"Sari hau aukera ona da gizarteari erakusteko zertan gabiltzan lanean"

Maddi Alberdi ikertzaileak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria eskuratu du, feminismoa eta euskal nazionalismoa uztartzen dituen ikerketari esker. Gizarte Langintzan graduatua eta Europako Herrien Burujabetzan masterduna, bere doktorego-tesian emakume abertzaleen bizipenak eta ikuspegiak aztertzen ari da, bi korronteen arteko harremana sakonago ulertzeko asmoz.
Card image cap
Maddi Alberdi ikertzailea.
2026/04/23

Jasotako aitortzak nazioarteko egonaldia egiteko aukera emango dio, eta bere lanari bultzada berria. Bere ibilbideaz, ikerketaren gakoez eta aurrera begirako erronkez hitz egin dugu berarekin.

Lehenik eta behin, zorionak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria irabazteagatik. Nola jaso duzu aitortza hau eta zer esanahi du zuretzat?

Eskerrik asko. Egia esan, sorpresa izan da. Deialdi batera aurkezten garenean denok izaten dugu itxaropen apur bat, baina, hala ere, sorpresa, eta handia! Poz-pozik nago, batez ere, sari honek egin nahi dudan egonaldia egiteko aukera emango didalako, bultzadatxo bat izango da. Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zait aitortzarena ere; alde batetik, egiten ari garen lana aitortzeak duen motibazio iturri horregatik, eta, bestetik, gizarteratzeko aukera ematen duelako ere. Hein batean, aukera bat da ikertzaileontzat gizarteari zertan gabiltzan erakusteko, askotan unibertsitateko lau pareta artean gelditzen baikara.

Zure ikerketak feminismoa eta euskal nazionalismoa uztartzen ditu. Nondik sortu zen gai hori lantzeko interesa?

Nik uste, ikerketa edo lan luze askotan bezala, bizipen pertsonaletatik datorrela interesa. Horrez gain, masterra egiten ari nintzela,  nazionalismoen ikasketetan ikuspegi feministaren hutsune handia zegoela ikusi nuen. Euskal Herrian mugimendu feministak duen indarra ikusita, ezinbestekoa iruditzen zait eraginak ikertzea, ezagutzea eta mahaigaineratzea. Gainera, askotan esan izan da nazionalismoek eta feminismoek harreman gatazkatsua izan ohi dutela; baina ez dakit beti horrela den, edo egon daitezkeen nazionalismo ezberdinak, feminismo ezberdinak dauden  bezala, harreman hori konplexuago egin dezaketenak. Horri bueltaka hasi naiz tesia lantzen, gai horri euskal testuinguruan ekarpentxo bat egiteko edo.

"Askotan esan izan da nazionalismoek eta feminismoek harreman gatazkatsua izan ohi dutela; baina ez dakit beti horrela den"

Zein dira zure lanak ekartzen dituen berrikuntza nagusiak ikuspegi teorikoari dagokionez?

Esan bezala, nazionalismo ikasketetan gutxi landu da feminismoaren gaia. Gainera, estaturik gabeko nazionalismoen kasuak ere berezitasunak izango ditu. Ekarpen nagusia testuinguru kokatu batean elkarreragin horiek nola gorpuzten diren ezagutzea izango dela esango nuke. Horretarako, Euskal Herriko emakume abertzaleen bizipenak jasoko ditut, eta, horren bidez, nazio- eta genero- eraikuntzen inguruan eta nazionalismoaren eta feminismoaren arteko harremanaren inguruan ekarpenak egitea da helburua.

Emakume nazionalisten bizipenak eta ikuspegiak aztertzean, zein ondorio edo ideia nagusi nabarmenduko zenituzke?

Hasi berri naiz lan enpirikoarekin, eta, beraz, oraindik gutxi dut aurreratzeko. Hala ere, belaunaldi, lurralde eta aktibismo eremu ezberdinetako emakumeak* elkarrizketatuko ditudanez, bizipenak oso ezberdinak izango direla aurreikusi dezaket. Hipotesi nagusi gisa, oraingoz, esango nuke jasoko ditudan bizipenak ezberdinak izango direla, hau da, nazionalismoen eta feminismoen arteko harremana modu ezberdinetan artikulatuko dela kasuan kasu. Baina aurreragorako lagako ditugu ekarpenak eta ondorioak.

Marcela Lagarderen pentsamendua zure ikerketan aplikatzea planteatu duzu. Zer ekarpen egin dezake bere marko teorikoak euskal testuingurua ulertzeko?

Kapitulu teoriko-analitiko bat idatzi nahi dut Mexikoko egonaldian. Bertan, Lagarderen pentsamenduan sakondu nahi dut, "gatibualdiei" buruz eta "sinkretismoari" buruz landutakoan, batez ere. Olatz Dañobeitiaren tesian irakurri nuen lehen aldiz Lagarderen ekarpena, gatazkari lotuta. Uste dut baliagarria izango dela nazionalismoetan emakumeek* dituzten bizipenak ulertzeko ere. Hala ere, gaur egungo testuinguruarekin eta feminismo zein eztabaida garaikideagoekin elkarrizketan jartzea da helburua. Hau da, gaur egungo euskal testuinguruarekin elkarrizketan jartzea Lagarderen ekarpenak.

Aurrera begira, zein dira zure hurrengo pausoak ikerketan eta zer erronka nagusi ikusten dituzu bidean?

Hurrengo pausua, esan bezala, lan enpirikoa amaitzea izango da; gero, Mexikoko egonaldian datuak ikertu eta analisiarekin hasi ahal izateko. Ikerketaren fase interesgarria izango dela iruditzen zait, baina baita erronka handia ere. Hala ere, erronka handiena tesia amaitzea izango da.

Finantza eta aseguru zerbitzuak.