Euskarazko edukiak sareetan sustatzeko helburuarekin dator Euspoten 15. edizioa

Euskarazko sormena bultzatzeko hitzordu garrantzitsua iritsi da berriro ere. Aurtengo edizioan, ‘Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?‘ galderari erantzun beharko diote parte-hartzaileek 30 segundoko iragarkiaren bidez. Arizmendi Ikastola eta Mondragon Unibertsitatea lehiaketaren antolatzaileen artean daude aurten ere. Lanak aurkezteko epea 2026ko maiatzaren 25era arte egongo da zabalik.
Card image cap
2026/03/25

Euskal Herrian erreferente bilakatu den Euspot (Euskarazko Spot Lehiaketa) bueltan da bere 15. edizioarekin. Euskarazko sormena sustatzeko helburuarekin sortu zen ekimen honek 1.000 spotetik gora jaso ditu bere ibilbidean, eta aurten ere gazteak euskarazko publizitatera gerturatzea du helburu nagusi.

Arizmendi Ikastola eta Mondragon Unibertsitatea dira, Aretxabaletako Udalarekin eta Arteman Komunikazioarekin batera, lehiaketaren antolatzaileak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa du ekimenak eta laguntzaileen artean daude Bai Euskarari Elkartea eta Music Library.

Aurtengo erronka: mundu digitala euskaraz margotzea

Aurtengo gaia hartuta (Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?), gazteak sare sozialetan euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzera bultzatuko dituzten ikus-entzunezkoak sarituko dira. Formatua librea da, hau da, spot-ak horizontalean zein bertikalean grabatu ahal izango dira.

Antolakuntzak azpimarratu duenez, euskara da gure bereizgarri nagusia mundu globalizatu honetan. Erdarazko ozeanoan, euskara da gure balio erantsia, eta edukiak euskaraz igotzean, identitate digital propioa eraikitzen dugu. Bideo formatuak sortzaile gazte asko animatu ditu euskara erabiltzera, umorea eta egunerokotasuna ardatz hartuta, eta Euspotek olatu hori indartu nahi du.

3.000 euro baino gehiago saritan eta sari bereziak ikasleentzat

Guztira sei sari banatuko dira aurtengo edizioan, eta horien artean, bereziki nabarmentzekoak dira ikasleentzat bideratutako sari espezifikoak:

Sari nagusiak:

  • Spotik onena: 1.000 euro.

  • Publikoaren saria: 500 euro.

  • Gazteen saria (18 urtetik beherakoak): 500 euro.

  • Musika sinkronizazio onenaren saria: 300 euro.

Sari gehigarriak gure komunitatearentzat:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena: 500 euro.

  • Arizmendi Ikastolako ikasleen spotik onena: 250 euro.

Nola parte hartu?

Lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte. Iazko edizioa oso arrakastatsua izan zen, 115 spot baino gehiago aurkeztu baitziren (horietatik 95 adin txikikoenak). Aurten ere marka guztiak haustea espero da.

Maiatzaren 25a bitartean egongo da epea zabalik. Briefinga, oinarriak eta parte hartzeko galdetegia www.euspot.eus atarian daude eskuragai.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa

Irakaskuntza