Irakurriena
- 1. Gipuzkoako Bazkundeak saria eman dio MLAKoop kooperatibari
- 2. Arkaitz Etxezarreta, Errekako zuzendari nagusi berria
- 3. “Gizarte hobe bat sortzea, hori da gure utopia eta, gure inperfekzio guztiekin, utopia hori lurreratzen saiatzen gara”
- 4. Espainiako Bankuko gobernadoreak MONDRAGON bisitatu du
- 5. Errekak Darwin Biomed startuparekin bat egin du, Health linea bultzatzeko helburuarekin
- 6. Ingeniaritza eta Zerbitzuen Dibisioa Advanced Factories-en egongo da
- 7. Arizmendi ikastola, 20 urte
- 8. Parte-hartze handia LagunAro BGAEren 2024ko ohiko batzarrean
- 9. LKS Next Estatuko lehen 100 teknologikoen artean, 2023ko fakturazioaren arabera
- 10. Kooperatiben Korrikako argazki galeria ikusgai
'Fabrika berdea' izeneko Europako lehiaketan finalistak
Mondragon Unibertsitatearen Galarretako Campuseko Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza Graduko ikasleak industria eta fabrika berdeari buruzko «Teaching Factories» lehiaketaren finalera iritsi dira. Lehiaketa Europako EIT Manufacturing partzuergoak sustatu du, eta haren helburua da, batetik, ikusaraztea manufakturen berrikuntzako testuinguruan zer onura dakartzan unibertsitateen eta enpresen arteko lankidetzak, eta, bestetik, industriak jasangarritasunaren arloan dituen erronkak ebaztea. EIT Manufacturing sareak industria, hezkuntza eta ikerketaren arloko erakundeak biltzen ditu, industria-berrikuntza eta jasangarritasuna elkarlanean lantzeko.
Finala azaroaren 19an egingo da, eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek Kroazia, Grezia, Mazedonia, Hungaria eta Italiako unibertsitateetako taldeak izango dituzte aurrez aurre
Lehiaketan, Europako hainbat herrialdetako taldeek parte hartu dute, eta finalera sei talde iritsi dira. Finala azaroaren 19an egingo da, eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek Kroazia, Grezia, Mazedonia, Hungaria eta Italiako unibertsitateetako taldeak izango dituzte aurrez aurre.
Mondragon Unibertsitateko taldeak 5 ikasle ditu, eta Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza (Green Manufacturing) Graduko hirugarren maila egiten ari zirenean garatu zuten proiektua. Talde guztiek hiru hilabete izan dituzte enpresa parte hartzaileek «industria berdea» kontzeptuarekin lotuta proposatu dituzten 6 erronketako bat ebazteko.
Zehazki, Mondragon Unibertsitateko ikasleek landu duten erronka Procter & Gamble enpresak proposatutakoa izan da. Kontsumo-ondasunak fabrikatzen dituen konpainia multinazionala da Procter & Gamble, eta saltzen dituen 65 marken artean daude Ariel, Gillette eta Oral-B. Konpainiak 99.000 langile ditu, eta bere produktuen hornidura-katean ingurumen-erantzukizuna areagotzeko asmoa du. Ikasleei proposatutako erronka honako hau izan da: baliabideen (ura, elektrizitatea, gasa, aire konprimitua, etab.) kontsumoari eta erabilerari buruzko datuak monitorizatzea, analisi espezifiko bat egin eta ekoizpen-kate bateko baliabideen kontsumoa murrizteko ekintza zuzentzaileak proposatu ahal izateko.
Mondragon Unibertsitatearen Galarretako Campuseko Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza Graduak talentu gaztea prestatzen du fabrikazio teknologietan eta materialetan, jasangarritasunaren ikuspegitik
Ekoteknologietako Gradua: industriarekiko konpromisoa
Industriak inpaktu handia du ingurumenean, eta enpresek trantsizio ekologikoarekiko konpromisoa hartu behar dute. Horregatik, Mondragon Unibertsitatearen Galarretako Campuseko Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza (Green Manufacturing) Graduak talentu gaztea prestatzen du fabrikazio teknologietan eta materialetan, jasangarritasunaren ikuspegitik. Helburua da industriako enpresetan sartzen diren teknikari berriek jasangarritasunaren ikuspegia integratuta izatea, eta Europako jarraibideekin bat datozen metodo eta teknika berdeak aplikatzen jakitea.
Lanbideren azken enplegagarritasun txostenean jasotzen denez (2018ko egresatuen datuak), Ekoteknologietako ingeniarien enplegu tasa % 100 da, eta % 90ek Euskadin lan egiten dute (horrek agerian uzten du euskal erakundeek zer garrantzi ematen dioten aspaldidanik jasangarritasunaren eta eraginkortasunaren erronkari).