305 milioi euroko irabaziak lortu ditu Laboral Kutxak, aurreko erregistro guztiak gaindituta

Batzar Orokorrak berretsi egin ditu 2025eko kudeaketa eta urteko kontuak: Laboral Kutxak bere muga historikoa gainditu du, 305 milioiko irabazi bateratua eta 50.000 milioitik gorako negozio-bolumena lortuz.
Card image cap
2026/04/26

Larobal Kutxak Donostiako Kursaal jauregian egin zuen iragan larunbatean urteko ohiko batzar orokorra. Hala, bazkideek ekitaldiko urteko kontuak eta kudeaketa onetsi dituzte, baita gai-zerrendan proposatutako gainerako puntuak ere. Orobat, 2026ko ekitaldirako martxan dagoen gestio-plana eman dute jakitera, baita datozen urteetan Laboral Kutxaren estrategia bideratuko duten elementu nagusiak ere.

305 milioi euroko irabaziak lortu ditu, aurreko erregistro guztiak gaindituta eta MONDRAGONeko kreditu kooperatibaren ohiko zuhurtzia-politika alde batera utzi gabe

Areto nagusiko atriletik eskainitako lehen hitzetan, Adolfo Plaza presidentea «oso pozik» agertu da 2025eko lorpenengatik, eta Laboral Kutxaren egoera onari buruzko analisia partekatu du. Entitateak 2027an amaituko den ziklo estrategikoaren lehen ekitaldiari eman dio amaiera, eta, orain arte lortutako emaitzen arabera, kooperatiba bide egokian doa, Kontseilu Errektoreak ezarritako helburu estrategiko guztiak lortzeko. 

Entitateak joan den otsaileko prentsa-oharrean jakinarazi zuenez, Laboral Kutxa Taldeak, partaidetzapeko enpresen —aseguru-konpainiak, funtsen kudeatzaileak eta higiezinen enpresak— kontabilitate-integrazioaren emaitza denak, 305 milioi euroko irabaziak lortu ditu, aurreko erregistro guztiak gainditu eta MONDRAGONeko kreditu kooperatibaren ohiko zuhurtzia-politika alde batera utzi gabe.

Hori agerian geratu da iazko kudeaketaren bi alderdi nagusitan: alde batetik, zor publikoko aktiboak saldu eta erosi dira, etorkizuneko errentagarritasuna handitze aldera, horren ondoriozko minusbalioak emaitza-kontuan kontabilizatuta, eta, bestetik, kreditu-zorroaren beraren estaldurak indartu dira, entitatearen erresilientzia areagotzeko, arrisku geopolitikoek eragindako gertaeren aurrean. Hala ere, gertaera horien larritasuna ezin zen aurresan, urte-hasiera honetan egiaztatu ahal izan denez.

Hartutako zuhurtasun-neurriok gorabehera, Laboral Kutxak funts propioen gaineko % 12,68ko errentagarritasunarekin itxi du ekitaldia. Datu hori parekagarria da kaudimen maila askoz ere doituagoarekin jarduten duten erakunde handiagoenarekin.

Plaza presidenteak gogora ekarri ditu entitatearen etorkizuna eraikitzen jarraitzeko baliatuko diren finantza-zimendu sendoak, eta lau oinarri nagusi azaldu ditu xehe-xehe: kaudimena, % 26,22ra heldu dena, gainbegiraleak eskatutako % 12,085a baino nabarmen gorago; LCR likidezia, % 572,3ko kopuruarekin bankuen araudiak eskatutakoa boskoiztu duena; % 2tik beherako zalantzagarritasun-tasa, sektorekoak baino askoz hobea, eta efizientzia, marjinen portaera bikainari esker % 45,24koa dena.

Kaudimenari dagokionez, Laboral Kutxak lehen postuetan jarraitzen du aurten ere, % 26,22ko CET1 ratioarekin

Batzarrean emandako hitzaldiaren lehen zatia amaitzeko, kreditu-kooperatiba egoera bikainean dagoela esan du presidenteak, eta azaldu du entitateak aurreikuspen onak dituela, finantza-sektoreko erakunde guztiak murgilduta dauden jauzi teknologikoari aurre egiteko.

Ildo horretatik, MONDRAGON ekosistemak egindako ekarpena azpimarratu du Laboral Kutxako lehen buruak, trantsizio horretan balio handiko aliatua baita, eta adierazi du «bermerik handienekin» ari dela aurrera egiten. Horren harira, Mondragon Unibertsitatearekin eta Ikerlan teknologia-zentroarekin dituen sinergiak aipatu ditu zeharka, azken horrekin lankidetzan ari baita, adimen artifizialaren arloan eta teknologia berriak ikertzen (konputazio kuantikoa, adibidez). Azken atal horri dagokionez, Adolfo Plazak bi proiekturen berri eman du: bata zorroetako inbertsioa optimizatzearekin dago lotuta, eta bestea, aseguruen negozioarekin. 

2 Xabier Egibar director general.jpg

2025eko Kudeaketa Txostena

Jarraian, Laboral Kutxako zuzendari nagusiak hartu du hitza. Xabier Egibarrek 2025eko Memoriako atal nagusiak azaldu ditu gainetik. Tonu didaktikoan finantza-agintariak azaldu duenez, negozio berria sortzeari dagokionez ona da egoera, aktiboko prezioetan tentsioak izan arren.

Aurreko ekitaldiari begira, bat egin duten bi elementu nagusi aipatu ditu Xabier Egibarrek: batetik, «likidezia ona», balantzeko pasiboaren kostuei eustea ahalbidetu duena, eta, bestetik, «kreditua emateko dinamismo handia», kreditu-zorroetako saldoen hazkunde orokorra ekarri duena. Horren ondorioz, bankuek «irabazi historikoak lortu dituzte berriro».

Xabier Egibar: «Adimen artifizialak erabateko aldaketa ekarriko du jarduteko, lehiatzeko eta bezeroei arreta emateko moduan»

Merkataritza-jardueraren alderdirik aipagarrienak azaldu aurretik, Xabier Egibar harro agertu da, entzuleen aurrean, mugarri historiko bat lortu delako. Entitatearen guztizko negozio-bolumenak, kreditu-inbertsioa eta bezeroen baliabide kudeatuak biltzen dituenak, 50.000 milioi euroko maila gainditu du dagoeneko.

Jarraian, iazko jardueraren nondik norakoak azaldu ditu. Bezeroen baliabide bitartekotuen guztizkoak, balantzetik kanpoko saldoak barne, %7,8ko igoera izan du, sektoreak baino ia 2 puntu handiagoa. Inbertsio-funtsen bilakaera bikaina azpimarratu nahi izan du Egibarrek, entitatearen «hazkundearen lehentasunezko ardatzetako» bat baita. Horiek % 25eko gorakada izan dute, sektorearen hazkundea hirukoiztuz, esateko.

Kreditu-inbertsioari dagokionez, merkatua hazten ari den honetan, Egibar pozik agertu da formalizatutako hipoteken bolumena %39 handitu delako. Eta, enpresen negozioaren atalean, saldoen guztizkoak %7ko gorakada izan du; hau da, sektoreak baino 5 puntu handiagoa.

Hazkunde hori bereziki nabarmena da enpresa ertain eta handiak kudeatzen dituen sare espezializatuko segmentuetan, egiturazko saldoak % 10 hazi zitzaizkion eta. Ikuspegi kualitatiboago batetik, Xabier Egibarrek azaldu duenez, Laboral Kutxak nabarmentzen jarraitzen du, zerbitzu-kalitatearen bikaintasuna lehenesteko joeragatik, zenbait txosten independentek erakusten dutenez. Horien arabera, entitateak lidergo posizioetan jarraitzen du sektorean, bezeroen gogobetetze orokorrean; izan ere, neurketetan, nitxoko erakundeek (banku-jarduera pribatu eta onlinekoan dihardutenek) soilik irabazten diote. 

Gaur egun, entitateak partikularren bost bulego ditu Katalunian, eta enpresetan espezializatutako bat; haietan, 30 profesionalen talde batek jarduten du jardun osoz

Halaber, iaz bideratutako proiektu estrategiko nagusirik gehien-gehienen bilakaera ona azpimarratu du Laboral Kutxako zuzendari nagusiak. Besteak beste, Katalunian ezartzeko planak ezin hobeto doazela adierazi du Egibarrek.

Gaur egun, entitateak partikularren bost bulego ditu Katalunian, eta enpresetan espezializatutako bat; haietan, 30 profesionalen talde batek jarduten du jardun osoz, eta, hori erregistratutako negozioemaitza onetan islatu da, baterako bolumenaren hazkundea 125 milioi euro ingurukoa izan baita.

2026ko Gestio Plana eta orientazio estrategikoa

Arreta hibridoko eredua abiapuntu hartuta —pertsonak ardatz eta teknologia oinarri hartzen ditu, bezeroei aurrez aurre edo digitalki harremanetan jartzeko aukera emanez, beren lehentasunen arabera—, Xabier Egibarrek Laboral Kutxaren jarduera egituratuko duten elementu nagusiak adierazi ditu, eta elkar elikatzen duten bi zutabetan euskarritzen den estrategiaren oinarriak azaldu.

Alde batetik, epe laburra kudeatzeko agenda lehiakor bati heldu dio entitateak, hazkunde errentagarri ahalik eta handiena lortzera bideratuta dagoenari. Entitateko lehen exekutiboak inbertsio-zerbitzuen bultzada izan du berriro hizpide —haietan, sareko espezializazio-mailetan sakontzen jarraituko du entitateak—, baita orain gutxi Morgan Stanleyrekin sinatutako lankidetza-hitzarmena ere. «Nazioarteko dimentsio operatiboa» emateaz gain, kalitaterik goreneko produktu-sorta garatzen jarraitzea ahalbidetuko du Morgan Stanleyk.

2026ko ekitaldirako nabarmendutako beste lehentasun bat Katalunian hedatzeko planaren jarraipena izan da; horren harira esan behar da, hazkunde-aurreikuspenek hasierako plana gainditzen dutela negozio guztietan. Entitateak bulegoak zabaltzen jarraituko du, diseinatutako ibilbide-orriaren arabera. Epe ertain eta luzean, Xabier Egibarrek konfiantza erakutsi du entitatearen eraldaketarako agendari begira —erakundearen gaitasun teknologikoetan eta talentuan jauzi bat egiteko helburua du—. Orobat, ohartarazi du adimen artifizialak «erabateko aldaketa» ekarriko duela jarduteko, lehiatzeko eta bezeroei arreta emateko moduan.

Unearen garrantziaz jabetuta, entitatea «ahalegin handia» ari da egiten, Teknologia Gidaplana diseinatzeko. Lau ardatz nagusitan oinarritzen diren 111 ekimenez osatuta dago, eta Datuen eta Zibersegurtasunaren atala ere hartzen du barne. Hona hemen ardatzok: gobernu teknologikoa indartzea, segurtasuna eta erresilientzia hobetzea, erantzuteko efizientzia eta arintasuna handitzea, eta, azkenik, negozioan berrikuntza bultzatzea.

2026rako aurreikuspenak

Ekitaldi honetarako aurreikuspen kuantitatiboei heldu aurretik, Xabier Egibarrek hitz gutxi batzuk eskaini dizkio Ekialde Hurbileko egoerari, eta gogorarazi du «ezin dela inolako azterketarik jarri bizi dugun drama humanitarioaren aurretik».

Arlo hertsiki ekonomikoari helduta ohartarazi duenez, dagoeneko hasiak gara lehen ondorioak ikusten: batetik, «presio inflazionista argia», «interes-tasetan goranzko tentsioak» eragiten dituena, eta, bestetik, «ekonomia globala geldiarazteko arrisku gero eta handiagoa». Ikuspegi hurbilago batetik, adierazi du konfiantza duela Estatuko eta EAEko ekonomian, entitatearen oinarrien sendotasunean eta, bereziki, enpresa-ehunaren eta, batez ere, kooperatiben erresilientzia- eta egokitzapen-gaitasunetan. 2

026ko ekitaldirako aurreikuspen kuantitatiboen banakapenean, entitateak «zuhurtziarik handienarekin» dio zerga ondorengo irabaziak % 5 inguru handituko direla aurreko urtearekin alderatuta. Kooperatiben berezitasuna eta anbizio eraldatzailea Batzarra amaitu baino lehen, Adolfo Plaza presidentea entzuleei zuzendu zaie berriro, entitatearen etorkizunari buruzko hausnarketa pertsonal batzuen berri emateko, Batzarraren protokolo formaletik harago.

Kooperatibako buruak kooperatiben funtsari buruz duen ikuspegia partekatu du: «berezitasun horrek bestelako bihurtzen gaitu, gure artean jarduteko moduan, bezeroekin jarduteko moduan eta gizartearen aurrean jarduteko moduan». Uneko abaguneari dagokionez, Plaza baikor eta konprometituta agertu da aldi berean. Hasteko, poza erakutsi du lorpenengatik: «Gure emaitzen muga apurtzera ohitzen ari gara, eta urtero gure negozio-errekorrak haustera». Jarraian, aukerarekin eta erronkarekin lotutako mezu bat ere helarazi nahi izan du etorkizunera begira: «Emaitza onek hazten jarraitzeko marjina, energia eta konfiantza ematen dizkigute. Arrakasta ez da bertan gelditzeko leku bat, aurrera jarraitzeko bultzada baizik».

Mezu horren bidez, indar eta anbizio berarekin hazten jarraitzeko erantzukizuna duela eman du entitateak aditzera. Hortaz, entitatearen anbizioaren zergatiak zehaztu nahi izan ditu LABORAL Kutxako presidenteak: «Gehiago nahi dugu. Gehiago behar dugu: emaitza gehiago, negozio gehiago, arrakasta gehiago… proiektu kooperatiboaren benetako helburua betetzen jarraitzeko: komunitate oparoagoak, berdinzaleagoak eta jasangarriagoak eraikitzen laguntzeko».

Ondorio gisa, Adolfo Plazak kooperatibaren etorkizunean jarri nahi izan du begirada, eta gogorarazi du orain arte erakutsitako jarduera ona «egiteko dugun guztiaren bermea besterik ez» dela. Bere hitzetan, «proiektu kooperatibo bat ez da bere iragana; aurrerantzean egitea erabakitzen duguna da, bereziki».

Finantza eta aseguru zerbitzuak.