Irakurriena
- 1. Auzitegi Gorenak ere atzera bota du Fagor Etxetresnakeko eta Edesako bazkide talde batek MONDRAGONen aurka jarritako erreklamazioa
- 2. Niche Mobilityk 1,6 milioi euroko inbertsio erronda itxi du Copreci eta MONDRAGONekin
- 3. Mondragon Assembly eta Ikerlan, Araba MotorSport taldearen babesleak
- 4. "Doktore tesia amaitzea da nire erronka nagusia"
- 5. Jean-Philippe Aguerre da 2025eko asmatzaile onenaren GALBAHE Sariaren irabazlea
- 6. Komunikazioa, marka, estrategia eta kontakizuna, K-FOROA 2025aren osagai nagusiak
“Gazteek MONDRAGONen gisako proiektuak bilatzen dituzte, propositoa daukatenak”

Komunikabide gaztea da Enpresabidea, online argitaratzen dena. Baina ekonomiari eta euskal enpresei buruz euskaraz egiten den informazioarentzat, 3 urteko ibilbide hau oparoa izan da, Rikardo Arregi kazetaritza saria ere eskuratu baitu.
Donostiako Eureka! Zientzia museoan bildu ziren atzo Euskal Herriko hainbat eragile ekonomiko eta ehun bat gonbidatu, haien artean baita MONDRAGON ere, Pello Rodriguez presidenteak ordezkatuta.
Karolina Sainz de Bikuñak, Enpresabidearen negozio arduradunak, ospatzeko zein hausnarketarako eguna izan zela azpimarratu zuen, bizi dugun testuingurua azalduz: "2022ko apirilaren 25ean argitaratu botoia sakatu genuenean, ziurgabetasun ekonomikoaz hitz egiten genuen, pandemiatik atera berritan. Hiru urte beranduago, ziurgabetasun hori areagotu besterik ez da egin. Badakigu zergatik: mundua aldatzen ari da. Eta mundua aldatzen ari den garai hori kontatzea egokitu zaigu", adierazi du negozio arduradunak.
"Erronka demografikoa daukagu batetik, aniztasuna bestetik… pentsatu beharko dugu aniztasun hori guztia egoki nola integratu"
Hain zuzen ere, MONDRAGONen presidenteak parte hartu zuen mahai inguruak abiapuntu horixe izan zuen: gaurko enpresen joko-eremua, aldakorra eta erronkaz josia. Pello Rodriguezek teknologiak eskainiko dituen aukeretan eta pertsonengan jarri zuen begia: "Erronka demografikoa daukagu batetik, aniztasuna bestetik –50 nazionalitate desberdinetako pertsonak kooperatiba bakar batean-… pentsatu beharko dugu aniztasun hori guztia egoki nola integratu", esan zuen.
Ziurtasunik gabeko testuinguruan, MONDRAGONen indarguneak aipatu zituen: "Proiektu sendoa daukagu, gazteak MONDRAGONen gisako egitasmoak bilatzen dituzte, propositoa daukatenak. Guregana datozenek baloreak eduki behar dituzte".
"Natural erabiltzen dugu gure kooperatibetan. Ez diot aitzakiarik ikusten. Zailtasunik ez daukagu euskaraz lan egiteko"
Kooperatibetan euskararen lekua zein den ere ez zuen ahaztu Rodriguezek, zenbait eztabaidetan hizkuntza mugatzaile agertu izan den garaiotan: "Natural erabiltzen dugu gure kooperatibetan. Ez diot aitzakiarik ikusten. Zailtasunik ez daukagu euskaraz lan egiteko. Gainera, laguntza handia daukagu administrazioaren aldetik eta helburuak eta plangintzak dauzkagu, bestelako helburuekin egiten den bezalaxe".
Lehiakortasunaz, berriz, kooperatibek berezkoa duten errotzeari buruz irmo azaldu zen: "Mundu globalizatuan, lehiakortasuna eta errotzea ez daude bata bestearen aurka, bateragarriak dira".
Eta amaitzeko etorkizunera begira mezua luzatu zuen, hain zuzen ere, MONDRAGONen 2025-2028 aldirako Politika Sozioenpresariala erdigunean jarrita: "Lau ardatz estrategiko aipatuko nituzke enpresentzat oro har, etorkizunerako. Identitatea (aniztasuna integratuz), negozioak (energia, elektro mugikortasuna, digitalizazioa…), irekiera (inguruko eragileei zabalik egoteko jarrera eduki) eta interkooperazioa (elkarren artean aritu)".
Pello Rodriguezekin batera, mahai inguruan Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Amaia Jugo Artizarra Fundazioko zuzendari nagusia eta Estibaliz Goñi I-DE Iberdrola Taldeko Prozesu eta Teknologia zuzendaria ere aritu ziren gai hauen inguruan.