Irakurriena
- 1. MONDRAGONek 11.213 milioiko salmentak lortu zituen 2024an
- 2. “Kooperatibismoak enpresen arazo bertsuei, soluzio desberdinak ematen dizkie, pertsona erdigunean jartzen duelako”
- 3. Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak gradu amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte
- 4. Orbeak arrakasta lortu du Eurobike 2025 azokan, Muga 10 e-bike eta 2026rako gama berrituarekin
- 5. BGAEentzako fiskalitate berria. Nola eragingo dio zure pentsioari?
- 6. LKS Nextek Aitor Moreno batu du taldera, adimen artifizialean eta teknologia kuantikoetan erreferentea
Fagor Mugiren erronka martxan, Mugikortasun asteari lotuta

Hain zuzen ere, Urban Mobility Challenge izenpean, irailaren 16tik urriaren 16ra bitartean pilatzen diren kilometroen araberako sailkapena du egina Ciclogreenek -bezeroen artean dira Fagor Taldea, Ulma, Decathlon, CAF…-. “Asmoa da aplikazio honen erabiltzaileak kilometro iraunkorrak egitera bultzatzea. Mugikortasun ohiturak aldatzeko bitartekoak inoiz ez daude soberan, eta, hori horrela, Urban Mobility Challenge erronkari ere egingo dio ekarpenik Fagor Taldeak, kilometro iraunkor gehien pilatzen dituen Fagorkideari Harreman Dendako saskia emanez”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Dena den, Fagor Taldeak mugikortasun iraunkorrarekin duen konpromisoa ez da hor bukatzen. Hortik harago eginez, aurrera begirako bide-orria zehaztu guran, mugikortasun iraunkorrerako plana landu du berriki. Besteren artean, taldeko kide diren kooperatibetan mugikortasun jasangarrirako ibilgailuen erabilera errazteko bitartekoak jartzea, garraio kolektiboa bultzatzeko ekinbideak sustatzea eta langileen lekualdatzea murrizteko neurriak abiaraztea modukoak proposatzen ditu mugikortasun planak. “Orain, proposamenak mahai gainean, horien egingarritasuna neurtu, eraginak aztertu eta balizko neurriak abiarazi beharra legoke. Urrats sendoak behar dira, eta bidean aurrera egiten jarraitzeko prest dago Fagor Taldea”, aitortu du Iraunkortasun arduradunak.
Bailara mailako erronka
Mugikortasun iraunkorrarena ez da kooperatiba taldera mugatzen den erronka. Hortik harago egin gura luke Fagor Taldeak, Debagoiena eskualdeko (Gipuzkoa) enpresa, eragile eta erakundeen arteko lankidetzarako aukerak aztertuz, eta, posible litzatekeen kasuetan, ekinbide bateratuak bultzatuz. Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearen bidez egingo litzateke hori. “Mundu mailako erronka da mugikortasun iraunkorrarena. Gainera, Debagoienearen kasuan, hura da CO2 isurpenen bigarren eragile nagusi. Egoera iraultzeko, karbono aztarna murriztu beharra dugu, eta, hor, funtsezkoa izango da mugikortasunean eragitea. Horretarako, hainbaten artean, Debagoiena mailako neurriak hartu behar lirateke, ez bailitzateke aski kooperatiba talde barrukoekin”, azpimarratu du Otxandianok.