Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
Batz eta Ikerlan elkarrekin, proiektu berritzailea garatzen Volvo-rentzat
Merkatuko autorik seguruenak Batzek eta Ikerlanek garatutako euskal teknologia ibilgailu baten sistemarik kritikoenetako batean txertatzeko zorian daude: balaztatze-sisteman. Izan ere, Bizkaiko kooperatibak eta Ikerlan zentro teknologikoak elkarrekin garatu dute VOLVOrentzat balazta-pedalarentzako sentsore osagarri bat, sendotasuna eta fidagarritasuna emango dituena.
Automobilgintzaren sektoreko munduko liderretako batentzat egindako transferentzia teknologikoko proiektu horri esker, bi euskal enpresek jauzi kualitatiboa egin ahal izango dute automobilgintzaren sektorean, eta automobilgintzaren nazioarteko merkatuan duten posizioa indartu ahal izango dute, sistema elektroniko fidagarrien hornitzaile gisa.
Batzek eta Ikerlanek kalitate- eta segurtasun-estandar zorrotzak gainditu dituzte; izan ere, fabrikatzaile suediarrak eskakizun espezifiko oso zorrotzak ezarri zituen proiekturako
Garrantzi handiko mugarria da Batzentzat eta Ikerlanentzat. Bi konpainiak lau urtez aritu dira elkarlanean pedalarentzako osagai gehigarri hori garatzen, gidariaren balaztatze-eskariari buruzko informazioa modu zehatz eta seguruan transmititzen duten sentsoreez hornituta. Kontzeptualizatzeko, Batzek eta Ikerlanek kalitate- eta segurtasun-estandar zorrotzak gainditu dituzte; izan ere, fabrikatzaile suediarrak eskakizun espezifiko oso zorrotzak ezarri zituen proiekturako hainbat mailatan –sendotasuna, integrazioa eta kontsumoa–, sektorean indarrean dauden araudien osagarri.
Iosu Gabilondo Ikerlaneko Adimen Banatu eta Konektatuaren arloko arduradunak azaldu duenez, "sistemaren iraunkortasuna bermatu behar izan dugu, ibilgailu baten bizi-zikloaren 15 edo 20 urteetan martxan egoteko gai izan behar baitu". Beste erronketako bat izan da "garapen berria integratzea VOLVO ibilgailuetan txertatutako gainerako sistema elektroniko eta mekanikoekin, sistema magnetiko bat egokituz eta haren sendotasuna eta immunitatea ziurtatuz. Gainera, Suediako konpainia oso zorrotza izan zen Batzek eta Ikerlanek garatutako sistemaren elektronikako kontsumo-baldintzak ezarri zituenean, enpresak markatutako kalitate-estandar altuez gain” azaldu du Gabilondok.
Ibilgailuen digitalizazioa eta automatizazioa gero eta handiagoa da, eta horrek elementu mekanikoak pixkanaka elementu elektronikoekin ordeztea dakar. Tradizionalki, ibilgailu baten pedalek logika mekanikoei erantzun izan diete. Materialetan eta segurtasun-baldintzetan hainbat bilakaera izan dituzte, eta, une honetan, autoaren gainerako sistemekiko konektibitatearen erronkari aurre egin behar diote. Batzetik, Egoitz Anzola Bizkaiko kooperatibako Ingeniaritza zuzendariak azaldu duenez, “urrats berri honek gure bezeroei egungo balazta-pedaletan irtenbide integralak eskaintzen lagunduko digu, baina baita etorkizuneko balazta elektronikoen garapenean eta fabrikazioan ere. Horrela, brake by wire gidatzearen bilakaera naturalari erantzuten dio Batzek, eta sentsorizazioari eta azken balaztatze-sistemari dagokienez, segurtasun funtzional maximoa bermatzen du.
MONDRAGONeko bi kooperatibak bat datoz esatean VOLVOren ibilgailuen balazta-gailuetan sentsoreak jartzea funtsezko mugarria dela ehuneko ehun elektronikoa den balazta-pedal bat garatzeko bidean, eta hori, era berean, urrats handia dela auto baten sistema kritikoenetako bat digitalizatzeko bidean.
2023an, transferentzia teknologikoko proiektuengatik zentroak izandako diru-sarrerak % 15 baino gehiago igo ziren, eta fakturazio osoaren % 54,2 izan ziren. Garraioa eta mugikortasuna izan ziren jarduera-sektore nagusietako bat, zehazki, IKERLANek aurreko ekitaldian egindako transferentzia-proiektuen % 39.
IKERLANi buruz
IKERLAN zentro aitzindaria da teknologia-transferentzian eta lehiakortasun-balioak industriari egiten dion ekarpenean. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo handitan arlo teknologiko desberdinak konbinatuz: teknologia digitalak eta adimen artifiziala, sistema elektroniko txertatuak eta zibersegurtasuna, eta teknologia mekatronikoak eta energiaren esparrukoak. Gaur egun, 420 lagunek osatutako taldea du, eta egoitzak Arrasaten, Donostian eta Bilbon. MONDRAGON Korporazioko eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den kooperatiba gisa, IKERLAN enpresa-eredu jasangarria, lehiakorra eta etengabe aldatzen ari dena da. 2024an, IKERLANek 50 urte betetzen ditu, eta bere sorrerako helburuari eutsi dio: inguruko enpresen berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzeko teknologia garatzea.
BATZi buruz
BATZ automobilgintzaren sektorerako produktu eta zerbitzuen mundu mailako hornitzailea da. 1963an sortu zen, eta Igorren (Bizkaia) du egoitza. MONDRAGONen parte da, munduko kooperatiba talde handienetako bat. BATZen konpromisoa eta bezeroarenganako orientazioa funtsezkoak izan dira gaur egun industria-talde sendoa izateko: 1300 pertsona baino gehiago eta taldearen 240 milioiko fakturazioa. Enpresak berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egin du iraunkortasunaren erronkei aurre egiteko tresna gisa. Eta ikuspegi horrek, pertsonetan eta irtenbide berritzaileen bilaketan zentratuta, BATZ bere sektorean erreferente gisa finkatzea ahalbidetu du.