Irakurriena
- 1. Bost hamarkada hezkuntzaren abangoardian
- 2. Enpresen lehiakortasun globalean Txinak duen eragina, MONDRAGONen Pertsonen Kudeaketarako XVI. Foroaren ardatza
- 3. BATZek WEC enpresa aeroespazialaren %60a erostea onartu du Ezohiko Batzarrean
- 4. Ategi, 2026ko Gipuzkoako Zerbitzu Enpresa gisa aitortua
- 5. Berdintasuna, MONDRAGONeko kooperatiben izatean
- 6. C'Mon Guys, BKI BOX eta NCLIC Shakespeare txapeldun FLL Euskadi-MONDRAGONen
LagunAroren Batzar Nagusia: 2025 ekitaldi bikaina; 2026 zalantzati hasi da testuinguru ekonomikoan
LagunAroren batzarraren soinu banda bi abestik osatu zuten atzo. Alde batetik, Mikel Laboaren Txoriak txori, erakundearen zuzendari nagusiak berak abestu zuena bere lehen hitzartzean. LagunArok bere "kanario partikularrak" ere badituela gogorarazi zuen Carlos Mazak, merkatuetatik etor daitezkeen zailtasunak aurretik identifikatzeko, bere garaian Gallartako meatzeetan gas toxikoak detektatzeko alerta goiztiarreko sistema gisa txoriok erabiltzen ziren bezalaxe.
Eta bestetik, Korrikaren aurtengo edizioko abestia, Pello Reparazen Xiberutikan mendebaldera, Joxean Alustiza presidentearen azken hitzartzean entzun zena, LagunAroren, kooperatiben eta euskararen arteko lotura aipatuz. Bi ordu pasatxo iraun zituen batzarrean, Jesus Mari Goienetxe eta Jose Antonio Ajuria presidente ohiak gogoan eduki zituzten (biak ala biak zendu ziren 2025ean), LagunArori lotutako gai guztiak errepasatu ziren, eta aho batez onartu ziren erabaki guztiak -akordio baten abstentzio bat izan zen-.
%70eko partehartzea
LagunAro izan ohi da MONDRAGONeko kooperatiben artean Batzar Nagusien garaia zabaltzen duenetakoa, eta halaxe izan da aurten ere. Donostiako Kursaalen deituta zeuden 1064 bazkide konpromisarioetatik 752k hartu dute parte, 564 bertaratuak eta 188k ordezkaritza emanda.

Erabaki nagusien artean, pentsiodunen hileroko ordainsariak iazko KPIaren arabera eguneratzea erabaki zen, %2,9 beraz. Horrez gain, eguneratu gabe gelditu zitzaien %0,2, orain eguneratuko da atzerapena konpentsatzeko %0,1 gehigarri batekin, %0,3 beraz orotara. Kaudimen-maila %4tik gora egoteak ahalbidetu duen erabakia izan da hau. Gogoratu behar da gainera, LagunAroren Errektore Kontseiluak aurretik tarifen eguneraketa -soldatetarako oinarri erabiltzen dena- %2,9ko igotzea adostua zuela (ondoren kooperatiba bakoitzak erabaki beharko du aurrerakin-maila zein proportziotan ezarria duen taula horrekiko).
Egun 30.135 mutualista eta 16.334 pentsiodun babesten ditu LagunAroren sistemak.
Erabaki nagusien artean, pentsiodunen hileroko ordainsariak iazko KPIaren arabera eguneratzea erabaki zen.
Kaudimena
2025 urtea %4ko kaudimenarekin amaitzea bazuen ere aurreikusita LagunArok, azkenean errenta aldakorreko merkatuek izandako bilakaera ona tarteko, %6raino igota amaitu zuen. 2026 urte hau ere merkatuan hasieran bikaina izan den arren eta Irango gerra hasi arte (otsailak 28) urteko errentagarritasuna %3koa izan, martxoko 23 egunetan aurrez lortutako errentagarritasuna desagertu egin da.
Enplegu laguntzaren bilakaera aipagarria
Carlos Maza erakundearen zuzendariak sistemaren "harribitxia" dela aipatu zuen Enplegu Laguntza. Azken urteotako bilakaerarekin pozik agertu zen, 2024ko zenbakietan 563 lagun zeudelako laguntza hau jasotzen, 2025en itxieran 410 -150 behin-betiko soluzio aurkitu ostean- eta 2026rako aurreikuspena zenbaki hau 300en bueltara jaistea baita, kooperatiba guztien inplikazioarekin. "Bizi dugun testuinguru geopolitikoagatik kooperatibak arriskuak neurtzen ari dira, baina etor daitezkeen arazoei aurre egiteko funts sendoa daukagu", esan zuen Mazak. 183 milioi euroko diru-poltsa dago atal honetan (otsailaren amaieran).

"Bizi dugun testuinguru geopolitikoagatik kooperatibak arriskuak neurtzen ari dira, baina etor daitezkeen arazoei aurre egiteko funts sendoa daukagu" - Carlos Maza, zuzendari nagusia.
Gogoratu behar da hausnarketa prozesuan jarraitzen dutela LagunArora atxikita dauden kooperatibek gai honen inguruan. Aurten gainera, aurrerakinetatik puntu bat jaitsiko da kooperatiben ekarpena Banaketa kuotetarako, Batzar Nagusiak onartu zuenez.
Absentismoa
Kooperatiben artean absentismoa %6,86koa da bataz beste, eta %1,8 jeitsi da azken urtebete honetan. Baina alde handiak daude kooperatiba batzuen eta besteen artean, baita sektore berdinekoak izanda ere. 2026rako helburua %6,75ean ezartzea da absentismo-tasa, "denon ardura da hau, eta kooperatiben lehiakortasun, kudeaketa eta kulturan eragin zuzena duen gaia", egin zuen dei Koldo Ugaldeak, Hornidura zuzendariak bideo batean.
Erregelamendu eta Estatuto aldaketak
Joxean Alustizak, LagunAroren presidenteak, testu-aldaketa hauen prozesuan "ez zuzenketa ezta emendakinik ere" ez dela jaso aipatu zuen eta Gizarte Segurantzaren sistema orokorraren legedia nagusiak dioen horretara moldatzeko aldaketak direla Batzar Nagusira ekarritakoak. Prestazioei dagokienean onartutako aldaketak:
- Haurren zaintza zein jaiotzagatiko laguntzak. 19 astera zabalduko dira egungo 16tik (32 aste guraso bakarreko familien kasuetan).
- Jubilazioa eta lana uztartzeko aukera, pentsio eteteko beharrik gabe.
- Genero indarkeriaren biktimen prestazioa, sexu indarkeria jasan duten pertsonei ere zabaltzea, lana aldi baterako edo behin-betiko uzteko eskubidearen aitortza eta babesa emanez. Eta LagunAroko kooperatiben kasuan, lanaldi murriztuko kasuetan ere bai, babes-maila legetik harago zabalduz.
Estatutu Sozialei dagokienean onartutako aldaketa batzuk ere bozkatu eta onartu ziren. Hain zuzen ere, LagunAroren estatutuak BGAEen -EPSVen- lege orokorrera egokitzeko behar ziren aldaketak.
Errektore berria
Araba eta Nafarroako kooperatibak ordezkatzen azken 6 urteotan egon den Nuria Lopezek bere lekua utziko dio hautatu berria den Iker Alberdiri, egun MONDRAGON Korporazioaren Eraikuntza Dibisioko zuzendari nagusia denari.

2026rako aurrikuspenak: ziurgabetasun testuingurua
Mazak munduak bizi duen ziurgabetasun egoera azpimarratu zuen, eta Irango gerra hasi aurretik LagunArok errenta aldakorreko zenbait aktibo saltzeko hartu zuen erabaki egokiarekin pozik agertu zen. "Orain aukera berriak aztertzen ari gara, baina AEB nola atera ez dakiten gerra batean sartu dira. Ziurgabetasunak hor dirau", gaineratu zuen Mazak.
Eta Batzar Nagusia amaituta… Korrika!
Joxean Alustiza presidenteak bukaerako hitzartzean, LagunArok eta kooperatibek historian zehar euskararekiko izan duten begirada aipatu zuen. "LagunAro elkar zaintzen gaituen erakundea da", eta "euskararen biziberritzean ere behar da elkar zaintzea". Kooperatibak euskararen gaian erreferente izan direla aldarrikatu zuen, "gure nortasunaren parte". LagunAroko Batzar Nagusiaren izenean Lizartzan erosi zuten kilometroan parte hartzeko deia egin zien bertaratutako 564 bazkide konpromisarioei.
