Bost hamarkada hezkuntzaren abangoardian

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 50. urteurrena ospatu du Eskoriatzako campusean, lehendakariarekin batera. Mende erdi honetan 10.000 ikasle baino gehiago igaro dira bere ikasgeletatik, gizartea euskarazko hezkuntzaren, eredu kooperatiboaren eta berrikuntzaren bidez eraldatzeko helburuarekin.
2026/03/18

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) ekitaldi instituzional berezia egin du gaur, martxoak 18, Eskoriatzako campusean, bere 50. urteurrena ospatzeko. 1976an Irakasle Eskolan eta 39 ikasleren eskutik hasi zen bide hura, 50 urtean, 10.000 ikasle baino gehiagok egin dute ibilbide oparoan bilakatu da. Hezkuntzaren esparruan, kooperatibismoan, humanitateetan eta komunikazioan hezten eta ikertzen duen errealitate bat da HUHEZI, gaur.

Imanol Pradales, lehendakaria:"HUHEZIren sorreran hiru ardatz identifikatu ditzakegu: euskara, hezkuntza eta kooperatibismoa. Hiru ardatz gizarte aktibaziotik, autoexigentziatik, elkarlanetik eta berrikuntzatik gorpuztuak. Hiru ardatz gaurko herri izaera markatzen dutenak"

EKITALDIKO ARGAZKIAK

Ospakizunean, erakundeetako eta kooperatibetako ordezkaritza zabala bildu da. Bertan izan dira, besteak beste, Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria, Bixente Atxa (Mondragon Unibertsitatearen errektorea), Nagore Ipiña (fakultatearen dekanoa), Amaia Agirre (fakultatearen presidentea), Pello Rodriguez (MONDRAGON korporazioaren presidentea), Xabier Egibar (Mondragon Unibertsitatearen presidentea eta Laboral Kutxaren zuzendari nagusia), Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu, Eusko Legebiltzarrraren presidentea, eta Gipuzkoako diputatu nagusia.

55154997969_a48af92b01_c.jpg

Bixente Atxa errektoreak eta Nagore Ipiña dekanoak hartu dute hitza hasteko. 50 urteko ibilbideaz Atxak aipatu du, "hezkuntza eta gizartea eraldatzeko hasierako propositoak bizirik" harro begiratzen dutela atzera. "Herri proiektu ausarta izan zen", gaineratu du errektoreak. Ipiñak ere, bide beretik, HUHEZIren bilakera aipatu du, "irakasle euskalduna behar ziren garaian jaio ginen, herriari lotutako hezkuntza eta herriarekin lotura izateko bokazioarekin. Gaurdaino, humanitate digitalen garai hontaraino, berrasmatzeko eta eraldatzeko gaitasuna izan dugu eta bizizta osorako ikaskuntza sustatzen jarraitzen dugu... begirada kooperatiboa zainduz eta proiektu kolektiboa izaten jarraitzeko asmoz". Atxak bien arteko berriketa borobildu du: "Etorkizuna eraikitzen jarraitzeko ospakizuna da gaurkoa".

Ekitaldiaren itxieran, Imanol Pradales lehendakariak HUHEZIk mende erdi honetan euskal gizarteari egindako ekarpena eskertu du eta gaurkotasuneko erronkak mahai gaineratu: "Aurrerabideak gizabidezkoa izan behar du, bizi garen garaiotan argi eduki behar da hori. Aurrerabideak norabide gizatiarra behar du eta dauden gatazka anitzek irtenbide humano eta justuak behar dituzte. Unibertsitatearen ardura hor dago: galderak egin, izaera kritikoa sustatu eta ontzat ezer ez eman aldez aurretik. Humanismoa da kooperatibismoaren eskola. Gaur, indartsuenaren legea gailentzen dela dirudi eta argi humano eta humanista behar ditugu inoiz baino gehiago".

55155128895_470cac97d5_c.jpg

Hezkuntza-proiektua

1976an Eskoriatzako Irakasle Eskola gisa sortu zenetik (1980an kooperatiba bihurtuta), irabazi-asmorik gabeko erakunde honek euskal hezkuntza-sistemaren oinarriak finkatzen lagundu du. Gaur egun, Lanbideren datuen arabera, enplegagarritasun-tasa bikainak ditu: % 82 Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan, eta % 84 Ikus-entzunezko Komunikaziokoan. Gainera, prestakuntza DUALean aitzindaria da, 600 enpresa eta erakunde baino gehiagorekin lankidetzan arituz.

«Ez da etorkizuneko profesionalak prestatzen dituen espazio bat soilik; pertsonei euren ibilbide osoan laguntzen dien komunitate bat ere bada. Hemen, ezagutzak transmititzea baino gehiago da hezkuntza; pertsonak eta komunitateak eraikitzeko prozesua ere bada.» — Nagore Ipiña, Fakultateko dekanoa.

Izaera kooperatiboa eta etengabeko berrikuntza

Bere ibilbidean zehar, fakultateak euskal gizartearen beharrei erantzuteko proiektu estrategikoak garatu ditu:

  • LANKI (Kooperatibismoaren Ikertegia): duela 25 urte sortu zen, ekonomia sozial eta solidarioa eta autokudeaketa sustatzeko. Denbora honetan, 12.000 pertsonak baino gehiagok egin dituzte kooperatiba-ikasketak bertan.

  • Mendeberri proiektua: unibertsitatearen berezko hezkuntza-eredua, ikasleen garapen pertsonal, sozial eta profesional integrala bultzatzen duena.

  • IdeiEnea: Aretxabaletako campusean kokatutako berrikuntza-gunea, euskal komunikazio-ekosisteman esperimentazioa eta ekintzailetza bultzatzea helburu duena.

  • Online prestakuntza: 25 urte baino gehiagoko eskarmentuarekin, fakultatea aitzindaria da ikasketa digital eta erdipresentzialetan.

55154991629_5fabc1b4ea_c.jpg

Imanol Pradales, lehendakaria: "Egin dezagun bidea elkarrekin eta elkarlanean. Zorionak, bihotzez, mende erdi honetan HUHEZIren parte izan zareten guztioi".

55154988794_fee16a1086_c.jpg

55153854622_d7a6d5f62e_c.jpg

Fakultatea 2026an, zifratan

Gaur egun, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak presentzia sendoa du bere hiru campusetan (Eskoriatza, Aretxabaleta eta Bilbao AS Fabrik), eta bere jarduera etengabe hazten ari da:

  • Ikasleak: 1.482 ikasle graduetan, 242 masterretan eta 32 doktorego-ikasketetan.

  • Ikerketa: 80 ikerketa- eta transferentzia-proiektu baino gehiago martxan.

  • Sarea: 2.130 ikasle baino gehiago hezkuntzarekin lotutako proiektuetan inplikatuta.

EKITALDIKO ARGAZKIAK

Irakaskuntza unibertsitate zentroa

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea