LABORAL Kutxa errentagarritasunaren hobekuntzaz baliatuko da bere eraldaketa-prozesuak bizkortzeko

Batzarrak onetsi egin ditu kooperatibaren gestioa eta urteko kontuak: LABORAL Kutxak 150,5 milioiko irabazia lortu zuen 2022an, eta lider absolutua da kaudimenenean, % 22,24ko CET1 ratioarekin.
Card image cap
2023/04/24

LABORAL Kutxaren Ohiko Batzar Nagusiak onartu egin ditu 2022ko ekitaldiko kontuak eta gai-zerrendan proposatutako gainerako puntuak. Donostiako Kursaal jauregiko auditorio nagusian bildutako bazkideek joan den urtean egindako gestioa berretsi dute. Era berean, aukera izan dute 2023ko ekitaldi honetan kooperatibaren jarduera egituratuko duten jardunbide nagusiak ezagutzeko ere. Batzarrean, 2022ko Memoriaren atal nagusiak jorratu ditu LABORAL Kutxako lehendakariak. Txomin García pozik agertu da lortutako emaitzekin. 2022an LABORAL Kutxak 150,5 milioi euroko irabazi garbi bateratua lortu zuen zergen ondoren, eta, balantzean ikus daitezkeen indarguneen arabera, euskal kreditu-kooperatiba posizio nabarmenean dago Estatuko finantza-sisteman.

Txomin Garcíak azpimarratu duenez, emaitzen hazkundea «oso nabarmena izan da eta sobera gainditzen du Gestio Planean aurreikusitakoa»

Txomin Garcíak azpimarratu duenez, emaitzen hazkundea «oso nabarmena izan da eta sobera gainditzen du Gestio Planean aurreikusitakoa». Negozioaren marjina handiagoa eta zalantzagarritasunaren bilakaera egokia direla eta, kooperatibak inbertsio-plana bizkortu ahal izan du bere eraldaketa-prozesurako, eta, gainera, hornidurak indartu ditu, etorkizunean gerta daitezkeen kontingentzietarako.

2022ko ekitaldiaren itxieran, hobeak ziren adierazle nagusi guztiak. Kaudimena nabarmentzen da, lehen kategoriako CET1 kapitalarekin eratua, % 22,24ra iritsi baita, eta horrek indartu egiten du kaudimenean duen lidergoa. Bestalde, LTD likidezia-ratioak diferentzia handia erakusten du gordailuen alde, % 64,72ko portzentajearekin. Eta ROE errentagarritasunari dagokionez, ratioa % 7,67koa da.

Horrenbestez, MONDRAGONeko kreditu-erakundea pandemiaren aurreko mailara iritsi da. Jarduera-datu nagusiei erreparatuz, bezeroen baliabide bitartekotuak 28.436 milioiraino hazi dira, eta kreditu-inbertsioak ere gora egin du zertxobait, 15.200 milioian kokatu arte. Merkataritzaren arloan, enpresen kredituinbertsioaren saldo garbia % 5 hazi da 2021eko ekitaldi-amaierarekin alderatuta; beraz, LABORAL Kutxak industria-ehunarekin duen inplikazioa egiaztatu ahal izan da, azken hiru ekitaldietako % 39ko etengabeko hazkunde metatuak erakusten duenez.

2023ko Gestio Plana

Xabier Egibar LABORAL Kutxako zuzendari nagusiak hitza hartu duenean, 2023ko Gestio Planaren ekintza-lerro nagusiak azaldu dizkie auditoriumera bertaratuei. Egibarren hitzetan, ohi baino ziklo estrategiko laburragoa aurreikusi da, iragarpen makroekonomikoen ezegonkortasuna eta aldakortasuna handia delako, eta, ondorioz, ezinbestekoa delako estrategiak etengabe egokitzea. Horren harira, hurrengo ekitaldietan agenda bikoitzeko ibilbide-orria hedatzen jarraituko du LABORAL Kutxak.

Batetik, eguneroko negozioari atxikitako alderdi lehiakorrak garatzen jarraituko du, lehentasunezko segmentuetan eta negozioetan merkatuko bolumenak eta kuotak handitzen jarraitzeko erronkarekin, baina finantzen eta arriskuen kudeaketan zorroztasunari eutsiz. Bestetik, entitatea jorratzen ari den eraldaketarako agenda garrantzitsua azpimarratu du Egibarrek.

Izan ere, «errentagarritasunak hobera egin duela aprobetxatuta, diseinatutako eraldaketa-prozesuak bizkortuko» ditu LABORAL Kutxak, teknologiaren, zibersegurtasunaren eta datuen esparruetan inbertsioa handituz. Bide batez, esan duenez, berrikuntzaren ekosistema propioa indartzen, eta talentua garatzen eta erakartzen jarraituko du. Proiekzioen esparruan, entitatearen elkarri lotutako hiru erronka nagusiak aletu ditu LABORAL Kutxako lehen exekutiboak: balantzearen oreka, kredituinbertsioaren hazkundea eta errentagarritasun-iturrien dibertsifikazioa, familiei eta enpresei arreta berezia eskainiz.

Mintzaldiaren amaieran, Xabier Egibarrek alde batera utzi ditu zenbakiak eta ratioak, eta LABORAL Kutxaren funtsa bera definitzen duten alderdi kualitatiboagoei erreparatu die. Adierazi duenez, entitateak konpromisoa du hartua, erreferentziazko erakundea izateko komunitate oparo, berdinzale eta jasangarriagoak eraikitzen laguntzen.

Captura de pantalla 2023-04-24 a las 9.05.17.png

Erreleboa LABORAL Kutxaren lehendakaritzan

Batzarra biribiltzeko, Txomin Garcíak hartu du berriro hitza. Adierazi duenez, erretiroa hartzekoa da, eta, beraz, 2023an amaituko du entitatearen lehendakaritzan egin duen bidea. Hitzaldiaren une horretan Txomin Garcíak jakinarazi duenez, Adolfo Plaza aukeratu dute, aho batez, hautagai, Kontseilu Errektoreak LABORAL Kutxako lehendakaritzarako proposa dezan. Proposatuak, baina, Espainiako Bankuaren egokitasun-ebaluazioa gainditu beharko du, eta, beraz, erreleboa urte-amaieran gertatzea dago aurreikusita. Amaitzeko, Txomin Garcíak hautagaiaren profila nabarmendu du, eta erabat ados agertu da hautaketarekin: «Espediente akademiko bikaina izateaz gain, esperientzia handia du banku-jardueran, eta oso ondo ezagutzen du esparru arautzaile eta gainbegiratzaile berria. LABORAL Kutxan partekatu ditugun 10 urte hauetan (zuzendaritzan izan dituen karguetan nahiz Kontseilu Errektoreko kide gisa) egiaztatu ahal izan dut, prestakuntza tekniko ukaezina izateaz gain, kalitate handiko pertsona dela. Adolfo Plaza arduratsua eta zintzoa da, entitatearekin eta kooperatiba-munduarekin konprometitua; gainera, printzipio eta balio sendoak ditu, eta sekulako zentzutasuna bere planteamenduetan».

Banketxea