Irakurriena
- 1. Fagor Ederbatt, errendimendu handiko litiozko bateriak ekoizteko ekimen berria
- 2. Lehenengo ASETT foroa, ate joka
- 3. Udako Campusa antolatu du Mondragon Unibertsitateak
- 4. Asun Bastida: "Tokiko produktuak salmentetan duen partea %50 baino gehiago hazi da"
- 5. Ondarroako “Antiguako Ama” trainerua aurkeztu du Kidek
- 6. Ikerlanek 33 M€ko diru sarrerak lortu ditu, erdia baino gehiago enpresen I+G proiektuetatik
"Ilusioa dagoen tokian, bide bat dago"

Lea Artibai Ikastetxeko auditorioa ilusio eta motibazio dosi handiz bete da, Markina-Xemeingo (Bizkaia) ikastetxeak urtero antolatzen duen Ilusio Ponpak jardunaldiaren hamaikagarren edizioari esker.
Ekitaldia goizeko 9:30ean hasi da eta Noelia Barruetabeña ikastetxeko zuzendaria izan da hitza hartu duen lehena. Barruetabeñak eskerrak eman dizkie hizlariei eta bertaratuei jardunaldi hau posible egiteagatik eta ziurgabetasunaren aurrean jarrera positiboa izatearen garrantzia aldarrikatu du, "helburu horretan laguntzeko gaur Dania, Xabi eta Luis izango ditugu bidelagun".
Xabi Osak, erronken aurrean, "kontua ez da lortuko dudan ala ez, baizik eta zenbat aldiz saiatuko naizen helburua lortzeko"
Ilusio Ponpak edizio honetako gonbidatuetako bat Xabi Osa (Deba, Gipuzkoa) eliteko kirolaria izan da. Jaiotzatik desgaitasun fisiko bat duen arren, mugak buruan dituela erakusten du bere hitz eta bizipenen bidez. Xabik desgaitasun horrekin txikia zenetik gaur egunera arte, kirolari handi eta motibatzaile bihurtuta, egin duen bidea partekatu du. Beldurrak eta lotsak markatzen zituen bere egunerokotasunak bultzatuta espiral ilun batean erori zen, baina pertseberantzia esker eta baldintzarik gabe lagundu eta animatu zuten pertsonaz inguratuta, hortik ateratzea lortu zuen. Kirola funtsezkoa izan zen bere trantsizioan, hasieran bere inguruan zituen pertsona guztien onarpena eta hitz politak lortzera bideratuta zeuden bere ahaleginak, baina konturatu zen egiten zuena beragatik egin behar zuela, ez besteengatik. Prestakuntza fisikoan eta nutrizionalean zentratu zen hasieran baina osasun mentalaren garrantziaz ohartu zenean hasi zen bere helburuak lortzen. "Bidea ez da erraza izango, baina lor dezaket" eta "kontua ez da lortuko dudan ala ez, zenbat aldiz saiatuko naizen hori lortzen" izan dira berarentzat funtsezkoak diren eta publikoarekin partekatu nahi izan dituen esaldietako batzuk.
Dania Diaz izan da bere esperientziak partekatzera etorri den beste gonbidatuetako bat. Magia eta ilusioa esperientzia paregabe eta inguratzaile batean uztartzen dituen Venezuelako ilusionista honek irribarreak eta harridura piztu ditu bertaratutakoen artean, bere artearen bidez eta fantasiaren eta emozioaren artean egiten duen loturaren bidez. Got Talent telebista saioan izandako parte hartze nabarmenagatik ezaguna, Daniak anekdota pertsonalak magia efektu ikaragarriekin nahasteko duen abilezia handia erakutsi du gaur, aurrez aurre zuen publikoa txundituta utzi duelarik.
Got Talent saiotik Lea Artibai Ikastetxera
Dania Diaz izan da bere esperientziak partekatzera etorri den beste gonbidatuetako bat. Magia eta ilusioa esperientzia paregabe eta inguratzaile batean uztartzen dituen Venezuelako ilusionista honek irribarreak eta harridura piztu ditu bertaratutakoen artean, bere artearen bidez eta fantasiaren eta emozioaren artean egiten duen loturaren bidez. Got Talent telebista saioan izandako parte hartze nabarmenagatik ezaguna, Daniak oso bidaia berezia prestatu du gaur publikoarentzat. Venezuela bere jaioterrian hasi eta Japoniara joateko hegazkin bat irudikatu ditu, bidaia horretan publikoko pertsona bat inplikatuz. Magia efektu harrigarrien bidez, eta une oro bere kartekin lagunduta, emanaldiko publikoa partaide egin du, eta haien inplikazioarekin jardun du emanaldi osoan zehar.
Luis Galindo (Zaragoza) izan da hitza hartzen azkena. Nazioartean hitzaldi motibatzaileak eskaintzen ibiltzen den hizlari honek 3.500 hitzaldi baino gehiago eman ditu eta 39 urtetik gorako esperientzia pilatzen du hainbat sektoretako enpresetako zuzendaritza-postuetan. Galindok, norberak bere helburuak lortzeko motibazioak eta ilusioak duen garrantzian oinarritutako hitzaldi inspiratzailea eskaini du. Eguneroko bizitzaren alderdi bakoitzean jarrerak nola eragiten duen hausnartzeko, pentsamolde positiboak erronkak aukera bihur ditzakeela erakutsiz. Ikuspuntu baikorrak erronkak aukera bilakatu daitezkeela erakutsi die bertaratuei, eguneroko bizitzako edozein aspektutan jarrerak berebiziko influentzia duela azpimarratuz.
Nazioartean hitzaldi motibatzaileak eskaintzen ibiltzen den hizlaria da Galiano. 3.500 hitzaldi baino gehiago eman ditu eta 39 urtetik gorako esperientzia du hainbat sektoretako enpresetako zuzendaritza-postuetan
Gaurko saio arrakastatsuak energia kargatzeko eta gure helburuak lortzera bultzatzeko motibazio hori bilatzeko balio izan du. Eta urtero bezala, antolatzaileek opari berezi bat eman diete bertaratu diren pertsona guztiei, ikuspuntu baikorra bilatzeko eguzkitako betaurrekoak.
Ilusio Ponpak jardunaldia
Ilusio Ponpak ekimena 2012 urtean sortu zen, krisi ekonomikoak sortutako egoeraren aurrean adituen aldetik ikuspegi eraikitzaile eta baikorra emateko asmoz. Jardunaldia nahitaezko hitzordu bilakatu da eskualdeko profesionalen artean, eta urtero ehundik gora pertsona biltzen dira Emilio Duró, Victor Küppers, Elsa Punset, Alex Txikon, Alex Rovira, Anne Igartiburu edo Mar Romera bezalako aurpegi ezagunak entzuteko. Besteak beste, beraien bizitza pertsonalean edota lan-bizitzan aurkitu dituzten oztopoak kontatzen dituzte, eta nola egiten dieten aurre. Hori da hain zuzen ere Ilusio Ponpak ekimenaren helburua, jendeari arazoen aurrean ikuspegi baikorra transmititu eta motibazioa sustatzea.
Lea Artibai Ikastetxea
Lea Artibai Ikastetxea 1957an sortutako goi-mailako hezkuntzako zentroa da, Markina-Xemeinen kokatua eta kooperatiba izaerakoa. Bere inguruneko garapen-eragile iraunkorra izatea du misio. Horretarako, kalitatean oinarritutako laneko prestakuntza eta trebakuntza, orientazioa eta laneratzea eta enpresa-sareari prestakuntza-zerbitzu integrala ematen dihardu etengabe.
Azken 10 urteetan 18.000 ikasle baino gehiago pasatu dira Lea Artibai Ikastetxeko instalazioetatik; batxilergoa, lanbide heziketa zein lanerako prestakuntzan trebatu direnak. Gainera, hainbat dira, urtero, Ikastetxearen laneratze zerbitzuaren bitartez lanpostu bat eskuratzen duten ikasleak.
Lea Artibai Ikastetxea eta inguruko enpresa-sarearen arteko harreman estu eta indartsuari esker, etengabe elkarlanean ari dira Ikastetxea eta enpresak. Hainbat lan egiten dituzte, besteak beste, zerbitzu teknikoak eskaini, proiektu berritzaileak egin edota prestakuntza-planak diseinatu.