Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
"Proiektuarekin ilusioa piztea eta legatu ona uztea dira gakoak"
Orain arte, Ulma Forjako Operazio eta Ekoizpen zuzendaria izan da, eta hogei urte baino gehiagoko esperientzia du zuzendaritza batzordeetan. Mondragon Unibertsitatean Ingeniari Tekniko Mekanikoko ikasketak egin zituen, eta, ondoren, Diseinu Mekanikoa ikasi zuen Lausanneko Eskola Politeknikoan (Suitza). Ikerlan zentro teknologikoko Diseinu Mekanikoko Departamentuko arduradun gisa lan egin zuen, eta, ondoren, hainbat kargu bete zituen Fagor Etxetresna Elektrikoetan; hango zuzendari industriala izan zen. Orain, ardura berria hartu eta hilabete batzuk pasata, kargu berriaren eta enpresaren osasunaren gainean egin du berba.
Zelan jaso zenuen Copreciko zuzendari izateko proposamena?
Korporazioko Giza Baliabideertako zuzendariak, Zigor Ezpeletak, eta Konponenteseko dibisioko zuzendariak, Javi Oleagak, elkarrizketa bat egin zidaten; Kontseilu Errektorearekin ere elkarrizketa batzuk izan ostean, aukeratua izan nintzen. Azaro hasiera aldera izan zen hori, eta erdialdera izendatu ninduten, eta abenduaren 1ean hasi nintzen. Iritsi, eta ongietorri beroa jaso dut. Ez dakit aretxabaletarra naizelako, nire aitak ere bertan egin zuelako lan… baina oso ondo hartu naute.
Ulmatik, Coprecira. Aurretik ere ibilbide luzea eginda, ezta?
Fagor Etxetresna Elektrikoetan izan nuen ibilbidea; Copreciko sektore bera da, eta konplexutasun handia zuen. Planta asko, negozio pila bat, eta esperientzia nahiko antzekoa. Momentu hartan zuzendari industriala izatera iritsi nintzen, eta, gero, Fagor Etxetresna Elektrikoetara krisia iritsi zenean Ulmara joan nintzen. Esperientziak beti laguntzen du, eta aurrez egindako lanak ere laguntzen du horretan.
Ikasketak amaitu eta berehala hasi zinen jardunean?
Zortea izan nuen. Mondragonen nengoela Ikerlanetik deitu zidaten gaur egun dagoen dualaren antzera lan egiteko. Bi urte egon nintzen dualean lanean, eta gradu amaierako lana ere Ikerlanen egin nuen; esperientzia aparta izan zen ikasten nenbilena aplikatzeko. Suitzara joan nintzen, bi urte eta erdi, ikasteko, eta nik esaten dut nire soldaduska izan zela han egondako garaia. Asko ikasi genuen, eta oso gogorra ere izan zen. Bueltarako, Ikerlanen zain zeuden ni iristeko, eta, oporrik gabe, lanean hasi nintzen; berehala, departamentuko zuzendari jarri ninduten, eta ibilbide hartan zortea izan nuen. Gero, Fagorrera joan zenez nire zuzendaria, berriz deitu zidaten harekin joateko. Jende askok ulertu ez arren, esaten den moduan, martxa doakit. Gero, Fagor Etxetresna Elektrikoen mailako ingeniaritza-buru izatera pasa nintzen, eta handik zuzendaritza industrialera. Han konplexutasun guztiak ikusi nituen: plantak Frantzian, Polonian, Italian, Txinan… eta negozio pila bat.
Etapa berrian, atzerriratzen; zein izango da zure erronka nagusia?
Bi helburu nagusi ezarri nituen: alde batetik, zuzendaritza batzorde berria eraikitzea; talde berria martxan jartzea. Izan ere, Copreciren aurreko barneko krisialdian zuzendari batzuk irten egin ziren, eta berrantolaketa egiten ari naiz. Iza gauzatuta dagoena. Bigarren helburu edo erronka nagusia, berriz, datozen lau urteetarako plan estrategikoa garatzea da.
Erronka horiek ardatz, zelan dago merkatua?
Kudeaketa planari ezezkoa eman ziotelako etorri naiz, eta krisi sozial horretatik ateratzeko lan asko egin behar da; lan egiteko moduak aldatu egin behar dira; luze joko du horrek. Merkatua gaur egun, gainera, oso motel dago; urte gogorra izan zen iazkoa, eta aurtengoa ere halakoa aurreikusten dugu. Ez da momentu onena merkatu aldetik. Hala ere, Coprecin urteetan gauzak oso ondo egin dira, negozio aldetik lanketa onak egin dira, estrategikoki ere bai, eta, beraz, oso indartsu dago merkatuan. Hornitzaile indartsu bezala ikusten gaituzte eta krisialdi uneetan guri aukera bat ere irekitzen zaigu, gurekin lehian daudenak erortzen ari direlako.
Zer behar du gaur egun Coprecik?
Dauzkagun zortzi plantak gehiago zaindu behar ditugu, aukera berriei heldu, eta, izandako krisi horren ondorioz, lan-ildo batzuk martxan ipini: gobernantza, lidergo estiloa, kultura kooperatiboa landu, pertsonak… Bultzada bat eman behar diogu arlo sozial guztiari, eta lan egiteko moduak hobetzen joan. Jendea proiektuekin ilusionatzea; eta hori da gehien behar duena Coprecik. Jendeak duen konpromiso maila errekuperatzea.
Zein izango da zure helburu nagusia etorkizun hurbilean eta etorkizun urrunean?
Beti esaten dut hurrengo belaunaldiari kooperatiba indartsu bat uzteak lehenengo helburua izan behar duela. Nire erabakietan epe motza edo luzea jokoan badaude, epe luzea da da zaindu beharrekoa. Epe motzean gutxiago irabazi behar bada legatu on bat uzteko, zalantza barik bigarren aukeraren alde egingo nuke. Kooperatiba hau aurreko belaunaldien opari bat izan da, eta guk hobetu badezakegu, askoz hobeto. Niretzat hori ardura da, baina, erronka polita ere. Legatuari garrantzi handia ematen diot, eta hori buruan izateak asko lagun duela esango nuke.
Edukia hemendik jasota: https://goiena.eus/aretxabaleta/1709829807226-javier-garcia-proiektuarekin-ilusioa-piztea-eta-legatu-ona-uztea-dira-gakoak