabera, bai, ez ziren MONDRAGONeko kide izango.
Eta inportantea iruditzen zait ere azpimarratzea orain batzarretan aurkezten duten akordio proposamenean badagoela oztopo inportante bat. Alde batetik MONDRAGONen baja adostea planteatzen da eta era berean MONDRAGONekin lankidetza esparruak bultzatzea. Ez zaigu zentzuzkoa iruditzen, euren bazkideei begira ezta MONDRAGONeko gainontzeko kooperatibei begira ere. Gertakarien bidetik ekainean Orona eta Ulmako ordezkariek bidali zuten proposamena gauzatu nahi dute, eta hori ez da posible.
Ulma Taldeak ekainean egin zuen proposamenak, MONDRAGONendako "aldaketa sakona” dakarrela diozue. Ze aldaketa?
Egun MONDRAGONeko kooperatibek elementu tronkal inportante batzuk partekatzen ditugu, guztion artean horrela erabaki dugulako. MONDRAGONen oinarrian gobernantza eredu konkretu bat dugu, erregimen ekonomiko eta lan erregimeneko marko propio bat, eta elkartasun eta lankidetza fondo eta mekanismo inportante batzuk. Munduan kooperatiba asko daude, baina MONDRAGON erreferentea da antolatzeko eta egiteko modu guzti horiek ditugulako. Oinarria kentzen duen planteamendu batek, aldaketa sakona dakar MONDRAGON-entzako. Horregatik, uste dugu, gaia zenbat eta garrantzitsuagoa izan, orduan eta kontu handiagoz jokatu behar dela parte hartze prozesuan.
Ze pisu dute Korporazioan Ulma Taldeak, batetik, eta Oronak, bestetik, langile kopuruari, fakturazioari, irabaziei… dagokienez?
Azken urteko datuak kontutan hartzen baditugu, Ulmako 9 kooperatibak MONDRAGONeko lanpostuen %6, salmenten %8 eta emaitzen %13 suposatu zuten. Oronaren kasuan, kooperatiba bakarra da, eta lanpostuen eta salmenten %7 eta emaitzen %16 suposatu zuen 2021ean.
"Elkartasuna eta interkooperazioa inoiz baino beharrezkoagoak dira ziurgabetasun garai hauetan kooperatibak elkarrekin indartzeko eta hurrengo belaunaldiei ondare hobea ziurtatzeko"
Kooperatiba bakoitzaren erantzunkidetasuna edota elkartasun arduratsua moduko kontzeptuak ezarri ziren 2016an. Hau da, kooperatiba bakoitza burujabe zela, baina elkarrekin indartsuagoak zirela, modu arduratsuan arituta, betiere. Kontzeptu horiek balioa dute gaur egun oraindik?
Guztiz. Guretzat hau oinarrizkoa da. Inork ez du zalantzan jartzen kooperatibak burujabeak, autonomoak eta independenteak direla, eta ez dagoela inolako eskuhartzerik MONDRAGONen aldetik kooperatiben enpresa proiektuetan. Hori MONDRAGONeko kooperatiba guztiok dakigu.
Bestetik, duda gabe, elkarrekin gehiago gara eta gehiago egin dezakegu. Elkartasuna eta interkooperazioa inoiz baino beharrezkoagoak dira ziurgabetasun garai hauetan kooperatibak elkarrekin indartzeko eta hurrengo belaunaldiei ondare hobea ziurtatzeko. Batasunak ematen digu indarra.
"2022 ekitaldia ondo bukatuko dugu eta aurrera begira anbizio handiko proiektuak lantzen ari gara eremu berrietan".
Abenduaren 16an egingo dituzte Korporaziotik ateratzeko batzarrak Ulma Taldeak eta Oronak. MONDRAGONetik aterako balira, ze ondorio izango lituzke Korporazioan?
Urte guzti hauetan gure kide izan diren bi kooperatiba talde inportantek MONDRAGONetik irtengo lukete, eta horrek duda gabe pena emango liguke. Horrez gain, MONDRAGONen dimentsioaren ikuspegitik, txikiagoa izango gara. Eta MONDRAGONeko kooperatibok gure bidea egiten jarraituko dugu. MONDRAGON indartsu dago, organoak oso kohesionatuta gaude eta kooperatibok gure energia guztiak fokalizatu behar ditugu negozioen gestioan, hobeak izateko, malguagoak eta kooperatiboagoak.
Azkeneko Kongresuan eman genituen datuak; MONDRAGON ondo doa. Egungo mundu- testuinguruan, oso konplexua eta erronka ugarirekin, gure kooperatiben bilakaera ona izaten ari da: industriaren hazkundea %14koa da ekitaldi honetan eta salmenten %73 nazioartekoak dira, banaketan ere aurreko urtearekiko hazkundea %6koa da, gure zentro teknologiko, hezkuntza zentro eta Unibertsitatearen bilakaera oso ona izaten ari da, LagunArok merkatuko gora-beherei aurre egingo die eta Laboral Kutxaren ekitaldi itxiera bikaina izango da.
Beraz, 2022 ekitaldia ondo bukatuko dugu eta aurrera begira anbizio handiko proiektuak lantzen ari gara eremu berrietan (adib. soziosanitarioa, ibilgailu elektrikoan ere indarrez birkokatzen ari gara) eta enpresa talde eta gizarte eragile garrantzitsuak gurekin lankidetzan aritu nahi dute, ekimen berriak bultzatuz. Ziur nago lan guzti honek bere fruituak emango dituela.