Irakurriena
- 1. LagunAroren Batzar Nagusia: 2025 ekitaldi bikaina; 2026 zalantzati hasi da testuinguru ekonomikoan
- 2. 24. Korrika MONDRAGONen
- 3. Bost hamarkada hezkuntzaren abangoardian
- 4. Enpresen lehiakortasun globalean Txinak duen eragina, MONDRAGONen Pertsonen Kudeaketarako XVI. Foroaren ardatza
- 5. BATZek WEC enpresa aeroespazialaren %60a erostea onartu du Ezohiko Batzarrean
- 6. Ategi, 2026ko Gipuzkoako Zerbitzu Enpresa gisa aitortua
“Soroizen Goya saria eta Maspalomas proiektua gure narratiba Euskal Herritik kanpo ezagutarazteko aukera bikaina izan da”
Enpresa ikasketak egin eta Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazio graduan irakasle aritu ondoren, zuzendari eta gidoilari gisa finkatu du bere ibilbidea. Bere azken lanen artean, nabarmentzekoa da zuzendu berri duen Maspalomas proiektua, honi esker, Jose Ramon Soroizek Gizonezko Aktore Onenaren Goya saria eskuratu baitu.
Nola sortzen da ideia bat Moriartin? Sormena entrenatu daitekeela uste duzu edo berezko zerbait da?
Sormena entrenatu daitekeela uste dut, diziplina baten bidez ideiak garatzeko gaitasuna lantzen baita. Hala ere, badago berezkoa den zerbait, entrenatu ezin dena, mundua ikusteko era berezi bat. Alan Moore-ren tesia gustatzen zait: ideiak esfera kosmiko batean daude eta antena piztuta eduki behar da horiek harrapatzeko. Gure ustez, guk egiten duguna guri geuri gustatu behar zaigu lehenik. Zintzotasun horretatik sortu behar da, denbora asko pasako duzulako proiektu bakoitzarekin.
Nola kudeatzen dituzue desadostasunak eta nola iristen zarete proiektu baten fluxu narratibo perfektura?
Guretzat funtsezkoa da frontoi lanak egingo dituen norbait izatea, zintzotasunez “hau ez zait gustatzen” esango dizuna. Boxeolari jipoitu bat bezala sentitu zaitezke zure ideiak lurrean geratzen direnean, baina prozesuaren parte da. Rodajea hasi aurretik konklabeak egiten ditugu: paretan eszena guztiak jarri eta banan-banan irakurtzen ditugu. Ez da matematika, alkimia bat da; errepikakorrak diren gauzak kendu eta desertu horri zentzua ematea da helburua.
Gaur egun, algoritmoek fikzioaren norabidea markatzen dutela uste duzu? Nola eragiten dio horrek zuzendariaren eta gidoilariaren askatasunari?
Algoritmoek gizakiaren ikuspuntua lausotzen dute. Plataforma batzuek nitxo zehatzak betetzeko edukiak eskatzen dituzte, patroi oso markatuekin, eta zuzendaria exekutatzaile soil bihurtzen da. Netflixen helburua ikusleari lo orduak kentzea dela esan izan dute, eta horrek, zinemazale moduan, kezka sortzen dit. Kontziente naiz zabor asko egiten dela, baina ni optimista naiz eta pelikula baten aurrean ume bat bezala jartzen naiz oraindik.
Adimen artifiziala ere eztabaidan dago. Zure ustez, teknologia berri hauek sorkuntza artistikoa ordezkatu dezakete?
Ez naiz aditua, baina beldurra ematen didala esan daiteke. Hala ere, James Cameronek dioen bezala, teknologia (IA edo efektu bereziak) oso baliagarria da, baina arrakastaren epizentroan gizakia egon behar da. Avatar bezalako pelikula batek arrakasta badu, azpian gizakien mugimenduak eta sentsibilitatea daudelako da. Teknologia tresna bat da, baina arima gizakiak jarri behar du.
Zure ustez, ze garrantzia du zinemak eta narratibak euskal nortasuna eraikitzerako orduan?
Herri indartsu batek ekonomia on bat behar du, baina baita narratiba potente bat ere. Estatu Batuek edo Frantziak mundua kolonizatu dute beraien ideiekin zinemari esker. Guk euskal fokua gaur egungo istorioetan jarri behar dugu: Bilboko neska baten bizitza edo Maspalomasen bizi den euskaldun batena ere gure herria da. Euskal zinema osasun onarekin dago, baina kontziente izan behar dugu narratiba hori gure hari ikusezina dela eta herri moduan sustatu behar dugula.
Jose Ramon Soroizek bere ibilbideko lehen Goya saria irabazi du 75 urterekin, Vicenteri esker. Zerk egiten du Soroizen interpretazioa hain berezi eta saria merezitzeko moduko?
Jose Ramonek bihotz handia jarri dio proiektu honi eta hori ikusleak berehala nabaritzen du; egi asko dago bere interpretazioan. Bera den bezalakoa da, eta lanean ere kostatu egiten zaio bere izaera hori gordetzea: haserre dagoenean haserre dago, eta emozionatuta dagoenean emozio hori ere erreala da. Euskal Herrian bagenekien jada, aspaldi ikusi dugulako bere lana, baina pelikula honekin jende askok deskubritu du orain. Maspalomas-i sekulako ekarpena egin dio eta sari hau bera Euskal Herritik kanpo ezagutarazteko aukera bikaina izan da; oso pozik gaude.
Zuzendari gisa, zer sentitu zenuen Jose Ramon Soroizek Gizonezko Aktore Onenaren Goya saria jasoko zuela entzutean? Nola bizi izan zenuten une hori zuk eta lantalde osoak?
Hasieran urduritasuna sentitu nuen, eta gero lasaitasuna. Gala oso prebisible zijoan nire ustez, baina gure txanda iritsi zenean, urduri jarri nintzen. Gero, bera eszenatokian ikustea oso ederra izan zen. Hitzaldiaren % 80a euskaraz egin zuen, nahiz eta han zeuden gehiengoak ez zion ulertzen, eta horrela egin zuen aurrera; hori entzutea ere oso polita izan zen guretzat.
Nola eramango luke Moriartik Arrasateko kooperatiba esperientzia zinemara?
Proiektu horri heltzeko, taldetxo baten historia bilatu eta kontatuko nuke, ez pertsona bakar batena; horixe baita kooperatibismoaren muina. Baina istorio horrek bihotza izan behar du, ikuslea hunkitzeko eta mugitzeko gaitasuna, eta baita tentsio dramatikoa ere, narrazioak indarra izan dezan. Hori guztia zintzotasunetik eta gertutasunetik egin beharko litzateke, baina baita kritikotasunetik ere. Izan ere, kritikotasunik gabe propaganda egiteko arriskua dago, eta horrek soilik konbentzituta daudenengana iristea dakar. Pelikula on batek balio erantsi bat eskaini behar dio ikusleari. Azken finean, pelikula on batek ez luke ikuslea aurretik zegoen leku berean utzi behar.