Mirari Zilaurren: “Egurraren prezioa are gehiago igoko da datozen hilabeteetan”

LANA kooperatibako presidenteak ez du espero nazioarteko egoera berehalakoan baretzerik, eta egurra gero eta produktu erakargarriagoa eta garestiagoa izango delakoan dago.
Card image cap
Argazkia: Goiena
2023/04/18

Gipuzkoako Bazkundeak emandako Enpresa Nazioartekotzearen Saria jaso berri du LANA S. Coop Oñatiko enpresak, bere nazioarteko negozioaren garapenean egindako ahalegin eredugarriagatik. Izan ere, merkatuak egoera txarrean izan arren, merkatu nazionalean lider izatetik, fokua aldatu, eta Europa tokiko merkatu gisa bereganatzea lortu du. Mirari Zilaurren LANA kooperatibako presidentea da, eta nazioarteko egoeraren nondik norakoez gain, beraien nazioartekotze planaz, zein etorkizunera begira dituzten aurreikuspenez aritu da EnpresaBIDEArekin.

Zehazki, zertaz arduratzen da LANA kooperatiba?

1960an sortu zen Oñatin baserritarrez osatutako kooperatiba moduan, euren produktuak –esnea eta egurra– merkatura hobeto eraman ahal izateko, eta prezio hobeetan saldu ahal izateko. 30 urtez, bi arlotan banatuta egon zen: esnearenean eta egurrarenean. 90. hamarkadan etorri zen aldaketa, egurraren kooperatiba zatia oso gaizki zegoela ikusita, kooperatibari forma aldatu, baserritar bazkideak kanporatu, eta kooperatiba industriala sortu zenean. Orduz geroztik, egurrarekin soilik aritzen gara lanean.

Horrekin batera, makineria berritu eta Europan hain modan zegoen hiru geruzako taulak egiten hasi ginen, gehienbat eraikuntza sektorean erabiltzen direnak. Hasiera batean zerraren arloa bagenuen ere, gaur egun, LANA egurraren bigarren transformazioan dago espezializatuta, hau da, guk erosten dugun egurra jada prozesatuta dator. Urteek aurrera egin ahala, asko hazi gara, eta Oñatitik nazioartera egin dugu jauzi, Txekian ere lantegi berria eraikiz.

Hain zuzen ere, nazioartera egin duzuen salto horrengatik, Enpresa Nazioartekotzearen Saria jaso berri duzue Gipuzkoako Bazkundearen eskutik. Espero al zenuten?

Inolaz ere ez, ezustean harrapatu gaituen saria izan da. Gure egunerokotasunean, gure lanean, ohituta gaude nazioartekora begira lan egitera, hemendik kanpoko merkatuan asko hazi garelako azken urteetan. 100 milioi euroko salmentak izatera iritsi gara, eta kontuan izan behar da gure produktuen %70 kanpora esportatzen dugula. Esan daiteke, beraz, nazioartekotzen jakin duen enpresa dela LANA, eta egindako lanarengatik halako aitortza jaso izana oso polita da.

“100 milioi euroko salmentak izatera iritsi gara, eta kontuan izan behar da gure produktuen %70 kanpora esportatzen dugula”

Bazkundearen arabera, 15 urtean negozio eta proiekzio eredu berri bat sortu duzue. Nola da hori?

LANA kooperatiban egurrarekin egiten dugu lan. Hiru geruzako taulak egiten ditugu, eraikuntzan asko erabiltzen direnak. 2000. urtetik 2008ra Espainian eta Portugalen eraikuntzak arrakasta handia izan zuen, eta gu ere asko hazi ginen. Hala ere, nazioartekotzeko behar hori sentitzen genuen, eta ari ginen moduan ezinezkoa zen, egur gehien –%70-80 inguru­– Europatik ekartzen genuelako, ondoren prozesatu eta saltzeko, eta atzera Europan saltzea oso garesti ateratzen zitzaigulako garraioari lotuta. Orduan etorri zen gure nazioartekotze premia hori, eta 2007an Txekian lantegi berri bat ireki genuen, hiru geruzako taulez gain, habeak ere egiten dituena. Horrek asko zabaldu zigun Europako zein nazioarteko merkatuetarako bidea eta are gehiago hazteko zein ikasteko balio izan digu. 15 urtean egin dugun nazioartekotze plan horrengatik eta merkatu berrietara jauzi egiteko izan dugun abilezia horrengatik jaso dugu aitortza.

2005az geroztik zara zu LANAko presidente. Nazioartekotze prozesu osoan izan zara, beraz, karguan. Nazioarteko gertaera gogorrak bizitzea ere egokituko zitzaizun.

Aldaketa asko izan dira 18 urtean. Presidente kargua hartu nuenean Espainia eta Portugalen eraikuntza izaten ari zen arrakasta ikusita, buru-belarri genbiltzan lanean. Merkatua oso ondo zegoen eta ez genuen inongo arazorik. Ordurako jada bazegoen Txekiako lantegiaren ideia eta haren irekiera ere berehala iritsi zen.

Mirari LANA saria
LANA kooperatibako arduradunak Enpresa Nazioartekotzearen Saria eskuetan | Argazkia: utzitakoa

2008an iritsi zen ekaitza, eraikuntzako krisialdi handiarekin. Ikaragarri eragin zigun krisi hark, eta Oñatiko lantegian ia merkatu gabe gelditu ginen. Lau errelebotara aritzen ginen ordura arte lanean, makinak gelditu ere egin gabe, eta astean bi egunean soilik lan egitera igaro ginen, langileak astean hiru egunez etxera bidaliz. 2009. eta 2010. urteak izan ziren guretzat gogorrenak, ez geneukalako lanik. Txekian ere egoera ez zen batere gozoa. Hasi berriak ginen, Europara azkenak iritsitakoak, eta merkatu berri batean sartzeak esfortzu handia eskatzen du: alde batetik, merkatua ezagutu beharra dago, eta hartan ez genuen ezagutza gehiegirik; kalitate aldetik ere asko genuen ikasteko; eta prezio baxuan saldu behar izaten genuen gure produktua. Oso urte gogorrak izan ziren guretzat, baina kooperatiba izateak asko lagundu zigun une hartan, instrumentu bat baino gehiago genituelako egoerari aurre egiteko Mondragon Taldearen barruan.

Hala ere, 2011-2012tik aurrera berriro ere goranzko joera hartu zuen sektoreak eta urteak igaro ahala egoera hobetuz joan da zuentzat ere.

Egia esan, oso egoera onean gaude, baina hankak lurrean izatea komeni da. Pandemia iritsi zenean asko beldurtu ginen, ezjakintasun eta ezegonkortasun handia sortu zelako, bai pertsonalki eta baita enpresa arloari lotuta ere. Geldiuneak izan baziren ere, azkenean urte ona izan zen LANArentzat.

“Ukrainako gerra zaplazteko baten moduan jaso dugu, bertan dezente saltzen genuelako gerra aurretik. […] Ondorioz, mugitu egin behar izan dugu eta merkatu eta bezero berriak izatea lortu dugu”

Gero, Ukrainako Gerrarekin ere gauza bera gertatu zitzaigun. Hemendik urrunago ikusten da, baina Txekiatik bertan dago Ukraina eta gerra oso gertu ikusten genuen. Beldur hori ere somatzen da han, baina enpresa aldetik, ez digu momentuz horrenbeste eragin. Ikusiko dugu ea etorkizunak zer ekartzen digun.

Askorik eragin ez badizue ere, merkatua ez dago momenturik onenean. Zailagoa izan da azken hilabeteetan nazioartekotze arloarekin aurrera jarraitzea?

Ez horrenbeste guretzat. Txekiako lantegiak ere urte batzuetako ibilbidea egina du, eta Europan gure bezeroak baditugu jada. Hori bai, Ukrainako gerra zaplazteko baten moduan jaso dugu, bertan dezente saltzen genuelako gerra aurretik. Txekiatik oso gertu dago eta bezero asko eta onak geneuzkan bertan, baina, gaur egun salmenta horiek ez ditugu egiten. Ondorioz, mugitu egin behar izan dugu eta merkatu eta bezero berriak izatea lortu dugu. Hala ere, guretzat okerrena egurraren prezioaren igoera izan da. Bizpahiru hilean behin beherakada eta gorakada nabarmenak izaten ditu prezioak, jauzi handiak. Hori horrela, produktua merkatura eraman nahi badugu behartuta gaude oso lan zehatza eta egunerokoa egitera, merkatua ongi ezagutzera, egurrari lotuta nazioartean dagoen egoera jakitera, eta aurreikuspen zehatzak egitera. Hori izan da azken hilabeteetan izan dugun aldaketa nagusiena.

“Produktua merkatura eraman nahi badugu behartuta gaude oso lan zehatza eta egunerokoa egitera, merkatua ongi ezagutzera, egurrari lotuta nazioartean dagoen egoera jakitera, eta aurreikuspen zehatzak egitera”

Zeintzuk dira nazioarteko egoerari lotuta etorkizunera begira egin dituzuen aurreikuspenak?

Prezioen aldetik ez dugu ikusten egoera berehalakoan baretuko denik. Hori bai, egurra gero eta produktu erakargarriagoa izango dela uste dugu, batez ere, jasangarritasunari lotuta. Ondorioz, egin ditugun aurreikuspenen arabera, egurraren prezioa are gehiago igoko da datozen hilabeteetan. Urte luzez egon da egurraren prezioa izoztuta, eta ez dugu arlo horretan inolako arazorik izan orain arte. Azken aldian, ordea, hiru hilero gorabehera handiak izan ditugu prezioetan eta horretara ohitu beharko dugula uste dugu, are gehiago, egurrak gero eta garrantzi handiagoa hartzen badu.

Edukia hemendik jasota: https://www.enpresabidea.eus/enpresak-gaur/mirari-zilaurren-egurraren-prezioa-are-gehiago-igoko-da-datozen-hilabeteetan_2181569_102.html

Eraikuntza sektorerako irtenbide berritzaileak