Laboral Kutxak 154 milioi euro irabazi ditu urteko lehen seihilekoan

Laboral Kutxaren negozio-bolumena % 8,1 hazi da, 53.720 milioira arte; jarduera-eremu guztietan hazkunde sendoa izan duela berresten du horrek.
Card image cap
Xabier Egibar, zuzendari nagusia, eta Adolfo Plaza, presidentea.
2026/08/03

Lehen seihileko honetako ekonomiaren bilakaerak hazkunde positiboa izan du Laboral Kutxaren eremu geografiko nagusietako jardueretan. Halere, ingurunea azken urteetakoa baino nabarmen exijenteagoa da, eta hiru elementuk baldintzatu dute analisia. Lehenik, euroguneak trakzio mugatua erakusten jarraitzen du, bereziki Alemanian eta Frantzian. Bigarrenik, inflazioa gorantz berrikusi da, energiaren eraginagatik eta prezioen osagai batzuen jarraitutasunagatik. Eta, hirugarrenik, dirupolitikak ez du jada orain hilabete batzuk espero zen arintze-efektu bera eskaintzen.

Laboral Kutxaren irabazi garbia hazi egin da, eta 154,5 milioi eurora iritsi, 2026ko lehen seihilekoan; hau da, %6,2ko hazkundea izan du aurreko urteko aldi berarekin alderatuta

Europako Banku Zentralak joan den ekainean iragarritako aurreikuspenek berretsi egin dute irakurketa hori, zeinak ziurgabetasun-egoera bat iruzkintzen baitzuen, «inflazioak gora eta hazkunde ekonomikoak behera egiteko arriskuak» zirela medio. Ondorioz, epe ertainean inflazioa % 2an egonkortzeko helburua lortze aldera, hiru tasa ofizialak oinarrizko 25 puntu igotzea erabaki zuen erakunde europarraren Gobernu Kontseiluak. 

Gordailutze-erraztasunari, finantzaketa-eragiketa nagusiei eta kreditu-erraztasun marjinalari aplikatu beharreko interes-tasak handitu egin ziren, % 2,25era, % 2,40ra eta % 2,65era, hurrenez hurren, eta horrelaxe mantendu dira, uztailean egin berri den bileraren ondoren. 

Testuinguru horretan, Laboral Kutxaren irabazi garbia hazi egin da, eta 154,5 milioi eurora iritsi, 2026ko lehen seihilekoan; hau da, %6,2ko hazkundea izan du aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, eta % 12,55eko ROEa. Emaitza horiek lortzeko, Laboral Kutxak irmoki bultzatu du bere bezeroekin, familiekin eta enpresekin duen negozioa, eta dibertsifikazio handiagoa lortu du, baita hazkunde orokor sendoa ere, arlo guztietan.

Ondorioz, kreditu-kooperatibaren negozio-bolumen osoa (balantzeko pasiboa eta aktiboa, eta gainerako baliabide bitartekotuak biltzen dituena) % 8,1 hazi da, 53.720 milioi eurora arte. Era berean, sendotasuna erakusten jarraitzen dute entitatearen balantzearen kalitatea zehazten duten finantza-adierazle nagusiek. LTD likideziak % 68,51ko ratioa du, berankortasun-tasa % 1,87ra jaitsi da, eta entitatearen kaudimena sektoreko aurreneko posizioen artean dago: lehen kategoriako kapitalaren CET1 ratioaren portzentajea %24,58koa izan da.

Emaitza-kontua

Seihilekoko emaitzetan, eragin oso handia izaten jarraitzen du ohiko banku-negozioaren bilakaerak. Kreditu-zorrotik datozen diru-sarreren eta pasiboko kostuen arteko diferentzia da MONDRAGONeko kreditu-kooperatibaren diru-sarreren iturri nagusia. Interesen marjina 285,9 milioi eurokoa izan da, 2025eko lehen seihilekoan lortutakoa baino % 3,2 txikiagoa, aktiboen interesek eta etekinek ekarpen txikiagoa egin dutelako; izan ere, horiek oraindik ez dute jaso joan den martxotik aurrera izandako tasen igoera.

Ordainbideekin lotutako diru-sarrerek urtetik urterako % 2ko hazkundea izan dute, eta inbertsio-zerbitzuen komisioen sarrerek urtetik urterako % 13ko aldakuntza. Horiei esker, komisioetatik salbuesteko programa globalaren eragina konpentsatzea lortu da; 2025eko bigarren seihilekotik aurrera aktibatu zen programa hori.

Orotara, komisio garbiak 73 milioi eurokoak izan dira, % 4,8ko hazkundea izan ondoren. Horrekin guztiarekin, entitatearen marjina gordina % 1 handitu da, 368,8 milioi eurora, aseguruen negozioak ekarpen handiagoa egin duelako eta finantza-eragiketen bilakaera konparazioz positiboa izan delako. Administrazio-gastuak % 10 hazi dira urtetik urtera, 165 milioi eurora arte. Alde batetik, pertsonal-gastuek % 8,8ko hazkundea izan dute, Laboral Kutxak enplegua sortzeko hartutako konpromisoaren ondorioz. Hain zuzen ere, azken 12 hilabeteetan 227 langile berri sartu dira guztira.

Ondorioz, seihilekoko emaitza gordina 181,6 milioi eurokoa izan da, % 6,6 handiagoa

Bestalde, entitatea Eraldatzeko Plan Estrategikora bideratutako baliabideak % 11,4 hazi dira, garatzen ari diren proiektuen garrantzi handiagatik. Entitatearen kreditu-zorroaren kalitateak argi eta garbi erakusten du estaldura-behar txikiagoa duela; beraz, horniduretarako, saneamenduetarako eta bestelako narriaduretarako zuzkidurak 5,8 milioi eurokoak izan dira —29,8 milioi eurokoak izan ziren 2025eko lehen seihilekoan—. 

Ondorioz, seihilekoko emaitza gordina 181,6 milioi eurokoa izan da, % 6,6 handiagoa. Eta, zerga-ekarpenari dagozkion 27,1 milioi euroak deskontatu ondoren, gizarteekintzako funtsetarako zuzkiduraren aurreko irabazi bateratua 154,5 milioi eurokoa izan da, 2025eko lehen seihilekoan erregistratutakoa baino % 6,2 handiagoa. Horrela, berretsi egin da interes-tasa aldakorreko ingurune honetan negozioak duen hazkunde-ibilbide sendoa.