Adinekoentzako eta menpekotasuna duten pertsonentzako zerbitzuak eta produktuak.
Ikerketa zentro teknologikoa
hausnarketa eta ikerketa prospektibo - estrategikoetarako egitura independiente bat da, sektore publiko nahiz pribaturako.
Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
Udako Ikastaroak Fundazioak 'Erantzunak kooperatibatik gaur egungo gizartearen erronkei' jardunaldia antolatu du, iragan ostiralean, Donostiako Miramar jauregian gauzatu dena.
Enplegu eta Segurtasun sailburuorde Elena Pérez Barredok eta Kooperatiben Kontseiluko Patxi Olabarriak harrera egin ostean, eman zaie hasiera hitzarteei.
Ikusi hemen ekitaldiko argazkiak.
Ibon Zugastik, Prospektiker-eko zuzendariak, 'Trantsizioan dagoen munduan aktibitate ekonomikoen etorkizuna' izan du hizpide, eta kontuan hartzeko lau ardatz nagusi azpimarratu ditu: ekonomiaren dibertsifikazioa, ekonomia zirkularra, oreka eta talentu eta gaitasunen etengabeko garapena. Kooperatibak hobeto posizionatuta ikusten ditu.
Xabier Aierdik, EHUko irakasle eta Begirune Fundazioko kide denak, 'Erronka demografikoa: Euskal Herriaren egoera' gaia izan du berbagai, eta hasieratik nabarmendu nahi izan du "erronka migrazioaren kudeaketan dagoela, saihestezina eta aldi berean beharrezkoa" delako. Horrekin batera, Aierdik balioan jarri du migratzaileek gure gizarteari egiten dioten mesedea, eta datu objektiboak esku artean 'mehatxu' esamesa gertatu du. Azkenik, erakunde eta gizarteari ohartarazi dio "ezinezkoa" dela benetako gizarteratzea lan duin eta hezkuntza egoki gabe".
Horren ostean, Bihar-eko zuzendari Hector Olabegogeaskoetxea 'Esperientzia kooperatiboak Euskadin' lelopean gogora ekarri du Euskal Herriko biztanleriaren zahartze nabarmena ("2040an gizateriaren %33k 65 urtetik gora izango du").
Bihar kooperatiba gaztearen ibilbidea errepasatu du, eta ezagutzera eman du Fagor Taldearekin batera martxan jarritako Duinduz ekimen berritzailea, zaintzaileen baldintza hobetzea helburu duena.
Testuinguru antzekoan, zaintza alorrean aritzen den SSI Taldeko Karmele Acedok giza ekonomia eta zaintzaren zerbitzuen gaineko historiaren errelatoa harilkatu du.
Jarraian, Ikerlan-eko zuzendari Ion Etxeberriak kooperatiba honek talentua erakartzeko duen esperientzia azaldu du, eta azpimarratu du erakartzea bezain garrantzitsua dela talentua fidelizatzea.
Etxeberriak jakitera eman du 2014tik kezkatuta daudela nabarmen gai horrekin eta horretarako emaitza onak ematen dabiltzan hainbat estrategia lantzen dituztela; hain zuzen ere, Espainiako Estatuko zein Hego Amerikako unibertsitateekin hitzarmenak lantzen dituzte; eta Dual Prestakuntzan ere ahaleginak egiten dituzte. "Profesional gazteak erakartzen ditugu, prestakuntza ona ematen diegu, eta %99k gurean jarraitu nahi izaten du".
Baita ere nabarmendu du talentua erakartzerakoan kooperatiba izatearen paradoxa: "Hasiera batean kooperatiba izateak ez ditu erakartzen, baina behin gurean lanean arituta eta kooperatibak nola funtzionatzen duen ezagututa, gustuko dute eta balio handia ematen diote".
Azkenik, MONDRAGONeko Giza Kudeaketa zuzendari Zigor Ezpeletak testuingurua jarri du gaur egungo paradigma nazioartetik abiatuta kooperatibek osatzen duten pertsonetara arte. Indarra jarri du honako balioetan: etengabeko prestakuntza, lan eredu hibridoak, ongizatea lanean, askotariko lan guneak inklusiboak, eta helburu autentiko baten izatearen beharra, utopia bat ipar duena, gero eta aldakorragoa den mundu honetan kooperatiba izanda biziraun eta aurrera egitea.