Irakurriena
- 1. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
- 2. Orbea saritua izan da 2026ko Euskadi GJHen sarietan
- 3. Ruben Gabilondo, Orbeako presidentea: “Orbeako urte onenetako batzuk bizitzea tokatu zait”
- 4. Bazkide eta birkokatuentzako birkualifikazio programa amaitu du Fagor Ederlanek
- 5. Arizmendiarrieta Gunea zabalik da Otaloran
- 6. Eroski Taldeak 17,8 milioi euroko emaitza positiboa izan du 2026ko lehen hiruhilekoan
Ikasleen %52 emakumeak dira Mondragon Unibertsitatearen Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoko graduan
Mondragon Unibertsitateak Bilbao AS Fabrik-en estreinatu berri duen Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoko gradu berriak irauli egin du betiko joera historikoa: gizonak gehiengo izatea ingeniaritza-ikasketetan. Hain zuzen ere, gradua ikasten duten ikasleen % 52 emakumeak dira (eskainitako 40 plazetatik 21 emakumeek bete dituzte). Hala, agerian geratu da ingeniaritza berri horrek gizonen eta emakumeen artean piztu duen interesa, eta ingeniaritza-ikasketetan ohikoa izan den joera hautsi egin da, gutxigatik bada ere. Bestalde, gradu berriko ikasleen % 52,5 bizkaitarra da, % 27,5 gipuzkoarra eta % 20 arabarra.
Zerbait aldatzen hasi da STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) eremuko unibertsitate-ikasketetan. Erakundeak eta ikastetxeak aspaldi hasi ziren lanean horrelako karreretan gizonen eta emakumeen artean nabarmena den arrakala teknologikoari aurre egiteko, eta hainbat ekimen jarri izan dituzte martxan emakumeen artean gai horiekiko interesa sustatzeko. Gaur egun, lau emakumetik batek soilik aukeratzen ditu zientziaren esparruko unibertsitate-ikasketak. Beraz, garrantzitsua da Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza-gradu berrian lortutakoa; ez da joera-aldaketa dagoela adierazteko bezain handia, baina agerian utzi du tituluak batez ere emakumeen artean piztu duela interesa.
Mondragon Unibertsitateak irailean jarri du gradua abian, eta izen-emateetan segituan ikusi zen ingeniaritza berriak harrera bikaina izan zuela batxilergoko ikasleen artean. Plaza guztiak (40) matrikula-garaian bete dira.
Emakumeen presentziari erreparatuta, Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoko graduan ez ezik, emakumeak gehiengo dira Industria Diseinuko Ingeniaritzan (% 56), Ingeniaritza Biomedikoan (% 61) eta Industria Antolakuntzako Ingeniaritzan (% 53) ere.
Ikasturte honetan egin diren matrikula berrien % 30 (161) emakumeenak dira. Guztira 1.937 ikasle ari dira ingeniaritzaren bat ikasten Mondragon Unibertsitatean. Horietatik % 29 emakumeak.
Emakumeen talentua erakartzea
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak konpromiso sendoa du gizartean STEM gaien inguruko sentsibilizazioa sustatzeko, bereziki DBHko eta batxilergoko nesken artean.
Industria-enpresek gai zientifiko eta teknologikoetan espezializatutako talentu gaztea behar dute, eta fakultateak urteak daramatza gaztetxoen artean STEM eremuko bokazioak sustatzeko ekimenak egiten. Talentu gaztea gai horietara erakartzea baliagarria da enpresek egiten duten horrelako profesionalen eskaerari erantzuteko, eta, aldi berean, haien lehiakortasun-maila hobetzeko.
Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatearen estrategiaren erakusgarri dira, besteak beste, First Lego League lehiaketaren antolaketa campusean, ikastetxeei egiten zaien teknologia- eta ingeniaritza-lantegien eskaintza, Zientziaren Astea, Emakume eta Neska Zientzialarien Eguna, Bizikletaren Nazioarteko Eguna, STEM lanbideak hurbiletik ezagutzeko industria-enpresetara egiten diren bisita birtualak eta gaztetxoentzat eredugarri izatea helburu duten hitzaldi inspiratzaileak fakultateko emakume irakasleen eskutik. MONDRAGON ZTIM HUB proiektuaren barruan gauzatzen dira jarduera horiek guztiak (https://ztimhub.mondragon.edu/eu/ekintzak). Gaztetxoen artean zientzia, ingeniaritza, teknologia eta matematikak sustatzea da ikastetxeek, enpresek, gizarte-eragileek eta udalek osatzen duten sare horren asmoa.