Enpresen lehiakortasun globalean Txinak duen eragina, MONDRAGONen Pertsonen Kudeaketarako XVI. Foroaren ardatza

Ia 200 lagun bildu ziren Donostian, gehienak Korporazioko kooperatibetako Petsonen arlokoak, lidergoari, talentuari eta lehiakortasunari buruz hausnartzeko, abiadura eta aldaketa azkarrak ezaugarri dituen enpresa testuinguru batean.
2026/03/16

Txinako industria-ekosistemaren lehiakortasun gero eta handiagoa mundu mailako enpresa-oreka berridazten ari da. Abiapuntu horrekin, MONDRAGONeko kooperatibetako Pertsonen arloko ia 200 arduradun —haien artean baita zuzendari nagusi zein Errektore Kontseiluetako presidenteak ere— bildu ziren ostiralean Donostian, Pertsonen Kudeaketarako XVI. Foroan.

Jardunaldiak aukera eman zuen aztertzeko nola ari den Txinako enpresa-ekosistemaren bilakaera lehiakortasun estandar berriak ezartzen berrikuntza-abiaduran, gaitasun industrialean edo merkatura orientatzeko moduan; eta, aldi berean, hausnartzeko zer ikasgai atera daitezkeen enpresetarako eta kooperatibagintzarako.

55150849435_5f44fd9650_c.jpg

Hiperlehiakortasunak markatutako testuinguru globala

Topaketaren hasieran Pello Rodriguezek, MONDRAGONeko presidenteak, egungo enpresa-eraldaketaren testuinguruan kokatu zuen arreta: aldaketa teknologikoen abiadura, presio lehiakorra eta eragile global berrien agerpena azpimarratu zituen.

Rodriguezek nabarmendu zuen Txina erreferente industrial eta teknologiko nagusietako bat bihurtu dela, abiaduran, berrikuntzan eta pentsatutakoa gauzatzeko gaitasunean gero eta estandar zorrotzagoak ezarriz.

«Testuinguru global berriaren hiperlehiakortasunak ispiluaren aurrean jartzen gaitu, eta galdetzera behartzen gaitu zer aldatu behar dugun lehiakorrak izaten jarraitzeko»
Pello Rodriguez, MONDRAGONen presidentea

Presidenteak, Asian gertatzen ari denari begiratzeak, nazioarteko industria-eszenatoki berria nola ari den konfiguratzen ulertzen laguntzen duela aipatu zuen.

Testuinguru horretan, adierazi zuen erakundeek beren kudeaketa-ereduak berrikusi eta talentuaren esparrua indartu behar dituztela. Ildo horretan, gogorarazi zuen Korporazioa hainbat ekimen sustatzen ari dela talentu gaztea erakartzeko —bereziki Mondragon Unibertsitatearekin lotutako ikasleen artean— eta nazioarteko proiekzioa indartzeko.

Rodriguezek azpimarratu zuen, gainera, gaur egungo testuinguru lehiakorra mehatxu gisa ez ezik aukera gisa ere ulertu behar dela, kooperatiben lehiakortasuna indartzeko aldaketa kultural eta antolakuntzakoak bultzatzeko.

Txinatik ikasitakoak

Hasierako hitzaldiaren ondoren, ahots kualifikatuak ekarri zituen solasaldi bat egin zen.  Bertan parte hartu zuten Oskar Goitia MONDRAGON Internacionaleko presidenteak eta MONDRAGONeko hiru presidenteordek: Nerea Arangurenek (Danobatgroup & MIA), Bixente Atxak (Ezagutza) eta Iñigo Laskurainek (Automozioa).

55149581632_b468aca96b_c.jpg

Iritzi truke horretan, Korporazioko eta hainbat kooperatibatako arduradunek Txinara egindako azken bisitaren ondorioak partekatu zituzten; bisita horrek aukera eman baitu herrialdeko enpresa-ekosistemaren dinamismoa bertatik bertara ezagutzeko.

Nabarmentzeko moduko alderdietako bat Txinako industria-ingurunearen hiperlehiakortasuna izan zen. Txinako enpresek kostu doituak, automatizazio maila handiak eta produktu berriak garatzeko eta merkaturatzeko abiadura aparta uztartzen dituzte.

«Industria-sektore askoren grabitate-zentroa Asiara mugitzen ari da»
Oskar Goitia, MONDRAGON Internacionalen presidentea

Parte-hartzaileek azpimarratu zuten Txinako enpresa askok gaitasun handia garatu dutela merkatuaren beharretatik zuzenean berritzeko, soluzioak oso azkar merkaturatuz eta bezeroen eskaeretara etengabe egokituz.

Ikuspegi horrek —fit to market izenez ezaguna denak— bereziki lehiakorra den ingurune batean malgutasunez eta azkartasunez erantzuteko aukera ematen du.

Bisitan arreta eman zuen beste elementu bat Txinako ekosistema industrial eta teknologikoaren sendotasuna izan zen: enpresak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta administrazio publikoak elkarlanean aritzen baitira berrikuntza garatzeko.

Horri gehitu behar zaio herrialdeak talentu teknikoa sortzeko duen gaitasun handia: urtero milioi bat ingeniari baino gehiago graduatzen dira, eta horrek ekosistema oso lehiakorra elikatzen du.

Solasaldian, halaber, egoera horrek Europako enpresentzat eta kooperatiba-ereduarentzat dituen ondorioak aztertu ziren.

«Talentua erakarriko duten eta gazteek beren potentziala garatzeko aukera emango duten proiektu erakargarriak sortu behar ditugu»
Nerea Aranguren, MONDRAGONeko presidenteordea (Danobatgroup & MIA)

Partekatutako ideien artean nabarmendu zen erabakiak hartzeko arintasuna handitu behar dela, arrisku handiagoak hartu eta berrikuntza gaitasuna indartu, eszenatoki global berrian lehiakorrak izaten jarraitzeko.

Kanpoko begiradak: beste esperientzietatik ikastea

Foroak, halaber, ingurune lehiakor horretan jarduten duten nazioarteko enpresen ikuspegia ere jaso zuen.

55150848585_14497af3ec_c.jpg

Javier Estebanek, Antolin Taldeko Pertsonen zuzendariak —Txinan presentzia handia duen konpainiak— azaldu zuen nola egokitu behar izan duten beren antolakuntza-eredua merkatu txinatarraren abiadurara. Horretarako, tokiko operazioen autonomia handitu dute, gobernantza-esparru argiekin uztartuta, adierazle, jarraipen eta erantzukizun mekanismoekin.

Bestalde, Aitziber Aretxagak, Haier Europe-ko Pertsonen zuzendariak —etxetresna elektrikoen fabrikatzaile txinatarra— konpainiaren antolakuntza-eredua aurkeztu zuen: egitura arinak, kontsumitzailea erdigunean jartzen dutenak eta autonomia handiko unitateak sustatzen dituztenak berrikuntza azkartzeko eta merkatuari azkar erantzuteko.

55150470881_8f294f3f6e_c.jpg

Jardunaldian Luis Huete IESEko irakasleak ere parte hartu zuen, eta azpimarratu zuen garrantzitsua dela erakundeak gai izatea aldaketa bizkorreko inguruneetara egokitzeko, gobernantza, kultura eta lidergoa indartuz.

Begirada altxatu, ekiteko

Foroaren itxiera Zigor Ezpeletak, MONDRAGONen Gestio Sozialeko zuzendariak, egin zuen. Azpimarratu zuen Txinari buruzko erreferentziak, batez ere, begirada altxatzeko eta enpresa-ingurunean gertatzen ari diren aldaketak perspektibaz aztertzeko aukera eman duela.

Ezpeletak gogorarazi zuen eraldaketa sakon asko ez direla berehala antzematen; pixkanaka gertatzen dira, eta horregatik funtsezkoa da aurrea hartzea eta joerak garaiz identifikatzea.

«Begirada altxatzea eta etorkizunari buruz pentsatzeko denbora hartzea gaur egun beharrezkoa da lehiakorrak izaten jarraitzeko»
Zigor Ezpeleta, MONDRAGONen Gestio Sozialeko zuzendaria

Bere hitzaldian azpimarratu zuen erakundeentzat erronka ez dela soilik joerak identifikatzea, baizik eta hausnarketa hori erabaki eta ekintza zehatzetan bihurtzea, kooperatiba proiektuaren lehiakortasuna indartzeko.

55150633848_098abc8f8b_c.jpg

Horretarako, etorkizunari errealismoz, exijentziaz, anbizioz, autokonfiantzaz eta ikasteko irekitasunez aurre egiteko beharra azpimarratu zuen, kooperatiba mugimenduaren historian funtsezkoak izan diren balioak, hain zuzen.

Ezpeletak ondorioztatu zuen Pertsonen Kudeaketarako Foroa bezalako espazioek aukera ematen dutela hausnarketa partekatua sustatzeko eta erakunde gisa eboluzionatzen jarraitzeko baldintzak sortzeko.

Mundu mailako testuinguru gero eta zorrotzago batean, halako topaketek laguntzen dute Korporazioaren erronka estrategiko nagusiak elkarrekin aztertzen eta pertsonen papera indartzen, kooperatiba proiektuaren lehiakortasunaren motor nagusietako bat horixe baita: Pertsonak.

ARGAZKI GEHIAGO