Irakurriena
- 1. Felipe VI.ak MONDRAGON bisitatu du, haren eredua eta etorkizuneko erronkak bertatik bertara ezagutzeko
- 2. “Eroski lan egiteko leku aberasgarri egiten jarraitu behar dugu”
- 3. MONDRAGONek Mexikoko filialen arteko kooperazioa indartu du
- 4. Elkartasuna nagusi Mundukideren lasterketan
- 5. Jokin Umerez izendatu dute Eneako zuzendari nagusi
- 6. Bazen behin Behobia Donostian
Eider Mendozak Orbik Cybersecurityren hazkunde-planak ezagutu ditu Arrasatera egindako bisitan
Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak Orbik Cybersecurity enpresaren instalazioak bisitatu ditu Arrasaten, kooperatibaren bilakaera eta etorkizunerako planak bertatik bertara ezagutzeko. Bisitan, Orbikek 2030eko Ikuspegia aurkeztu du, zibersegurtasun industrialaren arloan Europako erreferentziazko enpresa gisa finkatzeko bide-orria.
2023an Ikerlanen spin-off gisa sortua, Orbik Cybersecurity MONDRAGONeko kooperatiba bihurtu da, eta hazkunde nabarmena izan du hiru urte eskasean. Gaur egun, 60 profesional baino gehiago ditu eta 100 bezerotik gora; 2025ean, 2 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan zituen.
Gaur egun, 60 profesional baino gehiago ditu eta 100 bezerotik gora; 2025ean, 2 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan zituen.
Orbiken jarduera teknologia propioa garatzean oinarritzen da, enpresei beren produktu elektroniko industrialen zibersegurtasuna eta araudi-betetzea bermatzen laguntzeko. Horretarako, hainbat arlotan lan egiten du, hala nola ebaluazioan, ziurtapenean eta zibersegurtasun-adostasunaren kudeaketa integralean. Horrela, besteak beste, energiaren, garraioaren, automobilgintzaren, trenbidearen, 4.0 industriaren eta gailu medikoen sektoreetako beharrei erantzuten die.
Hazteko apustua
Orbiken 2030eko Ikuspegia hiru lehentasunen inguruan egituratzen da: Gipuzkoatik teknologia garatzea, kualifikazio handiko enplegua sortzea eta industriaren lehiakortasuna hobetzen laguntzea, izaera kooperatiboa eta nazioarteko bokazioa dituen enpresa-proiektu baten bidez.
Orbiken 2030eko Ikuspegia hiru lehentasunen inguruan egituratzen da: Gipuzkoatik teknologia garatzea, kualifikazio handiko enplegua sortzea eta industriaren lehiakortasuna hobetzen laguntzea, izaera kooperatiboa eta nazioarteko bokazioa dituen enpresa-proiektu baten bidez.
Bisitan, Eider Mendozak Orbik bezalako ekimenek lurraldeko industria-sarea indartzeko duten garrantzia nabarmendu du. "Orbiken hazkundeak berresten du Gipuzkoak Europako industriarentzat estrategikoa den zibersegurtasunaren arloan kokatzeko beharrezko ezagutza, talentua eta enpresa-gaitasuna dituela", adierazi du. Era berean, horrelako proiektuek enplegu kualifikatua sortzen dutela eta nazioarteko proiekzioa duten konponbide teknologikoak lurraldetik bertatik garatzeko aukera ematen dutela azpimarratu du.
Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak zibersegurtasun industrialaren alde egindako apustua ere nabarmendu da, baita ZIUR, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren, ekimenek ezagutza, gaitasun eta enpresa-aukera berriak sortzeko egiten duten ekarpena ere.
Ikerketatik proiektu kooperatibora
Orbiken ibilbidea teknologia-transferentziaren adibide ere bada. Kooperatiba Ikerlanek industria-produktuaren zibersegurtasunaren arloan garatutako gaitasunetatik sortu zen, urteetako ikerketa eta ezagutza aurreratua teknologia propio, enpresa-jarduera eta enplegu espezializatu bihurtuz.
"Orbikek oso ondo islatzen du Ikerlanen transferentzia teknologikotzat ulertzen duguna: ezagutza aurreratua eta urteetako ikerketa hazteko, enplegua sortzeko eta industriari konponbide lehiakorrak eskaintzeko gai den enpresa berri bihurtzea", nabarmendu du Ion Etxeberriak, Ikerlaneko zuzendari nagusiak.
2025ean, Orbikek beste urrats bat eman zuen bere ibilbidean, lan elkartuko kooperatiba misto bihurtu baitzen, MONDRAGONen eta Ikerlanen arteko akordio baten bidez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Basque Tek Ventures programaren bitartez.
Bestalde, Salva Trujillok, Orbik Cybersecurityko zuzendari nagusiak, adierazi du kooperatibaren helburua dela Gipuzkoatik hazten jarraitzea, industriari zibersegurtasunaren arloko erronkei aurre egiten laguntzea eta arlo horretan Europako erreferente gisa kokatzea.
2030eko Ikuspegi honekin, Orbikek indartu egin du garapen teknologikoa, enplegu kualifikatua eta nazioarteko proiekzioa uztartzen dituen enpresa-proiektu kooperatiboaren aldeko apustua, Gipuzkoatik industriaren indartzen laguntzeko.