“Grazia egiten dit txikia nintzenean gurasoek mendira eramaten gintuztenean beti kexaka joaten ginela ahizpa eta biok”

Arrasate Udalatx Mendi Lasterketaren X. edizioa irabazi berri du Oihana Zubillaga 28 urteko korrikalari anoetarrak. Kirol kamiseta ezin kooperatiboagoaz irabazi gainera. Lana Domusa Teknik-eko kolore urdin eta laranjak defendatzen sartu zen Arrasateko Erdiko Kaleko helmugan; txalo artean, hunkituta eta oso pozik. Agian bere kirol ibilbideko garaipenik ederrena eskuratu zuen Carrodilla Cadestre gazte mailako munduko txapeldunaren eta Ainhoa Sanz urretxuarraren aurretik.
Card image cap
2026/04/10

Noiztik korrika?

Bederatzi urte izango dira hasi nintzela. 19 urterekin ekin nion eta ordutik ari naiz Euskal Herriko zein Europako lasterketetan. Iaz Skyrunning Munduko Kopan hamaikagarren sailkatu nintzen. Anastasia Rubtsova errusiarrak eskuratu zuen Munduko Kopa.

Txikitatik izan duzue mendia barru-barruan zuen etxean, ezta?

Hastapenak horiexek dira, bai. Gurasoekin, beti ibili izan gara asko, nire ahizpa eta ni neu. Gero, osabak ere parte-hartzen zuen lasterketetan eta hortik etorriko zait zaletasuna.

Arrasate Udalatxek hamargarrena egin du aurten, edizio berezian irabazle izatea handia da.

Nire lehenengo aldia zen lasterketa honetan. Egia esan, beti izan dut begi artean eta aurtengoa izan da lehena. Julen Elorza, antolakuntzako kidea nire laguna da eta askotan esaten zidan etortzeko. Merezi izan du, sekulako gozatua hartu dut eta garaipen ederra eskuratu dut. Oso pozik nago. 

Zerbaitek harritu zaitu?

Nahiz eta eguraldi oso onik egin ez, sekulako jendetza zegoen mendian, herriko kaleetan, nonahi giro bikaina aurkitu dut. Nabari zen edizio berezia zela.

Lehia ere dotorea izan duzue aurreneko hiru korrikalariek, ezta?

Sekulako maila zegoen eta ez nuen nire burua podiumean ikusten, baina lasterketa borobila atera da. Carrodilla Munduko Kopako txapelduna da, Ainhoa Sanz ere asko dabil eta sekulakoa izan zen lehia.

Noiztik Lana Domusa Teknik-en?

Hiru urte daramatzat taldean eta aurten, iaz bezala, Euskal Herriko lasterketa garrantzitsuenak eta Europako beste asko egingo ditut gure kamiseta defendatzen.

Kooperatibak dira, biak ere MONDRAGON Korporazioan daudenak. Ezagutzen duzu ekosistema kooperatiboa? Ezagutzen duzu MONDRAGON?

Ezer gutxi egia esan. Anoetan jaio eta bizi naiz, nire ikasketak osasun arlotik bideratu ditut, erizaina naiz Asuntzion Klinikan, Tolosan, eta ez dut industria eta mugimendu kooperatiboa gehiegi ezagutzen. Badakit Domusa Teknik eta Lana biak direla kooperatiba industrialak, biak gipuzkoarrak, eta kooperatibek badituztela beste eredu batzuekin alderatuta, lotura estuagoa eta konpromiso maila altuagoa gure herriarekin, kulturarekin, kirolarekin… baina ezer gutxi gehiago.

Oihana2.jpg

Kirol arloari dagokionez, aurtengo zure helburuak zeintzuk dira?

Skyrunning zirkuituan munduko hamar onenen artean sartzea gustatuko litzaidake eta Zegama Aizkorri maratoian iazko 23. postua hobetzea. Iaz hamaikagarren geratu nintzen Munduko Kopan, hamargarrenetik oso gertu. Eta aurten hamar aurrenekoen artean sartu nahi dut. La Palman hasiko dugu Munduko Kopa Acantilados del Norte izeneko lasterketan, apirilean Calamorro Skyrace lasterketan arituko naz, Malagan, eta ondoren etorriko dira Frantziako, Italiako eta Suitzako lasterketak.

“Hiru urte daramatzat taldean eta aurten, iaz bezala, Euskal Herriko lasterketa garrantzitsuenak eta Europako beste asko egingo ditut gure kamiseta defendatzen”

Korrika egiteaz gain, beste hamaika afizio izango dituzu, ala?

Eskiatzea dut gustuko, mendian aritzea eta naturarekin zerikusia duten afizioak ditut gogokoen. Itsasoa baino nahiago dut mendia.

Bazter bat, emozio bati lotzen zaituena, edo ikusgarria?

Collarada mendia, Villanuan, Huescako Pirinioetan. Izugarri gustatzen zait. Eta noski Anoeta inguruko mendiak ere asko maite ditut: Uzturre eta Loatzo mendiak, etxetik gertu. Asko ibili izan naiz.

Liburu bat?

La paradoja del chimpance asko gustatu zitzaidan. Steve Peters idazlearena. Norbere buruaren zaintza, hazkundea, konfiantza eta zoriontasuna ditu hizpide.

Zinea?

Ez naiz oso zalea. Telebista, serieak eta zinea, nire kasuan hutsaren hurrengoa.

Oroitzapen bat?

Grazia egiten dit txikia nintzenean gurasoek mendira eramaten gintuztenean beti kexaka joaten ginela ahizpa eta biok. Pentsa orain.

Erronka pertsonal, profesionalik?

Ekilibrioa lortzea bizitzako arlo guztietan, zoriontsu izan. Eta arlo profesionalean mendiari begira, abuztuan KIMA jokatuko dut Italian, 52-kmko ibilbide oso teknikoa duen lasterketa. Zorakeria hutsa, baina tira, motibatzen nau.

Azkena. Bizitzeko leku bat?

Momentuz, Anoeta.