“Orain ez diot buruari hainbeste buelta ematen; kasu gehiago egiten diot intuizioari”

Asier Altuna (Bergara, 1969) zuzendaria elkarrizketatu du TU Lankidek aldizkariaren azken zenbakian. Karmele filma aurkeztu berri du Donostiako Zinemaldian, Telmo Esnalekin batera zuzenduriko Aupa Etxebeste! film luze eta arrakastatsuaren 20. urteurrenean. Tartean, lau dokumental, sei film labur eta beste hainbeste film luze batu ditu bere filmografiara. Inflexio puntu honetan, bere ibilbideaz, sorkuntzaz eta heldutasunaz hausnartu du.
Card image cap
2025/10/30

Zerk erakarri zintuen Kirmen Uriberen nobelatik eta Karmele Urrestiren historiatik zinemara eramateko?

Familiaren historiak asko harritu ninduen; batez ere, ikusi nuen oso bidaia potentea izan zela. Ondarroako etxetik bota, eta Iparraldean, Parisen eta Caracasen egon ziren, gero berriz ere, Bilbora itzultzeko. Bidaia guztian, elementu asko daude: gerratea, musika… Txomin Letamendi, Karmeleren senarra izango zena, tronpeta-jole profesionala zen. Alde batetik, Eresoinka musika taldearen folklorea zegoen, baina Txomin, aldi berean, jazzaren eraginpean hezitako musikaria zen. Horrez gain, zerbitzu sekretu amerikarrentzat egin zuen lan Txominek; Karmeleren anaia gudarien kapitaina izan zen; eta beste bat Ezkabako kartzelan egon zen. Beraz, istorioa bera oso zinematografikoa iruditu zitzaidan; nire sentsazioa zen abentura eta gai interesgarri asko zeudela.

Hori izan zen lehen inpresioa. Gero, noski, arazoak hasi ziren, istorio hori idatziko nuela erabaki nuenean. Arazoa zen hori guztia ezin zela film batean sartu, oso zaila zela dena kontatzea, eta ez zela komenigarria ere. Gai eta abentura asko zeuden, baina nik istorioa pertsonaien bitartez kontatu nahi nuen. Orduan, gidoia egiten hasi nintzen, eta egin behar izan nuen lan nagusia izan zen elementuak kentzea eta ikuspuntua zein izango zen erabakitzea. Horregatik mugatu behar izan nuen filma denboran.

Filmak gerra, erbestea, amodioa eta artea (musika) uztartzen ditu Paris eta Caracas bezalako lekuetan. Zeintzuk izan dira erronka tekniko eta artistiko handienak garai historiko bat eta hain anitza den unibertso bat pantaila handian birsortzerakoan?

Produkzio aldetik, oso film potoloa da. Aurrekontu handiko filma da, eta lokalizazioak bilatzen lan handia egin dugu. Garaiko filmak direnean, lokalizazioak oso garrantzitsuak izaten dira, gero postprodukzioan digitalki lan gehiegi ez egiteko.

Aldi berean, lan handia egin dugu argazki zuzendariarekin, talde artistikoarekin eta beste askorekin, filmaren tonua garai eta toki bakoitzean finkatzeko. Lan horrek zentzu handia ematen die bidaiari eta, azkenean, baita pertsonaiei ere. Egoerak eta inguruneak berak harrapatzen zaitu, eta pertsonaiei bide hori egiten laguntzen die, bidaia emozional hori, alegia.

Eta nik uste dut film honetan egin dugun gauzarik onena aurre-produkzioa izan dela: filmatzera joan aurretik lan asko egitea. Horri esker, filmaketara oso ondo prestatuta iritsi ginen. Filma ondo lotuta zegoen, musika guztia grabatuta genuen, lokalizazioak erabakita, aktoreekin entseatuta… Egia esan, errodajea oso ondo joan zen.

“Sentitzen dut istorioak kontatzeko erraztasun handiagoa dudala orain, lehen agian ez nuena”

Euskal Herrian komedia sozial arrakastatsu bat (Etxebeste saga) eta drama existentzial eta poetiko bat (Amama) egiteko gai izan den zuzendari bakarrenetakoa zara. Zerk eramaten zaitu umorera edo dramara istorio bat kontatzeko orduan?

Argi eta garbi, Telmok eramaten nau umorera. Barre asko egiten dut berarekin, eta film laburrak egiten hasi ginenean konplizitate handia genuen. Egia esan, gure hastapenak hor daude: film labur horiek, Brinkola… Eta, noski, Aupa Etxebeste!k ere komediatik asko du. Hala ere, film horretan badago kutsu sozial bat eta kritika bat ere. Azken finean, film onak egin nahi ditut. Hori izan da nire erronka hasieratik: film txukunak egitea eta istorioak ahalik eta ondoen kontatzea.

Garai batean, Telmorekin bide bat eta film mota jakin batzuk egin nituen, baina gero bakoitzak, Telmok eta biok, gure aldetik filmak egiteko apustua egin genuen: bakoitzak bere filmari bakarrik aurre egitea, istorioak barrutik kontatzea… Dena den, askotan faltan botatzen nuen bera ondoan izatea errodajean, askotan errazagoa delako prozesua elkarrekin egitea. Bakarrik aurre egiten diozunean, erronka handiagoa da; zuk hartzen dituzu erabaki guztiak, gaiari buruzkoak eta bestelakoak, eta filma zurea da erabat.

Beraz, elkarrekin lan egiteak istorio mota jakin batzuk kontatzera eramaten gintuen, eta bakarkako lanetan, bakoitzak beste bide bat hartu genuen.

Aurten 20 urte bete dira Aupa Etxebeste! fenomenotik, zure lehen film luzetik. Begiak itxi eta 2005eko Zinemaldi hartara itzuliz gero, zer datorkizu burura?

Nik Aupa Etxebeste! aukera bat bezala gogoratzen dut. Gure lehen filma zen, guk idatzitako gidoi batetik abiatuta, eta erronka handia izan zen errodajea eta dena planteatzea. Oso serio hartu genuen lana, biok. Gero, Zinemaldiko estreinaldia gogoratzen dut, oso polita izan zena. Gure lehen film luzea izanik, Zuzendari Berrien sailean sartu gintuzten, eta irabazi egin genuen Gazte Epaimahaiaren saria. Flipatu egin genuen saria jaso genuenean! Anjelica Hustonek eman zigun saria. Gu baino buru bat altuagoa zen. Gerritik heldu genion, pozik, momentuaz gozatzen. Gazteak ginen, eta izugarri ondo pasatu genuen.

Horren ondoren, aretoetan izandako arrakasta ere gogoratzen dut, nola etortzen zen jendea. Eta, azkenik, mundu osoko zinema jaialdietara joan ginen filmarekin. Gogoan dut, esaterako, Shanghain aurkeztu genuenean. Han konturatu nintzen txinatarrek ere barre egiten zutela gure umorearekin. Proiekzioa amaitu zenean, areto handi hura beteta zegoen, eta jendeak autografoak eskatzen zizkigun. Nik barre egiten nuen, ezin sinetsita. Horrelako bidaia pila bat egin genituen; esperientzia ederra izan zen.

Hogei urte hauetan, nola aldatu da Asier Altuna zinemagile gisa?

Uste dut orain pazientzia handiagoa dudala; nabari da ez daukadala presarik gauzak egiteko. Gauza bakoitzak bere unea duela ulertzen dut, eta gaztetan izan dezakezun antsietate hori ez da jada hainbestekoa. Gauzak patxadaz egiten ditut. Sentitzen dut istorioak kontatzeko erraztasun handiagoa dudala orain, lehen agian ez nuena. Ez diot buruari hainbeste buelta ematen, eta agian, tarteka, kasu gehiago egiten diot bihotzari edo intuizioari, beste ezeri baino.

Ba al duzu proiektu berririk esku artean edo buruan bueltaka?

Une honetan gidoi bat amaitzen ari naiz. Berez, aspalditik neukan beste film baterako gidoi bat idatzita, oso ona iruditzen zitzaidana martxan jartzeko, baina Karmelek aurrea hartu zion. Orain, gidoi hau bukatutakoan, finantzaketa bilatzen hasiko naiz.

Zure ibilbidean zehar, izan duzu loturarik kooperatibismoarekin?

Gogoan dut Arizmendiarrietari buruz zerbait egiteko egon nintzela eta ikertzen hasi nintzela, baina, gero, gauza bat dela eta bestea dela bertan behera gelditu zen proiektua.