Maier Euskaraldiko bidean

Euskaraldiaren hirugarren ediziorako aste gutxiren faltan, bat baino gehiago izan dira ekimenean izena eman duten norbanako, entitate eta enpresak. MAIER enpresa bizkaitarra izan da horietako bat; dagoeneko bizi eta prest dituzte aho-belarriak.
Card image cap
2022/10/27

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, 15 egunez, milaka euskaldunek hartuko dute parte Euskaraldiaren hirugarren edizioan. Euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala izango da beste behin ere Euskal Herri osora zabalduko dena. Norbanako zein entitateei zuzendutako erronka ere aurreko urteetako berbera izango da: ahobizi edo belarriprest rola hartuta, euskararen erabilera modu aktiboan areagotzeko konpromisoa hartzea, ahal den guztiekin eta ahal den guztietan euskaraz egitea, edota euskaraz hitz egiten duenari horretarako bidea ematea. Horrez gain, ariguneak euskaraz aritzeko guneak izango dira beste behin ere, eta horiek osatu eta izena emateko epea zabalik dago. Jada entitate, norbanako eta enpresa ugarik eman dute izena. Gernika ondoan dagoen Ajangiz udalerriko (Bizkaia) MAIER enpresa da horietako bat. Beraiekin hitz egin du EnpresaBIDEAk, Euskaraldian parte-hartzeko arrazoiak eta orain arte izandako esperientzia ezagutzeko asmoarekin.

MAIER plastikozko piezen dekorazioan oinarritutako lantegia da, eta automobilgintza-industriarako injekzio-molde konplexuak ekoizten dituzte bertan. Kromatua, pintura, edota laser grabaketa bezalako teknologiak erabiltzen dituzte pieza estetikoak egiteko. 950 langile aritzen dira beharrean bertan eta hirugarrenez Euskaraldian parte hartuko duen lantegietako bat izango da. “Euskara bultzatu asmoz Euskaraldiko edizio berrian ere izena eman dugu, aurreko bietan bezalaxe. Gure hizkuntzaren erabilera zertxobait handitu egiten da Euskaraldiak irauten duen bitartean eta guk ere erabilera sustatzeko konpromisoa hartu nahi izan dugu. Ekimenean ahalik eta langile gehienek parte hartzea da gure helburu nagusia”, azaldu digu Ager Zallo MAIEReko proiektuetako kalitate ingeniari eta euskara batzordeko koordinatzaileak. Ariguneak ere sortu dituztela kontatu digu: “Lantegiko harrera izango da arigune nagusietako bat, kanpotik lantegira etortzen den jendeak enpresarekin egiten duen lehen kontaktua bertan izaten baita. Lehen kontaktu hori euskaraz egiteko aukera izatea garrantzitsua dela iruditzen zaigu”. Aurreratu duenez, enpresako txoko ezberdinetan ere euskaraz egiteko arigune gehiago izango dira.  

Ager Zallo: “Lantegiko harrera izango da arigune nagusietako bat, kanpotik lantegira etortzen den jendeak enpresarekin egiten duen lehen kontaktua bertan izaten baita. Lehen kontaktu hori euskaraz egiteko aukera izatea garrantzitsua dela iruditzen zaigu”

Euskararen sona

MAIER enpresak duela hogei urte baino gehiagotik euskara batzordea duela azaldu digu Zallok. Dioenez, euskara euren lan-hizkuntza izateko bidean hainbat jarduera egiten dituzte, tartean, sentsibilizazio eta normalizazio kanpainak. Euskara klaseak ere doanik eskaintzen dizkiete langileei, eta langileen euskara mailarekin ere azterketak egiten dituzte, enpresan hizkuntzaren erabileraren berri ere izan dezaten.

Langile guztiei zabaltzen zaien informazio ofizial orok, ahoz zein idatziz, elebiduna izan behar du, euskarari lehentasuna emanez

Enpresako Euskararen Hizkuntza Politika Orokorrean jasota dagoen puntu batek dioenez, langile guztiei zabaltzen zaien informazio ofizial orok, ahoz zein idatziz, elebiduna izan behar du, euskarari lehentasuna emanez. Era berean, Hobeto izeneko aldizkaria ere argitaratzen dute urtero, euskara hutsean. Euskararekin zerikusia duten dinamika eta gertaerak argitaratzen dituzte bertan. Lankide guztiek mailez jasotzen dute eta ale batzuk ere inprimatzen dituzte enpresan bertan irakurri ahal izateko. Zalloren hitzetan, Euskaraldian parte hartzeaz gain, halako ekimenekin enpresako komunikazio orokorra euskaraz izan dadin lan egiten dute.

“Hartu emana euskaraz egiteak sona ematen dio euskarari eta baita gure enpresari ere”

Izan ere, eta enpresa euskalduna izanda, beraien “nortasuna erakustea beharrezkoa” dela dio Zallok, euskarak islatzen duelako, bere hitzetan, enpresaren izaera. “Ia mila pertsonako lantegi batean euskarari ematen zaion garrantziak eragina izaten du inguruan ere. Hainbat hornitzailerekin egiten dugu lan eta harremana dugu inguruko enpresekin. Hartu emana euskaraz egiteak sona ematen dio euskarari eta baita gure enpresari ere”, borobildu du.

Ahobizi zein belarriprest, aukeratu den rola ganoraz betetzea izango da orain Euskaraldiaren hamabostaldian egin beharreko zeregin nagusia. Euskarari hitzez ekiteko garaia heldu da.

Erreferentea Automoziorako dekorazioan eta piezen konplexutasun funtzionalean.