Irakurriena
- 1. Arrasateko Olandixo eremuaren berrurbanizazioa
- 2. Silizio Karburoaren alorreko soluzioekin, erdieroaleen merkatuko eskaintza indartu du Fagor Electronicak
- 3. MONDRAGONek etorkizuneko negozioak eta gizarte inpaktua indartzeko estrategia berretsi du aurtengo Kongresuan
- 4. MLAKOOPek 60. urteurrena ospatu du eta etapa berri bati ekin dio etorkizunari begira
- 5. Beste bi urtez EU4Dual Europako proiektuaren lidertzan
- 6. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
Ikerlanek itsasontzi elektrikoentzako karga ultralasterreko sistema baten garapena gidatzen du
Ikerlan euskal zentro teknologikoak gidatu du HYPOBATT proiektu europarra, zeina itsas garraioaren elektrifikazioa azkartzera eta bere emisioak murriztera bideratuta egon baita, portu inguruneetan itsasontzi elektrikoetarako oso potentzia handiko karga sistemak garatuz.
Proiektuan garatutako teknologia Norddeicheko portuan (Alemania) baliozkotu da, itsasontzietarako karga elektrikoaren benetako erakustaldi baten bidez. Probetan, sistemak ontziaren eta portuko azpiegituraren arteko konexioa automatizatzea eta karga 30 segundotan baino gutxiagotan hastea ahalbidetu zituen, 2 MWra arteko potentzia erabiliz, hau da, 400 etxe baino gehiagoren aldi bereko kontsumoaren baliokidea den potentzia erabiliz.
Soluzioak, zeina Alemanian baldintza errealetan baliozkotu baita, 2 MWra arteko kargagailua du, eta ontziaren eta karga sistemaren arteko konexioa 30 segundo baino gutxiagoan eta modu automatizatuan egiteko aukera ematen du.
Gaur egun, portuko karga konexioek minutu batzuk behar izan ditzakete eta, kasu askotan, eskuz jardutea ere eska dezakete, eta horrek jarduna mugatu eta eskala denborak handitzen ditu.
Beraz, itsas garraioaren deskarbonizaziorako funtsezko mugarri teknologikoa da, munduko merkataritzaren %80 inguru mugitzen duena eta CO₂-ren emisio globalen %3 gutxi gorabehera hartzen duena. Gainera, emisioen ehuneko hori, Nazioarteko Itsas Erakundearen (IMO) arabera, nabarmen igo liteke datozen hamarkadetan, neurririk hartzen ez bada.
“Itsasontzien elektrifikazioa da joera horri buelta emateko bideetatik etorkizun handia dutenetako bat, baina, portuetan karga azpiegitura indartsu eta estandarizaturik gabe, ez da posible trantsizioa egitea”, azaldu du Endika Bilbao Muruagak, elektromagnetismo eta bihurgailuen kontrol taldeko ikertzaileak eta HYPOBATT proiektuaren Ikerlaneko arduradunak.
Partzuergoa gidatzeaz gain, Ikerlanek bi teknologia giltzarri jarri ditu proiektuan erabiltzeko: karga egiten duen potentzia bihurgailuaren biki digital baten garapena — sistemaren funtzionamendua simulatu eta optimizatzeko aukera ematen du eragiketaren aurretik eta bitartean — eta karga algoritmoak denbora errealean hodeian integratzea, zeintzuek karga prozesuaren eraginkortasuna eta sendotasuna hobetzen duten.
HYPOBATTen garatutako sistema 1 MWtik eta 5 MWra eskalatzeko diseinatuta dago, portuaren beharren eta itsasontzi motaren arabera, energiaren kudeaketa egokitzaileko estrategiak gehituz, potentzia altuak emateko beharrezkoak diren baterien zahartzea minimizatzeko, portuko azpiegitura elektrikoak arriskuan jarri gabe.
Kalkulatzen da sistemarekin flota elektrikoaren operadoreentzako operazio eta mantentze kostuak %20 ere murrizten direla, eta, horrez gain, itsasontziek portuan ematen dituzten denborak (txandakatze denborak) ere nabarmen murrizten direla — denbora horiek dira, gaur egun, merkataritzan itsasontzi elektrikoak erabiltzeko oztopo nagusietako bat —.
Probaren emaitzek soluzioaren bideragarritasun teknikoa berretsi zuten,bai eta karga ultralasterreko sistemak Europako portuetan hedatzea erraztu dezakeela ere. Gainera, proiektuak itsasoko karga elektrikoaren sistemetarako etorkizuneko nazioarteko estandarrak garatzen lagundu du, eta hori funtsezko zerbait da itsas garraioaren elektrifikazioa bizkortzeko eta IMOk 2050erako ezarritako deskarbonizazio helburuetan aurrera egiteko.
Aurrerapen horri esker, Europa portu elektrifikatuen sare batetik gertuago dago, eta industria teknologikoa itsasoko trantsizio energetikoan funtsezko aktore gisa kokatzen du.
Proiektuak, duela gutxi amaitu denak, Europako 10 herrialdetako 18 bazkide elkartu ditu eta HORIZON EUROPE programaren 9,35 milioi euroko finantzaketa izan du.
HYPOBATT proiektuari buruz
HYPOBATT Europako proiektu pilotu bat da, Europar Batasuneko HORIZON EUROPE programak 9,35 milioi eurorekin finantzatuta dagoena eta 46 hilabeteko iraupena duena. Proiektua bultzatu duen partzuergoan Europako 10 herrialdetako 18 erakunde daude. Profil osagarriak dituzten erakundeak dira, tartean direla zentro teknologikoak, ontzigintza sektoreko enpresak, teknologia hornitzaileak, portu erakundeak, unibertsitateak eta ziurtapen eta estandarizazio erakundeak.