Herritarrei zabaltzeko fasean da Ekiola energia kooperatiba Elgoibarren eta Mendaron

Proiektua Krean kooperatiba ari da garatzen, eta Danobatgroupen 120.000 euroko babesa jaso du.
Card image cap
Danobatgroupeko, Elgoibar eta Mendaroko Udaletako eta Kreaneko ordezkariak, proiektuaren eta gizarteratze planaren aurkezpenean.
2025/05/21

Proiektua herritarrei zabaltzeko faseari ekingo dio bihar Elgoibar eta Mendaroko Ekiola energia kooperatibak, bi herrietan egingo diren saio informatiboekin: ostegunean, 19:00etan, Elgoibarko Aita Agirreko areto nagusian; eta ostiralean, 18:00etan, Mendaroko udaletxeko batzar aretoan.

Eguzki parke fotovoltaikoa eraikitzea aukera bat izango da, bai onura ekonomikoengatik, eta baita Ekiolak dakartzan ingurumen eta gizarte onurengatik ere

Hala, eskualdeko herritarrak kooperatibara batu nahi ditu Ekiolak, autohornikuntzarako eguzki energia ekoizteko tokiko planta berria kudeatuko duena. Izan ere, 650 bat kooperatibista izan nahi ditu proiektuak. Horientzat eguzki parke fotovoltaikoa eraikitzea aukera bat izango da, bai onura ekonomikoengatik, kooperatibistei aukera ematen dielako energiaren kostu prezioa merkatuko bataz bestekoaren azpitik izateko; eta baita Ekiolak dakartzan ingurumen eta gizarte onurengatik ere, behar energetikoak %100ean asetzea ahalbidetzen dielako, 0KM eguzki energia garbia eta berriztagarria erabilita, eta erabakiak era kolektiboan hartzen diren komunitate baten parte hartzeko aukera ematen dielako

Urteko bataz besteko kontsumoa 2.200 kWo denean, 2.300 euro ingurukoa izango da kooperatibista bakoitzaren ekarpena. Horrek ahalbidetuko du kooperatibistak urteko elektrizitate eskariaren %100 subiranoak izatea. Bestalde, energia kontsumitzaile bakoitzari 24 euro/MWo kostatuko zaio energia sortzea lehen urtean, eta kalkulatzen da 30 ingurukoa izango dela proiektuaren balio bizitza.

Planta fotovoltaikoa Azkaraten jarriko da, eta lanak 2025ean amaitzea aurreikusten da. 2026. urtetik aurrera espero da kooperatibako bazkideek euren energiaz baliatu ahal izatea, autohornikuntzako instalazioa abian jartzen denan.

"Enpresa kooperatibo gisa, badakigu pertsonak helburu komun batekin batzen direnean emaitzak hobeak, bidezkoagoak eta iraunkorragoak direla"

Krean eta Danobatgroup, proiektuaren parte
Energiaren Euskal Erakundearen eta Krean ingeniaritza sustatzailearen arteko lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da Ekiola proiektua, Euskadiko eredu kooperatiboan energia komunitateak sortzea helburu duena, herritarrek sor dezaten euren beharrak asetzeko behar duten energia elektrikoaren %100.

Era berean, Elgoibarko eta Mendaroko Ekiola proiektuak Danobatgroupen babesa izan du, instalazio gastuetara bideratutako 120.000 euroko ekarpena eginda. Eta talde industrialeko kideek ere aktiboki lagundu dute proiektua sortzeko eta garatzeko prozesuan, Erika Lehr Danobatgroupeko Kontseilu Errektoreko idazkariak azaldu duenez: "Enpresa kooperatibo gisa, badakigu pertsonak helburu komun batekin batzen direnean emaitzak hobeak, bidezkoagoak eta iraunkorragoak direla".

Iraunkortasuna bere jardueraren zeharkako ardatz gisa kokatzeko egindako apustu irmoaren barruan kokatzen da Danobatgroupen ekarpena hau, Ingurumen, Gizarte eta Gobernantza printzipioek gidatuta.

Ingeniaritza eta arkitektura

MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa