Irakurriena
- 1. Berdintasuna, MONDRAGONeko kooperatiben izatean
- 2. C'Mon Guys, BKI BOX eta NCLIC Shakespeare txapeldun FLL Euskadi-MONDRAGONen
- 3. Laboral Kutxak 305 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2025ean
- 4. Mondragon Assemblyk ATP erosi du, packaging sektorean hazteko
- 5. Orbik Cybersecurity, Pedro Sanchezekin batera joan da Indiara, AI Impact Summit 2026era
- 6. MONDRAGONen Berdintasun Jardunaldiak aldaketa kulturala sustatuko duten lidergoak lantzeko deia egin du
Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak Mondragon Unibertsitatea bisitatu du
Hitzorduan, Ahaldun nagusiak ondoan izan du Felix Urkola, Diputatu Nagusiaren kabineteko burua; eta beraiekin bildu dira Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea; Jon Altuna, Mondragon Unibertsitateko errektoreordea akademikoa; Nagore Ipiña, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa eta Xabi Igoa, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko zuzendaria.
Eskoriatzako campusean egin diote Mondragon Unibertsitateko ordezkariek ongi etorria Ahaldun nagusiari. Bertan, Eider Mendozak aukera izan du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea hobeto ezagutzeko, hezkuntza eredu berritzailearen gaineko azalpenak jasotzeko eta campusa bertatik bertara ikusteko. Besteren artean, bisitatu dute Dorleta eraikin berritua eta bertan kokatuta dagoen Hezkuntza Berrikuntzarako KoLaborategia.
Behin Eskoriatzako campusa ezagututa, Aretxabaletara joan da taldea. Bertan, Ahaldun Nagusiak Komunikazioa ardatz duen campusa ezagutu du eta esku-artean dituzten egitasmoen berri jaso du. Fakultateko ordezkariek IdeiEnea egitasmoa aurkeztu diete; proiektu anbiziotsua, bi helburu nagusi dituena: batetik, komunikazioaren euskal ekosisteman esperimentazioa eta berrikuntza sustatzea, besteak beste, horretarako ekintzaileentzako bidelaguntza eskainiz, eta bestetik, erakundeei komunikazioaren alorrean puntako talentua, ezagutza eta aholkularitza eskaintzea. Finean, ekosistemako eragileen artean lankidetzarako aukerak sortu nahi dira IdeiEnean, gizartean eragina areagotzeko.
Horretarako, Mondragon Unibertsitateak asmoa du, Aretxabaletako campusaren eraikinaren ondoan atxikitako espazio berri bat eraikitzeko. IdeiEnea aurreratuta dagoen proiektua da eta laster dira hastekoak eraikuntza-lanak.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak hiru campus ditu. Eskoriatzakoan, batez ere hezkuntza eta kooperatibismoarekin lotutako gaiak jorratzen dituzte. Aretxabaletan, ostera, komunikazioarekin lotutako jakintza lantzen dute. Azkenik, Bilbao AS Fabriken, humanitate eta hezkuntza arloak lantzen dituzte.