Irakurriena
- 1. Lieder Automotive martxan da Borjan
- 2. Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko errektore izendatua izan da
- 3. NanoSPharm jaio da, sektore biomedikoko enpresa berria, MONDRAGONen eta i+Meden arteko aliantza kooperatiboaren eskutik
- 4. MONDRAGON Hospitalityko lau kooperatibak parte hartu dute Ibis Styles Zumaia-Zestoa hotelean
- 5. Kontxako Banderan ontzirik kooperatiboena
- 6. “Ez da sorpresa bat izan. PISAk irakurketaren ulermenari buruz dioena, adibidez, Ikastolan behin baino gehiagotan partekatu izan den kezka da"
Orona Fundazioak eta Albaola Elkarteak kontzertu solidarioa antolatu dute
Salvamento Marítimo Humanitario GKEari emango zaio kontzertuan biltzen den diru guztia. 2015ean sortu zen erakunde hori, Greziako krisi humanitarioa bete-betean zela, eta itsas salbamenduko lanak egiten ditu Mediterraneoan: errefuxiatuei laguntzen eta haiek artatzen jarduten da, Eusko Jaurlaritzak pleitatutako ontzi batekin.
Ekitaldi horren bidez, Albaolak itsas ondarea berreskuratzeko eta ingurunea zaintzeko egiten duen lana aintzatetsi nahi du Orona Fundazioak eta, horrekin batera, bi alderdi hauek bultzatu: kultura musikala —Tenpora taldearen kontzertua— eta gizarte-kohesioa —Salvamento Marítimo Humanitario GKEarekiko lankidetza—.
Bi erakundeen arteko lankidetzaren adibideetako bat dugu kontzertua. Izan ere, zenbait balio eta helburu erkide dituzte biek, eta beren ingurunea garatzeko elkarlanean jarduten dira.
Iñigo Marquet Orona Fundazioko Garapen Sailaren zuzendariak adierazi duenez, "ekitaldia sustatzen dugun erakundeok partekatzen ditugun balioak eta xedeak ditu oinarri ekimenak: kultura musikalaren sustapena eta gizarte-kohesioa, biak ere funtsezkoak Orona Fundazioarentzat". Beste hau ere esan du Marquetek: "Inguruko zenbait erakunderekin —adibidez, Albaola Elkartearekin— bultzatzen ditugun proiektuen eta lan-ereduaren adibide bat da kontzertua. Eta badira jada bost urte bi erakundeok elkarlan estuan dihardugula".
Xabier Agote Albaolako presidenteak, berriz, eskerrak eman dizkie laguntzaile guztiei (Telesonic, ABS, Lankor, Gure Elikagai, Bostnan, Lur Lan elkartea eta Sagardogileen Elkartea) eta esan du "elkartasun-itsaso bat osatzen horrelako tantek laguntzen"dutela.