Irakurriena
- 1. LagunAroren Batzar Nagusia: 2025 ekitaldi bikaina; 2026 zalantzati hasi da testuinguru ekonomikoan
- 2. 24. Korrika MONDRAGONen
- 3. Bost hamarkada hezkuntzaren abangoardian
- 4. Enpresen lehiakortasun globalean Txinak duen eragina, MONDRAGONen Pertsonen Kudeaketarako XVI. Foroaren ardatza
- 5. BATZek WEC enpresa aeroespazialaren %60a erostea onartu du Ezohiko Batzarrean
- 6. Ategi, 2026ko Gipuzkoako Zerbitzu Enpresa gisa aitortua
Letrak lankide
Hizkuntza bat ez da soilik komunikatzeko arau sorta bat; bere baitan kultura bat eta mundu ikuskera bat biltzen ditu. Gure kooperatibetako hainbat langilek ongi ulertu dute hori, eta literaturaren bueltan elkartzen hasi dira, kafea, liburuak eta euskara partekatzeko. Baina, zein da zehazki talde hauen funtzioa euskararen normalizazioan? Nola eragiten dute langileen egunerokotasunean?
Gaur egun, irakurle taldeen eta literatur ekimenen mapa honela banatzen da gurean:

Konfort gunetik atera eta gozatzera
Eneko Barberena, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko eta LagunAroko irakurle taldeen dinamizatzailearen hitzetan, talde hauen funtzio nagusia irakurketa ohiturak aldatzea eta euskara maila hobetzea da. Enpresetan jende askok du irakurtzeko ohitura, baina sarritan erdaraz egiten dute, ezagutza faltagatik edo euskaraz euren gustuko estilorik ez dutelako topatzen.
"Irakurle taldeak konfort egoeratik ateratzen laguntzen du", azaltzen du Barberenak. Taldeak euskaraz irakurtzeko txinparta pizten du, eta testu literarioak ulertu eta horiei buruzko eztabaidak izateak egunerokotasunean balio handia du. Dimentsio kulturalari dagokionez, argi du: "Musika, dantza edo bertsoa bezala, literatura ere euskal kulturaren zati da, eta gainera, gozamenarekin lotzen da. Jendea gustura dago hemen". Nabarmentzekoa da, gainera, ekimen hauek langileen proposamenetik sortu direla, eta kooperatibak babestu egin dituela; horrek are positiboagoa egiten du prozesua.
Liburutegiak sortzen
LKS Nexten, irakurle taldearen ideia Euskara Batzordetik sortu zen, Miriam Mendikute kidearen eskutik. 2023an ekin zioten ibilbideari Amets Arzallusen Miñan liburu arrakastatsuarekin. Urtean hiru saio egiten dituzte, eta sarritan idazleekin (aurrez aurre zein online) hitz egiteko "luxua" izaten dute.
Euskara Planari begira, taldeak lortu du euskaldunontzako elkargune iraunkor bat sortzea. "Kafe orduetan liburuez aritzen gara, eta izena ematen ez duten lankideak ere animatzen dira irakurtzera", azaltzen dute. Gainera, IPDK (Interes Publikorako Derrigorrezko Kontribuzioa) erabiliz, parte hartzaileei liburuak erosten dizkiete, eta era berean, kooperatibako euskarazko liburutegia elikatzen dute.
Ildo horretatik, MONDRAGON Zentro Korporatiboan, oraindik irakurle talderik ez badago ere, hazia ereinda dago. 2025eko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Liburu biziak ekimena jarri zen martxan. Euskarazko 10 liburu erosi ziren lankideen eskura jartzeko, eta dagoeneko 7 edo 8 lankidek irakurri dituzte. Liburutegia bizirik dago, eta etorkizuneko solasaldietarako lehen urratsa izan daiteke.
Zergatik elkartu liburu baten inguruan?
Zerk bultzatzen du lankide bat bere denbora literaturaz hitz egiteko erabiltzera? Mondragon Goi Eskola Politeknikoko eta LagunAroko kideek euren esperientzia propioetatik erantzun dute, bakoitzak bere ñabardurarekin:
Euskaraz irakurtzearen plazera berreskuratzea:
– Josu Urkiola (MGEP): "Euskararekin oso harreman handia daukat, oso euskalduna den inguru batekoa naiz, baina egia da askotan euskaraz hainbeste irakurtzeko ohiturarik ez nuela. Honek lagundu dit idazle batzuk ezagutzen eta utzia neukan euskaraz irakurtzearen gustu horrekin berriz harremana hartzen. Ekimen honek beti bermatzen dizkit 3-5 liburu euskaraz nire urteko liburu multzoan".
– Ane Miren Ayastuy (LagunAro): “Balantzan jarriz gero, erdaraz irakurtzeko joera handiagoa daukat. Baina beti dago lehen aldi bat eta honek gure irakurketa ohiturak zertxobait aldatzeko joera ekar dezake".
– Jonmikel Intsausti (LagunAro): "Berreuskaldundu/ alfabetatu nintzenetik euskaraz irakurtzeko ohitura izan dut, eta pixkanaka euskararen gaitasunean aurrera egiteko beharrezko ariketetako bat izan da".
Musika, dantza edo bertsoa bezala, literatura ere euskal kulturaren zati da, eta gainera, gozamenarekin lotzen da.
Taldeak dakarren aberastasuna eta harreman berriak:
– Osane Lizarralde: "Ez dugu aukeratzen ditugun liburuetatik bakarrik ikasten, baizik eta taldean besteok irakurri eta gustatu zaizkigunak partekatzen ditugu; orduan beti liburutegira joaten zarenean beste liburu batzuk harrapatzen dituzu. Batzuetan zuzenean ezagutzen dituzu idazleak edo itzultzaileak, eta ohartzen zara hitz eginez zuk erreparatu ez diezun beste hainbat gauza ateratzen direla".
– Ane Miren Ayastuy: "Irakurritako liburuaren nondik norakoak partekatzeko elkartzen garenean, bertan sortutako solasaldia oso aberasgarria da. Agian, beste lankide batzuekin orain arte neukan harremana aldatzeko balio izan dit, eta euskara gehiago sustatzeko".
– Jonmikel Intsausti: "Gure hizkuntzan, euskaran, trebatzeko tresna baliagarria da, hiztegi berria ikasiz eta mingaina dantzan jarriz: hala, gure kooperatibak eta Euskal Herria apur bat euskaldunago egiten ditugu".
Zalantzan dauden lankideei mezu bateratua bidaltzen diete: "Animatzeko, oso-oso erraza dela. Elkartzen garen ordu bat edo ordu eta erdi hori oso tarte atsegina izaten da", borobildu du Josu Urkiolak.