TUlankide MONDRAGON

“Koronabirusak zer aldatu duen? Zoritxarrez, kultur sortzaileok ziurgabetasunean bizi gara”

2020/06/10

Eñaut Elorrieta Larruzea (Gernika, 1975) kantagile eta abeslaria.
“Koronabirusak zer aldatu duen? Zoritxarrez, kultur sortzaileok ziurgabetasunean bizi gara”

Ken 7 taldeko kide ohia eta bakarka ere hamaika proiektutan burubelarri ari dena. Getarian (Gipuzkoa) egin dugu hitzordua Eñautekin. Koronabirus eta konfinamendu garaiak, euskal kultura, euskara eta sorkuntza mahai gainan jarri ditugu, kafearekin batera dastatzeko. 

Ezer baino lehen, atzera begiratuz gero, nola bizi izan duzu Covid-19ak eragindako krisia?

Getarian bizi naiz, 44 urte ditut, eta ez dut gertuko inor galdu azken asteetan. Horrek badakit erabat eragiten duela nire ikuspegian.

Erantzunak baino galdera gehiago eragin dizkit guzti honek. Eta oraindik gertatutakoarekin burua eta tripak nahastu xamar dauzkat. Gaur esaten dudana zalantza eta kontu askorekin diot.

Shock egoeran jarri gaituzte. Beldurraren bidez gobernatu nahi izan gaituzte, bakanduta, ia ez gara ezer kritikatzeko gai izan

Joko eremutik hasita, estatuetako agintariak orokorrean afera honetan titere hutsak izan direla iruditzen zait. Estatu askok baino diru gehiago duten empresa eta markak daude egun. Eta munduaren eta norbanakoon kontrola izateko hainbat gerra basati ikusten ditut bizi-bizirik.  Adibidez gaur arte dena gobernatu duten familia boteredunen, eta teknologia berriei esker boterea azkar hartzen ari direnen artekoa. Bestetik Txina eta EEBBak ere aurrez aurre daude azken urteetan, Errusia isilka ari da, eta Europa erabat banatuta dago…

Egoera honetan azaltzen da izurri hau eta beren mesedetan erabiltzen saiatzen ari dira denak. Eta une batean ere ez dugu izan epaile neutralik, Munduko Osasun Erakundea ere ez dela fidatzekoa ikusi da eta.

Shock egoeran jarri gaituzte. Beldurraren bidez gobernatu nahi izan gaituzte, bakanduta, ia ez gara ezer kritikatzeko gai izan, eta edozein agindu eta eskabide txintik esan gabe irensteko egoera sortu dute. Izuarekin gabeziak estaltzen dira, galderak ekidin, oposizioa ezereztu eta ilargiari begiratu beharrean, ilargia seinalatzen duen behatzari begira egon gara gehienean. Zientzia fikziozko pelikula batean sentitu naiz, eta laborategi bateko arratoia ere bai sarritan.

Aldi berean, bazegoen gizarte moduan batzen gintuen borroka edo erronka bat ezta?

horrek bazeukan ederretik ere. Sentimendu kontrajarriak izan ditut eta gorabehera emozional asko. Interesgarriena guzti hau aukera bezala ikustea dela uste dut. Zerk ekarri gaitu hona? Zer egin genezake mundu jasangarriago baten alde? Berreraikitzeko baino deseraikitzeko garaiak izan beharko liratekeela sentitzen dut, baina betikora itzultzeko joera indar haundiz nabaritzen dut, eta ez nago oso baikor.

Aurretik ahul zeuden oinarriak erori dira lehenak eta erakutsi digu zer ez dagoen sendo.

Eta gizarteari begiratuta, zer ikusi duzu?

Shock kolektibo baten ondoren, eskizofrenia kolektibo batean gaude. Mezu kontrajarriak bidaltzen dizkigute etengabe…anulatu, zoratu, menderatu eta frustratu egin nahi gaituzte? Guzti honetatik erdi sano ateratzea ez da gutxi izango. Egunak pasa ahala, ahokoa janzten dugunean, ez al da egiten gero eta surrealistakoa egoera?

Konfinamendutik ikasgai positiborik aterako zenuen.

Ispiluaren aurrean jarri gaitu norbanako eta gizarte moduan. Bertute eta lotsak agerian utzi dizkigu. Aurretik ahul zeuden oinarriak erori dira lehenak eta erakutsi digu zer ez dagoen sendo. Aukera bat dugu orain guzti hori aztertzeko. Bizitza erritmoa ere geldotu digu. Zer da zinez garrantzitsua, zer behar dut bizitzeko bezalako galderak ere egin dizkiogu gure buruari.

Mundua gu gabe ere badela ikusi dugu, eta espezie bezala ze ahulak garen eta ez garela betirakoak sentitu dugu. Norbere heriotzarekin aurrez aurre jarri gaitu. Gordinetik eta dramatik asko izan du, baina ederretik ere bai.

Izan ditut publikorik gabeko esperientziak eta sexu birtualaren antzekoak izan dira.

Eta zerk jarri zaitu urduri, haserre, ziurgabetasunean galduta?

Onartu dena baino ezjakintasun handiagoa dagoela uste dut oraindik ere guzti honetan. Egoera berria izan da guztiontzat, eta inorentzat ez da erreza izan hau kudeatzea. Baina herria gobernatzeko modua oso autoritarioa izan da. Eta gero arduratsuak izateko eskatzen digute? Horrela ezinezkoa da, hori landu egin behar da.

Gure baitako polizi eta juezak ere aktibatu ditugu, eta egoera oso patetikoak bizi izan ditugu. Koronabirusaren krisia azkarregi eta haundituta ez al genuen erosi? Ez dakit, baina ikuspegi alternatiboak isilarazi dira, ikuspegi zientifiko eta mediko bakarra inposatuaz.

Zaurgarrienek pairatu dute hau gehien dudarik gabe. Hasi beharko gara galdetzen nola iritsi garen hau bizitzera, ze ondorio izan dituen kudeaketa honek, zer gertatu den zahar-etxeetan, haurrek merezi al zuten horrela tratatuak izatea, azken urteotan oinarrizko sektoreetan izan diren murrizketek, adibidez osasungintzan, nola eragin duten…

Bestalde, herri ikuspegitik, krisi hau hain kontu garrantzitsua izanda, euskaldunok ez gara gai izan ezer kudeatzeko bertatik bertara. Ez al gara noiz baino espainolago eta frantsezago izan? Eta hori nahi al dugu?

Kultura sortzaileen greba bat ere bizi izan duzue.

Kulturak herria egiten du eta herri batek bere sortzaileak eta kultura ondo zaindu behar lituzke. Kultura herri baten zutabe ezinbestekoa delako. Tamalez Euskal Herrian ez dago herri bezala estrategia kulturalik epe ertain eta luzera, oso laburrera egin izan dira gauzak . Kultur arloan gabiltzanok orokorrean modu prekarioan egiten dugu lan, eta euskaraz bada, are gehiago. Presazkoetatik haratago neurri eta erabaki sakonagoak behar ditugu. Arazoa ez da orain sortu, gabeziak atzetik datoz eta krisi honek nabarmendu baino ez ditu egin.

Kantu bat ere egin duzu, 'Harpide zilar bat', Itxaropenaz, etorkizunaz... Nolakoa irudikatzen duzu etorkizuna?

Aktibatzen eta antolatzen bagara izango dut soilik itxaropena

Zerutik ez zaigu ezer eroriko eta inork ez digu ezer oparituko. Gure bizimodu hau epe luzera bideragarria al da? ez al dugu bizimodu duin eta jasangarriago baten premia? Harbide zilar baten mezua aktibaziorako gonbite bat da. Aktibatzen eta antolatzen bagara izango dut soilik itxaropena.

Kulturaren, musikaren, musikarien... etorkizuna nolakoa izango da?

Ez badira neurriak hartzen, ez da ezer aldatuko. Deseskalatze honetan, jendetza biltzen den beste errealitate batzuekin alderatuta, baldintza zurrunagoak jarri zaizkio kulturari. Abioiak eta hondartzak beteta eta antzokiak itxita? Gauza inportanteetan arriskuak asumitzen dira. Beraz, zeharka, ez garela oso inportanteak esaten ari zaizkigu? Edo ez gatzaizkiela hainbeste interesatzen? Kulturak jende librea eta pentsamendu kritikoa bultzatzen dituelako agian?

Bote-prontoan, bihar etzi ez zarete eszenatokietara bueltatuko...

Oraingoz normaltasunez ez behintzat. Baina zoritxarrez, ziurgabetasunean bizitzera ohituta gaude kultur sortzaileok.

Asmatu beharko du musikarien kolektiboak alternatibaren bat.

Instituzioei neurriak eskatu behar dizkiegu eta gu hobeto antolatu behar gara.

Azken aldian telematikoak izan dira zuen emanaldiak, hori baina ez da jasangarria, edo?

Izan ditut publikorik gabeko esperientziak eta sexu birtualaren antzekoak izan dira. Ondo egon dira, baina entzuleekin interakzio zuzena ordezkaezina da.

Eguraldia
Larunbata 4 Min: 10
Max: 26
Igandea 5 Min: 14
Max: 28
Astelehena 6 Min: 14
Max: 20
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak