Ekintzaileen ideiei zuzendutako lehiaketa aurkeztu dute Ekitenek eta MUk

Guztira 140 ikaslek hartu dute parte Ekitenek eta MUk antolatutako lehiaketako aurkezpenean. Ikasleei eta beren ideiei zuzendutako ekimena dela eta helburua ekintzailetza sustatzea dela adierazi du Jon Altunak, MUko errektoreordeak. Urtez urte arrakasta handia izaten ari den lehiaketari hainbat berezitasun edo berrikuntza gehitu dizkiete.
Card image cap
2014/03/20

Bi kategoria izango ditu edizio berri honek; alde batetik, enpresa ideia berriak eta bestetik, landa ingurunea garatzeko ideiak eta proiektuak. Izan ere, lehiaketaren VIII. edizio honetan, ikasleak landa-ingurunea garatzeko ideiak sortzera animatu nahi izan dituzte. Hori sustatzeko, bi atalekin bereiztu dute saioa. Debagoieneko eta Debabarreneko landa-garapeneko agentzietako ordezkariak izan dira bertan, eta saioaren hasieran beren landa-garapeneko estrategiak aurkeztu dituzte. Landa eremuez jardun dira eta datozen urteetan jorratuko dituzten bideak ezagutzera eraman dituzte. "Baserri eremua nekazaritzaren garapena baina askoz ere gehiago” dela azpimarratu dute. “Guretzako oso garrantzitsua da gizartea arlo honetan sentsibilizatzea” gehitu du Agurtzane Etxanizek, Debemeko teknikariak.

Ekiten lehiaketako aurkezpena

Jarraian, dinamika bat garatu du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko antolakuntza arloko irakasle talde batek. Bertaratu direnak landa-ingurunea garatzeko ideiak sortzen jardun dira brainwriting teknikaren bidez eta jarraian taldeka euren ideiak azaldu dituzte jendaurrean. Hurrengo pausoa ideia horiek landu eta sakontzea izango da, lehiaketan parte hartzeko. Lehiaketaren aurkezpenak motorrak pizteko balio izan duela aipatu dute parte-hartzaileek.


Kategoriak eta sariak
Aurrez esan bezala, VIII. edizio honetan bi kategoria izango dira: enpresa ideia berriak eta landa ingurunea garatzeko ideiak eta proiektuak. Kategoria bakoitzeko talde-irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 500 euro talde bakoitzeko. Lehiaketak urtez urte indarra hartu du, eta ikasleen artean enpresa ideia berriak eta izaera ekintzailea sustatzea du helburu, baita diziplinarteko taldeen arteko lana bultzatzea ere. Proiektu bideragarrienak, eta enplegu eta aberastasun gehien sortzeko gaitasuna dutenak sarituko dituztek. Iaz, guztira 165 ikaslek 57 proiektu aurkeztu zituzten.

Aurten aurkeztuko diren proiektuak ebaluatzeko irizpideak honako hauek izango dira: sortutako ideiak aberastasuna eta enplegua sortzeko izango duen inpaktua, proposamenaren bideragarritasuna, lan-taldearen diziplinartekotasuna, ideiaren originaltasuna eta izaera berritzailea.

Ikasleek bakarka edo gehienez lauko taldeetan parte hartu ahal izango dute, eta enpresa-jarduera berri baten inguruko ideia aurkeztu beharko dute. Mondragon Unibertsitateko edozein ikaslek parte-hartu ahal izango du.

Enpresa Ideia Berrien lehiaketaren kasuan, aurkeztuko diren proiektuak edozein diziplina akademikotakoak edo sektoretakoak izan ahalko dira. Bestalde, jarduera, produktu, prozesu, zerbitzu berrien edota negozio eredu berrien inguruko ekintzailetzako ekimenak garatu ahal izango dituzte.

Landa ingurunea garatzeko ideien eta proiektuen kategorian, berriz, landa-inguruneak eskaintzen dituen aukera anitzei etekina ateratzea dute helburu antolatzaileek. Abeltzaintzako eta nekazaritzako sektoreekin lotura zuzena duten jarduerek eskaintzen dituzten aukerak ere aprobetxatu daitezkeela esan dute. Landa-inguruneko herrien garapena sustatuko duten produktu eta zerbitzuen ekoizpena helburu duten enpresa-proiektuak ere kategoria horretan sartuko dira.

Lehiaketak bi zati izango ditu: lehenengoan proiektuaren laburpena aurkeztu beharko dute, formulario bat beteta, maiatzaren 19a baino lehen. Ondoren, bigarren fasera pasatzen direnek, beren proiektuetan sakontzeko aukera izango dute. Eta behin proiektua amaitutakoan, aurkezteko azken eguna 2014ko ekainaren 6a izango da.