Hedapen Kooperatiboaren urteroko topaketa Otaloran

2018an ia 2.000 bisitari etorri ziren geurera, Esperientzia Kooperatiboa in situ ezagutzeko asmoz.
Card image cap
2018/12/18

Abenduaren 17an ospatu zen MONDRAGONeko Hedapen Kooperatiboaren ohiko topaketa. MONDRAGONek zerbitzu bat dauka Esperientzia Kooperatiboan interesa duten pertsonak artatzeko: Hedapen Kooperatiboa. Eta zerbitzu honekin kolaboratzen dute urtean zehar erakunde ezberdinetako hainbat pertsonek: MONDRAGONeko kooperatibek, Euskadiko Nekazari-elikagaien Kooperatiben Federazioak, ERKIDEk,  gertuko administrazio publikoak eta Arizmendarrietarekin lotutako bestelako elkarteek. Guztien artean bisitariari erakutsi nahi izaten zaio zer den MONDRAGONeko Esperientzia Kooperatiboa eta, horrekin batera, hemengo kooperatibismoa.

Otaloran (MONDRAGONeko Zuzendari eta Kooperatiba Garapenerako Zentroa) izan da topaketa. Lehenik bilera egin da urtea nola joan den jakiteko eta ondoren lagun arteko bazkarian batu dira elkartutako guztiak.

Ia 2.000 bisitari

2018an 1.960 pertsona etorri dira MONDRAGONera, %78 Estatu espainiarretik kanpokoak. Hauek 50 herrialdetatik etorri dira, bereziki (bisitari gehiagoko herrialdetik gutxiagora) Hego Korea, Argentina, Estatu Batuak, Brasil, Mexiko, Japonia, Belgika, Holanda eta Alemania. Bisitarien %45 interes enpresarialarekin dator: ekintzaileak, kooperatibistak edo politikariak dira, zeintzuek beraien lurraldea (edo beraien kooperatiba) hobetu nahi duten gure ereduaz. Partaideen %42ak interes akademikoa dauka: ikasle eta irakasleak dira, zeintzuek eredu kooperatiboa ezagutu eta bertan sakondu nahi duten. %2ak, esan daiteke, interes orokorra duela.

Bestalde, 860 pertsonek parte hartu dute Hedapen Kooperatiboak munduan zehar eman dituen hitzaldietan.

Nabarmentzekoa da, azkenik, 156 talde artatu direla eta horietako 47 kooperatibek eskatuta izan direla; azken hauek beraien bezero, hornitzaile eta pertsona klabeak izan dira.