"Ikastola lagunak" mugimenduak lehenengo ekintza soziala burutu du

"Ikastola lagunak" mugimenduaren Euskal Herriko 100 bat kide gerturatu ziren iragan zapatuan Arrasatera. Euskal kulturan identitateari lotuta eta komunitatearen kohesioaren eta topagune adierazpen diren aurreskua eta bertsoek ekitaldiari hasera eta bukaera eman zizkioten. Ikastoletako ikasle ohiak izan ziren bien protagonistak. Une hunkigarriak hasera eta bukaerakoak.
Card image cap
Arrasateko kulturateko areto nagusia jendez bete zen 'Ikastola lagunak' mugimenduaren ekintzan.
2026/05/26

Aurreskuaren ondoren, Ikastola lagunak taldeko Naroa Anabitarte (Hernaniko Aratz Ikastolakoa) eta Manu Aurrekoetxea (talde eragilekoa) ordezkarien hitzak hasera eman zioten ekitaldiari. Jarraian, Ikastolen Elkarteko lehendakari den Nekane Artolak 'Ikastola lagunak' taldearen helburuez eta beharrez jardun zuen.

Euskal Herriko 16 ikastoletan dagoeneko 'Ikastola lagunak' taldeak eratu dira, eta beste 6 ikastoletan sortzeko interesa agertu dute

Nekanek bukatu ahala, Topaketaren ekitaldi nagusiari hasiera eman zitzaion. Komunitatearen partaidetza da Ikastola ereduaren ezaugarrietako bat eta 'Ikastola lagunak' mugimenduak partaidetza horren adierazpen denez, “Gaur eta biharko partaidetza soziala izan zen mahainguruaren gaia. Eta gaia lantzeko arloan erreferentziazko diren hiru adituk parte hartu zuten; Iñigo Iñurrategi (MONDRAGON), Unai del Burgo eta Itzea Urkizu. Hausnarketarako ideia ugari eskaini zituzten, zalantzarik gabe erakundea bilatzen ari den partaidetzarako formulazioan baliagarri izango direnak.

2.jpeg

Bertsoen ondoren, Manuk eta Naroak amaiera eman zioten ekitaldiari elkartasunari deia eginaz bik batek baino eta lauk hiruk baino gehiago lortuko dutela gogoratuz eta Kulturateko klaustrotara pasatzeko gonbidatuz. Arrasateko Udalaren jabegokoa den frantziskotarren komentu zaharreko Klaustroan eta  Ausolanek, topaketaren babesle gisa, eskainitako hamaiketakoa dastatzeko aukera izan zuten ekitaldira bertaratutakoek. Leku zoragarrian eta luntx bikainaz goizean zehar gozatutakoaz hitzegiteko eta poztasunez agurtzeko aukera izan zuten Topaketan parte hartu zuten guztiok.  

Esan behar da, 2019ko udazkenean eman zirela lehen urratsak 'Ikastola lagunak' egitasmoa sortzeko, nahiz eta COVID-aren ondorioz,  2020ko urriaren 8an onartu zen taldea sortzea. Ikastoletan eta Ikastolen Elkartean iraganean, guraso, langile, bazkide kolaboratzaile eta ikasle moduan aktiboki parte hartu duten eta ikastola eredua partekatzen duten pertsonek osatzen dute mugimendua. Baina ohi izatea baino, nahiago dute harreman bizi baten parte izan. Horrexegatik sortu da 'Ikastola lagunak' Ikastolarekiko duten maitasun hori, oroimen gozo bat baino gehiago izanik, modu antolatuago batean parte hartzeko eta, baita ere, Euskal Herrian bizirik dagoen herri-ekimen esanguratsuenetako bati, Ikastolei, sostengua eta indarra ematen jarraitzeko.

Hezkuntza komunitatetik haratago, parte hartzearen printzipioa zabaldu, komunitate irekia gauzatu eta proiektatu nahi da euskal gizartearen zati handi bat mugimenduaren partaide izan dadin bidea zabalduz. Taldearen xedea da Ikastola eredua ezagutuz eta ezagutzera emanez, etengabe gozatu, barneratu, zabaldu, garatzen lagundu, partekatu, iritzia eman eta elkarrekin hausnartu eta, bere kasuan, ekarpena egiteko eta aberasteko egitekoak izango ditu, batez ere, ikastola ereduaren ezaugarri historiko eta dimentsio sozialean sakonduz. 

4.jpeg

Euskal Herriko 16 ikastoletan dagoeneko 'Ikastola lagunak' taldeak eratu dira, eta beste 6 ikastoletan sortzeko interesa agertu dute. Herri ekimenez Euskal Herrian eta Euskal Herrirako, iraungitze datarik gabe, sortutako eskola propioa da. "Herri izaeran soluzioaren parte sentitzen gara, ez traba, ez arazo. Lana eta elkarlana da gure bidea, beti ere Ikastola eredua defendatuz eta indartuz. Eta bidea ez da erreza izan eta ez da erreza izango. Bultza egitea tokatzen zaigu", adierazi dute bultzatzaileek.

Irakaskuntza