Ikerlanek elektronika aurreratuko laborategi aitzindaria inauguratu du Arrasaten

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin hornitutako laborategi berriak enpresei aukera emango die sistema elektronikoak ingurune bakar batean diseinatu, prototipatu eta ekoizteko, garapen epeak laburtuz eta nazioarteko hornitzaileekiko mendekotasuna murriztuz.
Card image cap
2026/04/17

Ikerlan zentro teknologikoak elektronika aurreratuko laborategi berria inauguratu du ostegun honetan Arrasateko egoitzan. Azpiegitura berri honek industriari aukera emango dio produktuen garapen zikloak, diseinutik azken balidaziora arte, nabarmen laburtzeko.

Euskadin parekorik ez daukan laborategi honen berrikuntza nagusia plaka elektronikoak (PCB) bertan garatzeko gaitasuna da. Orain arte, prozesu hori kanpoan azpikontratatu izan da, eta horrek epe zein hornidura kateen mendekotasunean eragina zuen. Orain, laborategiaren integrazioari esker, prototipoen garapena -lehen aste batzuetan egiten zena- egun gutxira murriztu daiteke.

“Ikerlanentzat sistema txertatuak eta elektronikako teknologiak oso garrantzitsuak dira, industrian duten inpaktuagatik. Zentzu horretan laborategi berri honek lagunduko digu balio erantsi handiagoa ematen enpresei, bereziki bi ikuspuntutik: epe laburragoan garapenak eginez, eta fidagarritasun handiagoko garapenak eginez”, azaldu du Ikerlaneko zuzendari nagusi Ion Etxeberriak.

3Q3A0415.JPG

Garapen ziklo osoa

Laborategi berria bateragarritasun elektromagnetikoko (EMC) saiakuntza laborategiarekin integratuta dago; eta horri esker produktu elektronikoaren garapen ziklo osoa kokapen bakarrean lantzen da: diseinua, prototipatzea, egiaztapena, arazoen detekzio goiztiarra, balidazioa eta industrializaziorako prestaketa.

Laborategi berriak Ikerlanen posizionamendua nabarmen sendotzen du industriarako erreferentziazko bazkide teknologiko gisa, autonomia teknologia eta hornidura kateen erresilientzia funtsezkoak diren testuinguru honetan.

3Q3A0399.JPG

Azpiegiturak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du. Hala, inaugurazioan parte hartu dute Unai Anduezak, Ekonomia Sustapeneko diputatuak; Pello Rodriguezek, MONDRAGONeko presidenteak; Ion Etxeberriak, Ikerlaneko zuzendari nagusiak; eta Jon Perezek, Ikerlaneko Sistema Elektroniko Txertatuen eta Zibersegurtasunaren zuzendariak, besteak beste. Industriaren eta hedabideen artean ere oihartzun handia izan du azpiegitura berriak.

3Q3A0363.JPG

Azpiegituraren ezaugarri bereizgarrienetako bat 8 geruzarainoko PCBak barnean garatzeko gaitasuna da, dentsitate handiko interkonexioak (HDI) ahalbidetzen dituzten laser teknologiako prozesuen bidez; gaitasun hori ez da ohikoa Euskadiko industria ingurunean.

Laborategiak eskaintzen duen arintasunaz eta malgutasunaz gain, azpiegitura berriak Ikerlanen ikerketa gaitasuna ere indartzen du. Arkitektura elektroniko berriaren esperimentazioa errazten du, eta horien aplikazioa ahalbidetzen du potentzia elektronikoan, sistema txertatuetan eta adimen artifizial txertatuan. Era berean, aukera berriak irekitzen ditu hardware zibersegurtasunaren arloan, gailu elektronikoen segurtasuna ingurune kritikoetan aztertu eta indartzeko.

Lehiakortasunerako faktore garrantzitsua

MONDRAGONeko presidente Pello Rodriguezek nabarmendu du laborategi berriaren garrantzia: “Sektore oso garrantzitsu baterako, elektronikan eta elektronikaren txartelen elaborazio, prototipaje eta diseinuan oso interesgarria da ekipamendu berri hau. MONDRAGONeko kooperatiba asko mundu horretan daude: elektronika produzitzen dute eta hau izango da beraientzat oso lagungarria. Beraz, notizia oso positiboa da gaurkoa”.

Eta Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko diputatuak Ikerlanen pausoak lurralde osoari zabaltzen dizkion aukerak izan ditu gogoan: “Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna sustatzeko oso pieza inportantea da, enpresentzat lehiakortasun faktore garrantzitsua izan litekeela uste dut, laborategi hau Gipuzkoako eta Gipuzkoatik at dauden enpresentzat ere irekita baitago”. 

Ikerketa zentro teknologikoa