Irakurriena
- 1. MONDRAGONek etorkizuneko negozioak eta gizarte inpaktua indartzeko estrategia berretsi du aurtengo Kongresuan
- 2. MLAKOOPek 60. urteurrena ospatu du eta etapa berri bati ekin dio etorkizunari begira
- 3. Beste bi urtez EU4Dual Europako proiektuaren lidertzan
- 4. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
- 5. Gutun irekia Arizmendiarrietari
- 6. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
Emakumeen futbol festa hamaikagarren urtez Aretxabaletan
XI. Gabonetako Emakumeen Futbol txapelketa aurkeztu da gaur Aretxabaletan. Antolatzaileek, babesleek eta Realeko ordezkariek eman dituzte txapelketaren gaineko argibide guztiak gaur, Ibarra kiroldegian, eta guztiak bat etorri dira: "Aurtengoa ere emakumeen futbolaren festa handia izango da". Aurkezpenean Elena Errasti, Arizmendi Ikastolako Bigarren Hezkuntzako zuzendaria; Nerea Etxabe, Aretxabaletako Udaleko zinegotzia; Urtzi Amiano, Arizmendi Kirol Elkarteko kidea; eta Nekane Soria, Real taldeko kontseilaria eta emakume sailaren arduraduna izan dira.
Guztira 32 talde, 300 neska baino gehiago eta 50 partidu jokatuko dira
Ibarra futbol zelaian abenduaren 30 eta 31n
Aurten, txapelketan lau maila arituko dira: alebina, infantila, kadetea eta seniorra. Lehenengo hiru mailetan futbol 8ko txapelketa egingo da, eta senior mailan futbol 11ko goi mailako triangular bat jokatuko da. Senior mailan Euskal Herriko talde onenak etorriko dira: Real Sociedad eta Athletic Club. Horiekin batera, Debagoieneko selekzioa arituko da, Bergara, Aloñamendi, Mondra eta Arizmendi senior taldeetako neskek osatutakoa.
Abenduaren 30ean jokatuko dira alebin, infantil eta kadeteen txapelketak. Numeroak begiratuz gero ere, ikusgarriak dira; guztira 32 talde, 300 neska baino gehiago eta 50 partidu jokatuko dira. Goizeko 9etan hasi eta arratsaldeko zazpiak arte ez da etenik izango Ibarra futbol zelaian. Seniorrak, berriz, abenduaren 31n arituko dira.
Txapelketa, festa eta aldarrikapena
Emakumeen kirolaren aldeko festa izateaz gain, aldarrikapenerako aproposa ere badela adierazi dute sustatzaileek. Emakumeen kirola hedatzeko eta balioan jartzeko aukera paregabea. Hala, Urtzi Amianok esan du egiteko asko badago ere, "azken urteetan aurrera pausoak handiak izan dira eta eskerrak eman behar dizkiegu Aretxabaletako Udalari, beti laguntzeko prest agertu delako, eta baita Realari ere, orain hamaika urte hasi ginenetik ez duelako urteroko hitzorduari inoiz hutsik egin". Era berean, Amianok adierazi du gero eta zailagoa dela txapelketa antolatzea, "izan ere, zorionez, gero eta gehiago dira Gipuzkoan eta Bizkaian antolatzen diren antzerako txapelketak".
Aretxabaleta ezagutzera emateko aukera bat
Aretxabaletako Udaleko ordezkari Nerea Etxabek, berriz, txapelketak duen oihartzuna hartu du aintzat. Esan duenez, "egun horietan Gipuzkoa osotik eta Bizkaiko leku askotatik jende asko etortzen da Aretxabaletara eta herria ezagutzeko aukera paregabea izango dute". Hain justu ere, besteak beste, Lazkao, Azpeitia, Azkoitia, Mutriku, Eibar, Donostia eta Bilbotik gerturatuko dira abenduaren 30 eta 31n Aretxabaletara.
Aurkezpenaren argazkiak: https://www.flickr.com/photos/tulankide/with/23683195421/

