Irakurriena
- 1. LagunAroren Batzar Nagusia: 2025 ekitaldi bikaina; 2026 zalantzati hasi da testuinguru ekonomikoan
- 2. 24. Korrika MONDRAGONen
- 3. Bost hamarkada hezkuntzaren abangoardian
- 4. Enpresen lehiakortasun globalean Txinak duen eragina, MONDRAGONen Pertsonen Kudeaketarako XVI. Foroaren ardatza
- 5. BATZek WEC enpresa aeroespazialaren %60a erostea onartu du Ezohiko Batzarrean
- 6. Ategi, 2026ko Gipuzkoako Zerbitzu Enpresa gisa aitortua
Aretxabaletako kiroldegira bideratuko da Fagor Ederlanen soberakin termikoa
Fagorrek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aretxabaletako Udalak lankidetza hitzarmen aintzindaria sinatu dute, industria prozesuetan sortutako hondar beroaren energia aprobetxamendurako sistema berritzaile bat garatzeko. Fagor Ederlan kooperatibaren egoitza nagusian sinatu dute akordioa Amaia Agirre Fagor Taldeko idazkari nagusiak, Jon Zuazo Fagor Ederlanen zuzendari nagusiak, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatuak eta Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkateak.
Ekimen honi esker, Fagor Ederlanen Aretxabaletako plantako soberakin termikoa Ibarra udal kiroldegiraino bideratuko ahalko da, hiriko bero sare baten bidez. Helburua da kooperatibaren galdaketa prozesuan sortzen den soberako beroa berrerabiltzea eta kiroldegia energia termikoz hornitzea. Proiektuak, beraz, hiru jarduera nagusi ditu, eta 1,7 milioi euroko inbertsio globala aurreikusten du:
- Fagor Ederlaneko instalazioetan beroa berreskuratzeko sistemak sartzea, 912.000 euroko inbertsioa bere gain hartuta.
- Bero sare bat instalatzea, industria planta eta kiroldegia lotuko dituena. Gipuzkoako Foru Aldundiak Finantziatuko du, 700.000 euroko kostuarekin.
- Aretxabaletako kiroldegiko azpiestazio termikoa egokitzea. Aretxabaletako Udalak finantzatuko du, 85.000 euroko aurrekontuarekin.

Herritarrentzako onura zuzena
Sinatzaileek elkarlanaren, proiektu publiko-pribatuen garrantzia eta herritarrei ekarriko dien hurbileko onura zuzena azpimarratu dute. Amaia Agirrek azaldu duenez, Fagor Taldeak bere ekarpena egin gura du Debagoienak jasangarritasunerantz egin behar duen bidean: “Zentzu horretan, aldaketa klimatikoa eragiten duten berotegi efektuko gasak murriztea da erronka nagusietako bat”.
Jon Zuazok ere bat egin du Agirrerekin, eta nabarmendu du hitzarmen hau Fagor Ederlanen jasangarritasun estrategiarekin bat datorrela erabat: “Gure ekoizpen plantan sortutako bero soberakina aprobetxatzeak udal kiroldegian gas naturalaren kontsumoa nabarmen gutxitzea ahalbidetuko du, eta, ondorioz, CO2 emisioak nabarmen murriztuko dira”. Era berean, aldarrikatu du, proiektuarekin, indartu egiten dela kooperatibak eraldaketa sozialarekin duen konpromisoa: “Komunitatearekin lankidetzan aritzeko dugun bokazioa sendotu du hitzarmen honek”.
Sistema osoa instalatzeko lanak iraileak hasiko dituzte, eta espero dute datorren urtean martxan izatea proiektua.