Irakurriena
- 1. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 2. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 3. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 4. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 5. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 6. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 7. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 8. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
- 9. Gerodanek MONDRAGONen egoitza nagusiko ekipamendu proiektu berria garatu du
- 10. "Jaguar Land Roverrek funtsezko laguntzaile teknologikotzat hartzen gaitu"
Etorkizuneko informatikariak formatuko dituzte Arizmendi Ikastolak eta Mondragon Unibertsitateak
Mondragon Unibertsitatearen eta Arizmendi Ikastolaren interkooperazioari esker, datorren ikasturtetik aurrera Debagoieneko gazteek ikasketa aukera berria izango dute Informatika arloan. Gaur aurkeztu dute ziklo integrala Arizmendi Ikastolako Ferixalekuko gunean. Bertan izan dira; Edurne Erauskin Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako arduraduna; Beñat Irazabal, Arizmendi Ikastolako Informatika irakaslea; Iñaki Velez de Mendizabal, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Informatika arduraduna; eta Gorka Aretxaga, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Lanbide Heziketako arduraduna.
Aurrekariak eta etorkizuna: 3.000 lanpostu aurreikusten dira arlo horretan 2020an
Gizartea azken urteetan, eta batez ere etorkizunera begira informatikariaren profila eskatzen dihardu. Bada, profesional horiek formatzeko asmotan, Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak bat egin dute hezkuntza eskaintza osoa aurkeztuz. Bide integrala izango da. Alegia, aurrerantzean informatika arloan 0tik hasita gradura arteko bidea egin ahal izango da Debagoienean.
Ikaslea urtez urte, zikloz ziklo, murgilduta egongo da informatika munduan
Ohiko bidea DBH bukatu, batxilergoa egin eta gero unibertsitatera egindakoa izan da; orain, berriz, toki berera iristeko beste bide bat eskainiko dute Arizmendi Ikastolak eta MUk: erdi mailako zikloan hasi, goi mailako ziklora pasatu eta unibertsitatean jarraitu. Bide honetan, lehen ez bezala, gaur egun ez dago ez sarrera frogarik ez beste era bateko oztoporik ere. Edurne Erauskinek adierazi duenez, "orain arteko bideak zein berriak, biek, helmuga bera izanik, batak gehiago erantzuten dio teorian, askotariko ezagutzan eta abstrakzio mailan gustura aritzen den ikasleari, eta horrek seguruenik, batxilergoko bidea aukeratuko du. Manipulazioan, praktikotasunean, errazago aritzen denak, berriz, lanbide heziketakoa aukeratuko du".
Dualtasunaren eskaintza
Lanbide Heziketak betidanik izan du harreman estua enpresekin. Gaur egun, are gehiago. Dualaren eskaintza horren lekuko da. Era berean, gaur aurkeztutako proposamenak badu beste balio erantsi bat. Ikaslea urtez urte, zikloz ziklo, murgilduta egongo da informatika munduan. Ikasleek urte batetik bestera sakontzeko asmoz egingo dute aurrera, bakoitzak bere helmugarekin topo egin arte, erdi mailako zikloan, goi mailakoan edo unibertsitatean.
Berrikuntza handiena Arizmendi Ikastolaren erdi mailako zikloa izango da
Kontuan hartu behar da, gainera, ziklo bakoitzaren amaieran titulu bat izango dutela, eta horrek lanbidea ahalbidetu edota erraztuko diela. Beraz, lana eta ikasketa bateragarriak izango dira.
Ibilbide osoa MONDRAGON taldean
Erdi mailako zikloen eskaintza txikia da bailaran, eta eskaintza berriarekin Arizmendi Ikastolak apustua egiten du horren alde, pentsatuz irteera duina eta egokia dela hainbat ikaslerentzat. Bestalde, talde berekoek (MONDRAGON taldekook) osatzen dute ibilbide osoa.
Beñat Irazabal, Arizmendi Ikastolako Informatika irakasleak adierazi duenez, Mikroinformatikaren sistemak eta sareak erdi mailako zikloaren helburuak hiru dira: "Ikasleak Mikroinformatikako Tresneria, Sareak eta Zerbitzuen kudeaketan, oro har, trebatzea. Bestalde, horiek merkaturatzen, muntatzen eta konpontzen diharduten erakundeetan lan egiteko prestatzea. Eta azkenik, eta bereziki goi mailako “Sareko Informatika Sistemen Administrazioko Goi-mailako Teknikaria” heziketa zikloa egin ahal izateko oinarrizko ezagutzak eskuratzea".
Irazabalek adierazi duenez, azken helburu hori azpimarratzea gustatuko litzaieke, martxan jarriko den Mikroinformatika zikloa dela-eta, izan ere, erdi mailako heziketa zikloaren titulua eskuratzeaz gain, ikasleei etorkizunera begirako ikasketekin jarraitzeko aukera eskainiko diete. "Gainera, gure bailaran, heziketa ziklo hau ez da eskaintzen eta gaur egun berebiziko garrantzia duen sektore batek heziketa zikloetan zuen hutsunea betetzera dator. Asmoa heziketa zikloa ahalik eta modu praktikoenean planteatzea da, kontzeptuak eta alde teorikoa albo batera utzi gabe. Egoera errealei erantzungo dieten profesionalak hezten saiatuko gara" adierazi du Beñat Irazabalek.
Ate irekiak maiatzaren 10ean
Zikloaren nondik norakoak ezagutarazteko, datorren asteazkenean, hilaren 10ean, 16:00etan tailer praktiko bat eskainiko dute ikasketa horietan interesatuta egon daitekeen edonorentzat.
Mondragon Unibertsitatean Goi mailako zikloa eta Gradua
Iñaki Velez de Mendizabalek adierazi duenez, Mondragon Unibertsitatean Sareko Informatika Sistemen Administrazioko Goi-mailako Teknikaria titulua eskainiko diete erdi mailatik datozenei: "Tituluaren helburu nagusia Informatika arloko Goi Teknikariak behar dituzten ezagutza teknologikoak ematea da. Ziklo honetan jasotzen diren ezagutzek, erdi mailakoan landutakoak sakondu eta beste arlo berri batzuk garatzen dituzte. Titulu honetako Goi Teknikariek sistema informatikoak martxan jartzerako momentuan egin behar diren analisi eta plangintza guztiak egiten dituzte: Beharren analisia egin, medioen aukeraketa gauzatu, inplantazio plangintzak garatu eta sistemak martxan jarri".
Horretarako segurtasun sistemen eraginkortasuna, erabiltzaile anitzeko sistemen instalazioa, ordenagailu motak, sareak, sistema eragileak eta datu-baseen eta Interneteko zerbitzarien administrazioa lantzen dituzte, irteera profil balioanizduna lortzen dutelarik, zeinek informatika departamentu bateko lanpostu askotan lan egitea ahalbidetzen duen. Formazio honek alderdi teorikoa, erronka eta proiektuetan oinarritutako formazio praktikoarekin uztartzen du. Aipatzekoa da Goi Mailako Heziketa Ziklotik honetatik gradura pasatzen diren ikasleek, zenbait ikasgai tekniko baliozkotuak izango dituztela, aurretik dauzkaten ezagutza teknikoak direla eta. Era berean, Gradua Informatika Ingeniaritzan egin ahal izango dura. Gradu horretarako diseinatutako prestakuntza zeharkakoa eta oso erabilera anitzekoa da, ikasleak hainbat lanetarako trebatzen baititu: zenbait plataforma erabiliz (ordenagailuak, sistema txertatuak, telefono mugikorrak…) informatika-produktuak garatzeko eta enpresa bateko informazio-sistema konfi guratu, kudeatu eta mantentzeko, besteak beste. Hortaz, ikasketa-planaren helburua ikasleak honako eduki hauek bereganatzea da: programazioa, ordenagailuen ingeniaritza, softwarearen ingeniaritza, informazio-sistemak, sistema adimendunak, sistema eragileak, sistema txertatuak, sistema banatuak eta sareak. Prestakuntza horri esker, ikasleak hainbat lan-ingurunetara egokitzeko gauza izango dira.
Beñat Irazabal eta Iñaki Velez de Mendizabal, gaurko aurkezpenean
Enpresek profesional kualifikatuak behar dituzte informatikaren arloan
Gaur egungo enpresek, geroz eta gehiago informatikarekin erlazionaturiko ezagutzak dituzten profesionalak behar dituzte. GAIA-ren datuen arabera, IKTen sektorea (telekomunikazio, elektronika eta informatika enpresak biltzen dituenak) handituz doa azken bi urteetan, eta 2020ra arte 3.000 lanpostu berri sortzea aurreikusten da. Hazkunde horri erantzuteko profesional berriak beharko dira sektore horretan.
Gaur egun dagoeneko profesionalen falta nabaria da, lan merkatuan dauden postuen ehuneko handi bat ez baita betetzen, batez ere bi arrazoi nagusigatik: Profil horretako profesional kualifikatu faltagatik eta esperientzia faltagatik. Gaur aurkeztutako ibilbideak bi arazo horiei aurre egiten die.