Irakurriena
- 1. Fagor Ederbatt, Dakarreko historiako lehen kamioi hibridoaren bultzatzaile
- 2. Agur, Jose Antonio Ajuria
- 3. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioa, TU Lankideren zenbaki berriko gai nagusia
- 4. ORBIK da sistema eta ekipo industrialen zibersegurtasunean aurrerapenak bilatzen dituen ABEDI proiektuaren buru
- 5. Jesus Goienetxe hil da
- 6. MONDRAGONek interesa pizten jarraitzen du bisitari atzerritarren eta kooperatiben artean
“Gaur egun 80.000 ibilgailu baino gehiagori eskaintzen diegu zerbitzua”
Edozein enpresa-ekimenen sorrera-akta sinatzea ilusioz beteriko fase baten lehenengo helmuga izaten da, aurreneko urrats handia, abenturaren hasiera. Fagor Elektronikaren Smart Data Services negozioaren sorreraren kasuan, lorpen hori duela 25 urte iritsi zen, milurteko berriaren estreinaldiarekin.
Negozio berria eraikitzeko lehen zirriborroak 90eko hamarkadaren amaierakoak dira. Sasoi hartan, Fagor Elektronikak dibertsifikatu nahi zuen, modu aktiboan ari zen proiektu berrien bila. Eta bilaketa horretan aukera bat aurkitu zuen Santanderren. Aukera hori gaur egun enpresa-errealitate bat da, Estatuan eta Larinoamerikan 100 pertsonako talde bat enplegatzen duen negozio bat. Kantabriako hiriburura joan gara Smart Data Services negozioaren zuzendariari elkarrizketa egitera. Marcos Sánchezek bere bulegoan hartu gaitu, Kantabriako unibertsitateeremuan, Sardinero hondartzatik oso gertu.
Zer oroitzapen gordetzen dituzu negozioaren jaiotzaz?
Haririk gabeko komunikazioen esparruan, gorabidean zegoen merkatua sortzen hasi zen. Fagor Elektronika aukera berri baten bila zebilen esparru horretan, baina Mondragon Unibertsitateak ez zuen telekomunikazio- gradurik une hartan. Sekulako iraultza bizi genuen zenbait arlotan; .com -en eztanda, Internet… Testuinguru horretan, Fagor dagoeneko harremanak zituen Kantabriako Unibertsitatera hurbildu zen, eta, zehazkiago, Garapen Teknologikorako Zentrora. Niri eta beste bost laguni haririk gabeko telekomunikazioen arloan produktuak eta zerbitzuak garatzeko proiektu bat abiaraztea proposatu ziguten. 2000ko urrian hasi ginen, telefonia mugikorreko teknologian oinarrituta.
Zure kasuan, karrera amaitzear zegoen gaztea zinen.
Kantabriako Unibertsitatean egin nuen karrera amaierako proiektuak itsasontzientzako flota-sistema txiki bati erantzuten zion. Oinarria izan zen, hain zuzen ere. Mugitzen ari ziren ibilgailu-floten eremua ikertzen hasi ginen, haiek aurkitzen eta jarraitzen. Logistikaren eta garraioaren merkatua bisitatzen hasi ginen, eta 2001ean gure lehen bezeroa sortu genuen Euskadin, Transportes San José, Oiartzunen. Hasi berriak ginen, eta gugan konfiantza dana jarri zuten.
Nolako proiektua garatu zenuten lehen bezero harentzat?
Beren beharretara egindako ibilgailuen lokalizazioa eta kudeaketa. Gero Nacex iritsi zen, hozkailu-garraioko beste enpresa bat, eta sektorearen premien 360 ikuspegia izaten hasi ginen. 2006-2007an gure soluzioa estandarizatzea erabaki genuen eta FlotasNet sortu genuen. Web soluzio bat. Horrela, bezeroek beren flota monitoriza zezaketen erabiltzailearekin eta pasahitzarekin.
2008an krisia iritsi zen.
2008ko krisiarekin eraikuntza eta kontsumoa jaitsi ziren. Eta garraioak behera egin zuen, hau da, herrialdearen ekonomia neurtzen duen tenperatura izaten da garraioa. Produktuak garraiatzea ekonomiak funtzionatzen duen seinale da. Krisi hark taldea berregituratzera behartu gintuen.
Eta 2011tik aurrera Smart Data Services enpresarentzat merkatu berri bat ireki zen.
Latinoamerikatik hainbat eskaera jaso ondoren, Txilen eta Kolonbian misio komertzialak egiten hastea erabaki genuen. Prozesuen digitalizazioaren esparruan hobetzeko tarte handia zegoela ikusi genuen, eta gure soluzioa saltzen hasi ginen: ibilgailuetan instalatutako gailu elektronikoen multzo bat, ateak irekitzeko eta ixteko sentsoreak... hainbat gailu instalatu dira, ibilgailuaren eta mantentze-lanen jarraipen xehatua egiteko. Gaur egun, askotan, FlotasNet balio-proposamena edukitzeaz gain, SDCARa ere badugu, non marka bera baita ibilgailua gure soluzioarekin konektatzen duena, ibilgailua saldu ondoren balioa emateko eta ibilgailua erosten duen bezeroari flotak kudeatzeko soluzio bat emateko.
Gaur HINOrentzat ere lan egiten duzue, Toyota taldeko ibilgailu industrialaren markarentzat, ezta?
Hala da. Asia eta Amerikan oso marka indartsua da. Tresna bat eskaintzen dizuegu merkaturatzen duzuen flotaren jarraipena eta mantentze-lanak egin ditzazuen, eta, horrela, izan ditzaketen gorabeherei modu aktiboagoan erantzun diezaiezuen. Ibilgailuaren erosleak, Smart Data Car enpresari esker, azken belaunaldiko sistema teknologikoa du.
Zein da zuen negozioaren argazki eguneratua?
Gaur egun, 55 pertsona gaude Espainian, guztiak Santanderren, eta 35 inguru Latinoamerikan. 100 pertsona inguruko lantaldea, 80 mila ibilgailu konektatu baino gehiagori, 1.500 bezerori eta hilean 100 mila ibilbide monitorizatu baino gehiagori zerbitzua eskaintzen diena.
Fagor Elektronikaren gainerako negozioetan ez bezala, zuena zerbitzu-negozioa da.
Fagor Elektronikaren berrikuntza ez da negozio honetan bakarrik izan, negozio ereduaren formulazioan baizik. Guk zerbitzu bat saltzen dugu, SaaS negozio bat gara (Software as a Service), hileko harpidetza batean oinarrituta. Fagor Elektronikan aldaketa handia izan da.
Zein titular jarriko zenioke jaiotze- eta hazkunde-aldi horri?
2024an Sateliun erosi genuen, estatuko gure lehiakideetako bat, eta gaur egun erreferentziazko hornitzailea gara garraio profesionalean. 25 urtean hainbat fase igaro ditugu, baina hazi egin gara, berritu egin dugu eta hobeak gara. Titularra honako hau izango litzateke: 25 urteko berrikuntza, etorkizunarekin konprometituta.
Konpromisoaz ari zara. Nola bizi zarete distantziatik eredu kooperatiboarekin? Nola bizi duzue kooperatibismoa Kantabrian?
2019az geroztik, Fagor Elektronikako bazkide laguntzaile izateko aukera dugu, eta enpresako pertsonen %95ek bat egin dute eredu kooperatiboarekin, bazkide laguntzaile gisa. Hori bai, erregimen orokorrean gaude eta ez gara bazkide langileak. Hau da, ez dugu jarduera kooperatibizatuan parte hartzen, baina bai hori lortzeko laguntzen dugu.
Kantabriako taldeak parte hartu al du Otalorako prestakuntzaren batean?
Eredu kooperatiboari buruz, MONDRAGONi buruz oro har, hitzaldiren batean izan gara. Parte-hartzeari dagokionez, botoa dugu, erabakietan parte hartzen dugu, baina badaude kuotak, ez da boto bat pertsona bat. Parte- hartzea desberdina da.
Etorkizunaz hitz egiguzu.
2025-2028 Plan Estrategikoa onartu dugu, eta gure ardatz eragilea izango da. Gure balio-proposamena aldatzen jarraituko dugu. Balio handiagoa emanez segurtasunari, produktibitateari eta trazabilitateari. Eta, jakina, gure konponbidera IA tresnak gehituz. IA iraultza eragiten ari da floten kudeaketan ere. Gaur egun ikusten dugun IAk informazioa azkar aztertzen eta kudeatzen du, eta gure erakundean eta proposamenean eragina izango du, bai barruan, bai kanpoan. Aukera bat da eta iraultza bat aldi berean. Badakigu negozio-eredua alda daitekeela.

Nolako erakargarria da Smart Data Services talentuarentzat?
Unibertsitateak gero eta talentu teknologiko gutxiago eskaintzen du softwarearen garapenean, eta neurriak hartu behar izan ditugu. Esparru horretan, Garapen Teknologikorako Zentro bat ireki dugu Kolonbian, non negozio horrek filial bat duen (Txile, Peru, Ekuador eta Mexikoko filialak ere baditugu). Duela bost urte hasi ginen han, talentua erakartzeko arazo bat izango genuela aurreikusita. Santander eta Kolonbia arteko softwarea garatzeko bi taldetara iritsi nahi dugu. Talde horien prestakuntzan talentua erakartzea funtsezkoa izango da, eta egunetik egunera zailagoa izango da talentu hori eskuratzea.