Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
"Basoa ikasgela bilakatu dugu"
Eskandinaviako ikasleen %25 horrelako eskoletan daude matrikulatuta. Alemanian ere ikastola asko daude naturan, 2.000tik gora, eta Britania Handian eredu hibridoaren alde egin dute, aldiro ikasgela bilakatuz natur-gunea. Hori da Arizmendi Ikastolaren eredutik gertuen dagoena eta Almen gunean praktikan jarri dutena. Katia Hueso, biologo eta idazle madrildarraren hitzetan “naturarekin kontaktu zuzena, ohikoa eta iraunkorra” sustatu behar da ikasleen artean, natur-gunea ikasgela bilakatuz. Hori da, hain justu ere, Arizmendi Ikastolak Almen guneko Torrebaso izeneko basoan egin duena, “basoa ikasgela bilakatu”. Maider Herce, Mireia Baz eta Xabier Antxia irakasleekin egin dugu hitzordua, Torrebason bertan; han estreinatzen ari diren ikasgela bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko. Pozik daude, ilusioz beteta.
Xabier Antxia, Maider Herce eta Mireia Baz, basoan eraikitako egurrezko balkoi dotorean.
Eskandinaviako ikasleen %25 horrelako eskoletan daude matrikulatuta. Alemanian ere ikastola asko daude naturan, 2.000tik gora, eta Britania Handian eredu hibridoaren alde egin dute, aldiro ikasgela bilakatuz natur-gunea
“Orain bi urte, ikasturtearen lehenengo egunean guraso bat etorri zitzaigun eta esan zigun espazioa altxor izugarria zela. Jon Pagaldai da gurasoa eta benetako ‘artista’. Hark esan zigun gunea egokitzeko prest zegoela. Urteak garamatzan espazioari begira. Naturak sekulako garrantzia duela jakin badakigu baina beti zegoen lokatzez beteta, eta urruti…”. Horrela sortu zen txinparta. Almen gunean taldetxo bat sortu zuten, ideia zuzendaritzara eraman eta lanean hasi ziren. “Lokatza estali, eskailerak egin, irisgarri bilakatu, espazio ezberdinak sortu. Lan guztia auzolanean burutu genuen, birziklatutako materialarekin eta sekulako borondateaz”, diote sustatzaileek. Gaur Torrebaso ikasgela dotore bilakatu da. Birziklatutako materialarekin eta borondate handiz egindakoa. Oso txukun geratu da.
Lau gune espazio zabalean
Torrebasok lau gune ditu (lurra, ura, sua eta airea) eta ez da soilik jolasteko espazio bat. “Bizipenen bitartez ikasteko aukera eskaini nahi diegu ikasleei, hala irakasle guztiok Ekogunekoen laguntzarekin formazioa jasotzen ari gara, sare bat sortu da Gipuzkoako baso-eskolekin eta bertan sartu gara gu ere, eta gaur gure ikasleak dira prozesu horren onuradun nagusiak”.
Auzolanean eginiko prozesua
Auzolanak garrantzi handia izan du espazioaren sorkuntzan. 2022-2023 ikasturtean hasi ziren; guraso, irakasle eta ikasle talde handia lanean. Eta basozaina ere batu zen proiektura, buru-belarri inplikatuta gainera, Fermin Lezeta. “Guretzat pertsona horien guztien inplikazioa sekulakoa izan da, opari izugarria”. Eta dagoeneko ikasgelak hartu du erritmoa. Astearteetan lehenengo mailakoek goiz osoa egiten dute bertan. Bigarren mailakoak asteazkenetan, hirugarren mailakoak ostegunetan eta laugarren mailakoak ostiraletan. “Naturak gure bizitzan duen garrantzia izugarria da, eta espazio hau erabat lerrokatuta dago gure metodologia eta konfiantzaren pedagogiarekin”.
Arlo pedagogikoa
Naturan Hezten programa Haur Hezkuntzan (Basabeazpin, Jose Aranan eta Arrasaten) eta Almenen lehenengo mailatik laugarren mailara burutzen ari dira uneotan. Pertsona ereduari proiektuak nola erantzuten dion aztertzen ari dira eta 2023-2024 ikasturtean beste formazio sakonago bat abiatuko dute. “Gure pertsona ereduarekin sekulako lotura du eta gainera joera da gizarte mailan. Badago behar bat, konpartitua. 2023-2024 ikasturterako formazio oso sakona dugu irakasleok. Kataluniako irakasle batekin egingo duguna; Maria Castellanarekin.Marko pedagokikoarekin, pertsona ereduarekin, bete-betean lerrokatuta dago proiektua. Begirada aldaketa bat da. Ez da soilik espazio bat”, azpimarratu nahi izan dute hiru irakasleek.
Naturan Hezten programa Haur Hezkuntzan (Basabeazpin, Jose Aranan eta Arrasaten) eta Almenen lehenengo mailatik laugarren mailara burutzen ari dira uneotan
Ikasleen esperientzia
Goizean, 9:20ak aldera gelatik atera eta aldagelara joaten dira, jantzi egokiak janzten dituzte eguraldiaren arabera eta natura espaziora gerturatzen dira. Sarreran basoari baimena eskatzen diote, errespetuz hitz magikoak esan eta barneratzen dira. Hala, talde bakoitza lau elkarguneetan zehar banatzen da eta eguneko dinamika azaltzen zaie. Dinamikaren ondoren hamaiketakoa egiten dute eta jarraian jolas eremu batera joaten dira, eta bertan jolas askeak egiten dituzte. “Haurrak erabakitzen du zeinekin eta zenbat denbora jolastuko duen. Guretzat behaketa aktiboa da. Jolasen bitartez haurrek gauza asko esaten baitute”.
Torrebason askotariko fauna eta flora aurkitu daiteke: basurdeak, orkatzak, oiloak, untxiak, askotariko xomorroak, askotariko landareak... Jakintza partekatua da eta guztiok elkarrekin ikasten dute. Baita euskalkiaren erabilera, toponimia, “asko dira landu daitezkeen arloak”
Torrebason askotariko fauna eta flora aurkitu daiteke: basurdeak, orkatzak, oiloak, untxiak, askotariko xomorroak, askotariko landareak... Jakintza partekatua da eta guztiok elkarrekin ikasten dute. Baita euskalkiaren erabilera, toponimia, “asko dira landu daitezkeen arloak”. Arizmendi Ikastolak hezi nahi duen pertsona ereduarekin bat dator espazioa. Euskalduna (euskalkia lantzeko aukera), eraldatzailea (eraldatzen etengabe) erabakitzaile-ekintzailea eta kooperatiboa sustatzen baitu Torrebasok.
Protagonistak izenburu bila
Maider Herce (Arizmendi Ikastolako irakaslea): “Ezagutzen duzun hori maitatzen duzu. Basora beste modu baten nator orain eta irakasle moduan asko ikasi dugu guk ere. Bizi, maitatu, parte sentitu”
Mireia Baz (Arizmendi Ikastolako irakaslea): “Begirada aldaketa izugarria da. Ikuspegi olistikoari ematen diot garrantzia nik eta familiak ere oso pozik daude proiektuarekin. Nonbait eragin dugu”.
Xabier Antxia (Arizmendi Ikastolako irakaslea): “Gizartea jasotzera dago ohituta eta espazio honek erakutsi digu eman gabe ez dagoela jasotzerik. Konturatu gara asko ari garela jasotzen baina erronka ematea da. Gizarteari hori falta zaio”.