Irakurriena
- 1. Arizmendiarrietaren jaiotzaren urteurrena
- 2. Ikerlanek elektronika aurreratuko laborategi aitzindaria inauguratu du Arrasaten
- 3. MONDRAGONek Remolonasen inbertitu du
- 4. Laboral Kutxa, Estatuko bost banku onenen artean
- 5. Maria Jose Rodriguezek Lagun Aro Aseguruen zuzendaritza nagusiaren ardura hartu du
- 6. LagunAroren Batzar Nagusia: 2025 ekitaldi bikaina; 2026 zalantzati hasi da testuinguru ekonomikoan
Yune Rodriguez: "Erasmus+ esperientziak erakutsi dit norbere erosotasun-eremutik ateratzeak duen balioa"
Proiektuaren helburua prestakuntza-eredu klasikoak eraldatzea da, gaur gaurko gizarteak eskatzen dituen gaitasunak -ingurumen kontzientziae ta talde lana- sustatuz. Baina, nola bizi izan du ikasle batek erronka hau bertatik bertara? Zer ikasi du Akropoliaren itzalpean eta kultura anitzeko talde baten erdian? Yunek bere bizipenak partekatu ditu TU Lankiderekin, Erasmus+ esperientzia batek gazte baten bizitza pertsonala eta profesionala nola markatu dezakeen erakutsiz.
Lau herrialde ezberdinetako 40 lagun elkartu gara, eta horrek begiak ireki dizkit: besteengandik ikasteko aukera etengabea izan da
Askotan esaten da Erasmus+ esperientzia batek bizitza alda dezakeela. Zure kasuan, zer izan da Greziako egonaldi honetatik gehien disfrutatu duzuna eta zergatik gomendatuko zenuke?
Zalantzarik gabe, pertsonalki zein profesionalki asko hazteko balio izan dit. Lau herrialde ezberdinetako 40 lagun elkartu gara, eta horrek begiak ireki dizkit: besteengandik ikasteko aukera etengabea izan da. Greziako kulturarekin erabat maitemindu naiz; bertako leku historikoak bertatik bertara ikustea edo gastronomia lokala probatzea esperientzia ahaztezina izan da. Baina, batez ere, norbere erosotasun-eremutik ateratzea dela esango nuke garrantzitsuena. Beste lurralde batean bizitzea eta jatorri desberdineko jendearekin harremanetan jartzea oso aberasgarria da; horregatik, ikasle orori gomendatuko nioke horrelako abentura batean murgiltzeko, mundua ikusteko modua aldatzen dizulako.
Zerk bultzatu zintuen TEAMIT+ bezalako proiektu pilotu batean parte hartzera eta nola jaso zenuen aukera?
Nire egunerokotik haratago joateko gogoa neukan, erronka berri bati heldu nahi nion eta proiektu hau aukera paregabea iruditu zitzaidan. Hautaketa prozesua nahiko zorrotza izan zen eta hainbat etapa gainditu behar izan genituen; egia esan, hasieran ez nuen sinesten hautatuko nindutenik. Herrialde bakoitzeko 10 pertsona bakarrik aukeratzen zituzten (guztira lau nazionalitate), eta talde txiki horretako partaide izatea ohore handia izan da niretzat.
Proiektuaren helburuetako bat prestakuntza-ereduak eraldatzea da. Zer motatako erronkak edo dinamikak landu dituzue?
Hemen 'trust the process' (fida zaitez prozesuaz) leloa barneratu dugu. Ez geneukan agenda itxi bat; Greziara iritsi ginenean ez genekien aldez aurretik zer egin behar genuen edo nola lan egingo genuen. Ziurgabetasun hori kudeatzen ikasi dugu. Dinamika oso praktikoak izan dira, 'armiarma-sarea' bezalako jolas eta ariketen bidez talde-lana eta berrikuntza sustatu dugu. Garrantzitsuena ez zen emaitza bakarrik, ekintza guztietan aktiboki parte hartzea eta gure kabuz bide berriak bilatzea baizik.
Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Finlandiako eta Greziako ikasleak elkartu zarete. Nola moldatu zarete?
Hasieran harrigarria egiten da ikustea zein ezberdinak garen gure ohitura eta kulturetan, baina lanean hasi bezain pronto konturatu gara puntu amankomun asko ditugula. Hizkuntza edo ohitura desberdintasunak ez dira muga izan, alderantziz, elkar osatzeko balio izan digute. Elkarlanean aritzeak erakutsi dit bakoitzak bere ikuspuntu berezia duela eta horrek emaitza aberastu egiten duela.
Nire lanbidean, Erizaintzako Zaintza Osagarrietan, funtsezkoa da pertsonekin enpatizatzea eta egoera berrietara moldatzea. Erasmus+ honek aldaketen aurrean malgua izaten irakatsi dit
TEAMIT+ proiektuak garrantzi handia ematen dio ingurumenari. Nola txertatu duzue begirada hori?
Jasangarritasuna izan da gure lan saioen ardatzetako bat. Sortu ditugun ideia eta proiektu guztiek ingurumen-inpaktua izan dute kontuan. Helburua ez zen soilik zerbait berritzailea sortzea, baizik eta sorkuntza horrek gizartean eta naturan modu positiboan nola eragin dezakeen pentsatzea. Gure proiektuak eraikitzeko orduan, begirada ekologiko eta arduratsu hori txertatu dugu hasieratik.
Erizaintzako Zaintza Osagarrien ikaslea izanda, zer ekarpen egiten dio egonaldi honek zure etorkizunari?
Nire lanbidean, Erizaintzako Zaintza Osagarrietan, funtsezkoa da pertsonekin enpatizatzea eta egoera berrietara moldatzea. Erasmus+ honek aldaketen aurrean malgua izaten irakatsi dit. Etorkizunean, ziur nago Grezian garatutako moldagarritasun honek eta jatorri askotako jendearekin lan egiteko gaitasunak profesional hobea izaten lagunduko didatela, edozein testuingurutan segurtasun handiagoz aritzeko.