Ingurumen-trantsizioari lotutako 26.643 enplegu daude EAEn, eta beste 3.000 sor daitezke 2030era bitartean

Ingurumen-jarduerak EAEko BPGd-aren % 2,47 biltzen du, eta ehuneko horren ia erdia industriari eta eraikuntzari dagokie. EAEk duen energia-mendekotasun handia (% 90,1ekoa) dela eta, deskarbonizazioa lehiakortasun-erronka ere bihurtu da.
Card image cap
Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendari Ibon Urgoiti eta Ikerketa Departamentuko zuzendari Joseba Madariaga.
2026/10/08

Ingurumen-trantsizioa dagoeneko ez da etorkizuneko zeregina, Euskadiko eta Nafarroako ekonomian, enpleguan eta lehiakortasunean zuzeneko eragina duen errealitatea baizik. Prozesu horri lotutako aldaketak jarduera ekonomikoaren funtsezko sektore batzuk eraldatzen ari dira, eta aukera berriak irekitzen dituzte, nahiz eta erronka handiak ere badakartzaten talentuaren, prestakuntzaren eta azpiegituren arloetan.

Ingurumen-trantsizioak ekonomian eta lan-merkatuan duen eraginean sakontzen du azterlan monografikoak

Horixe da gaur Laboral Kutxark 'Ingurumen Trantsizioa EAEn eta Nafarroan' txostenean bildutako ondorio nagusietakoa. Kreditu-kooperatibako Negozio Garapeneko zuzendari Ibon Urgoitik eta Ikerketa Departamentuko zuzendari Joseba Madariagak gidatu dute hedabideen aurrean egindako aurkezpena.

Ingurumen-trantsizioak ekonomian eta lan-merkatuan duen eraginean sakontzen du azterlan monografikoak, abiapuntutzat hartuta kontua ez dela energia-iturri bat beste batez ordezkatzea bakarrik. Trantsizioak sistema osoan jardutera behartzen du: zer energia sartzen den, nola erabiltzen den, zenbat galtzen den alferrik, zer inpaktu sortzen diren eta inpaktu horiek nola kudeatzen diren.

Ildo horretan, EAEk duen energia-mendekotasun handiak —% 90,1ekoa— kostuen, kanpoko kalteberatasunaren, hornidura-segurtasunaren eta enpresen lehiakortasunaren esparrura eramaten du ingurumenaren inguruko eztabaida.

Ibon Urgoitiren hitzetan, ingurumen-trantsizioa «abian da dagoeneko, nahiz eta ez den berdina esparru guztietan», eta ez da ulertu behar klima- edo ingurumen-politika gisa soilik; izan ere, «gai ekonomikoa» ere bada, energiari, kostuei, lehiakortasunari, inbertsioari eta enpleguari eragiten dielako. Hortaz, «arlo berdea» ezin da sektore bereizi gisa ulertu. Industrian, eraikuntzan, energian, garraioan, zerbitzuetan eta beste jarduera askotan eragiten du, eta, horren ondorioz, «ez du ekonomia paralelo bat sortzen; lehendik dagoena eraldatzen du».

Txostenak egiaztatzen duenez, murgilduta gauden trantsizioa hiru mailatan agertzen da: energian, isurietan eta hondakinetan

Txostenak egiaztatzen duenez, murgilduta gauden trantsizioa hiru mailatan agertzen da: energian, isurietan eta hondakinetan. Energian, kontsumoak % 10,2ko jaitsiera izan du 2010-2012 aldiarekin alderatuta, eta, beraz, hobekuntza handiagoa izan da Europako batez bestekoa (% 6,3koa) baino, industrian, eraikinetan, zerbitzuetan eta etxeetan egin diren efizientzia-aurrerapenei esker.

Hala ere, Madariagak adierazi duenez, erritmoa bizkortu beharra dago, Europak 2030erako ezarritako helburuak lortzeko. Berotegi-efektuko gasen isuriei dagokienez, joera orokorra beheranzkoa da, salbuespen. garrantzitsu batekin: garraioa; haren isuriak % 9,1 handitu dira 2005. urteaz geroztik.

Txostenak ohartarazten duenez, begirada industriatik edo elektrizitatearen sorkuntzatik eguneroko mugikortasunera, ibilgailuen parkera, logistikara eta lurraldearen antolaketara zabaltzera behartzen du datu horrek. Hondakinen kasuan, berriz, balantzea positiboagoa da: EAEn, birziklatzearen eta konpostatzearen ratioa % 50,3koa da, Europako batez bestekoaren (%50,1) parekoa esateko eta Espainiakoa (% 41,4) baino handiagoa.

EAEn, birziklatzearen eta konpostatzearen ratioa % 50,3koa da, Europako batez bestekoaren (%50,1) parekoa esateko eta Espainiakoa (% 41,4) baino handiagoa

URGOITI+MADARIAGA (2).jpg

Arlo berdea ez da sektore bat

Horixe izan da azalpenaren mezu nagusietako bat. Ildo horretan, LABORAL Kutxaren txostenak ohartarazten du arriskutsua dela produkzio-jardueratik bereizitako ekonomia berde batean pentsatzea, dagoeneko badauden sektoreetan eragiten baitu trantsizioak: industrian, energia eta isurtze gutxiagorekin produzitzea gero eta erabakigarriagoa izango delako; eraikuntzan, energia-birgaitzea eta efizientzia-estandar berriak direla eta; energian, berriztagarriengatik ez ezik, sareengatik, biltegiratzeagatik eta eskariaren kudeaketagatik ere; garraioan eta logistikan; ingeniaritza- eta digitalizazio-zerbitzu teknikoetan, eta hondakinetan, ekonomia zirkularraren bitartez. «Kontua ez da, besterik gabe, zenbat lanpostu berri agertzen diren berde deitzeko moduko enpresetan. Kontuan hartu behar da dagoeneko badauden enpresen barruan zereginak, profilak, konpetentziak eta inbertsioak nola aldatzen diren».

Gero eta inpaktu handiagoa ekonomian eta enpleguan

Zifrei dagokienez, azterlanak nahasi ezin diren bi magnitude bereizten ditu kontu handiz. Ingurumen-jarduera EAEko BPGd-aren % 2,47koa izan zen 2023. urtean. Industriak eta eraikuntzak, batera, 1,17 puntu inguruko ekarpena egin zuten, ingurumen-jardueraren ekarpenaren % 47koa gutxi gorabehera. Enpleguari dagokionez, hertsiki berdetzat har daitezkeen 26.643 enplegu daude (enplegu guztien % 2,8), Ingurumeneko Ondasun eta Zerbitzuen Kontuei lotutako neurketa kontserbadore baten arabera. Eta, haiez gain, potentzial berdeko jarduerei lotutako beste 104.236 enplegu daude (% 10,2). Enplegu horiek ez dira enplegu berde hutsak, ingurumen-trantsizioak eralda ditzakeen jardueretan diharduten pertsonak baizik.

2030. urterako, energia-trantsizioari lotutako inbertsioek 2.969 enplegu gehigarri sor litzakete EAEn. Madariagak azpimarratu du hori «baldintzatuta dagoen zenbatespena» dela, inbertsio-erritmoaren, erregulazioaren, finantzaketaren, proiektuen egikaritzearen eta euskal enpresek jarduera horren zati bat berenganatzeko duten ahalmenaren araberakoa.

Aukerak ekar ditzaketen erronkak

Trantsizioa aukera bihurtzeko funtsezko bost erronka xehatu ditu Joseba Madariagak. Egungo enpleguak ere aldatuko direla eta sektore tradizionaletan zeregin eta konpetentzia berriak sortuko direla onartzea da lehen erronka. Talentu teknikoa da bigarrena: ingeniaritza mekaniko, elektriko eta elektronikoko profilak, eta datuei, adimen artifizialari, energia-efizientziari, sareei eta mantentze-lanei lotutakoak (horietako batzuk urriak dira merkatuan dagoeneko). Hirugarrena lan-bizitza osoan zeharreko prestakuntza da, merkatuan sartzen direnei zein lanean ari direnei laguntzeko, desoreka sektorialak eta lurralde-desorekak saihestu ahal izan daitezen.

Energia lehiakor bat lortzea da laugarren erronka: energia-mendekotasuna % 90,1ekoa dela kontuan hartuta, Madariagak ohartarazi duenez, «desindustrializatu gabe deskarbonizatzekotan, energia garbia behar da, bai, baina baita eskuragarria, egonkorra eta segurua ere». Bosgarren erronkak energia-sistema bera hartzen du eraginpean. Izan ere, sistema horrek energia berriztagarri gehiago behar ditu, baina sareak, biltegiratzea, malgutasuna, interkonexioak eta eskariaren plangintza egokia ere bai, botila-lepoak eta prezio-tirabirak saihesteko.

Joseba Madariaga: "Trantsizioa aukera bihurtuko da, lehiakortasun, kalitatezko enplegu eta energia-erresilientzia bihurtzea lortzen badugu"

Azken mezu modura, Joseba Madariagak garrantzi handiko gogoeta bat egin du: «Trantsizioa aukera bihurtuko da, lehiakortasun, kalitatezko enplegu eta energia-erresilientzia bihurtzea lortzen badugu. Gaizki kudeatzen bada, kostuak handitu, desorekak sortu eta jarduera ahul dezake».